Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuak gauzatzeko laguntza eskaini die Aldundiak tokiko erakundeei

Behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuak gauzatzeko laguntza eskaini die Aldundiak tokiko erakundeei

20/2021 Legeak aukera uzten du toki-erakundeek kudeaketa gomendioa egiteko foru erakundeari, eta bide hori jorratu nahi du Gipuzkoako Aldundiak.

2022/11/08
Eider Mendoza foru bozeramailea.

Eider Mendoza, foru bozeramailea.


Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du foru erakundearen eta lurraldeko tokiko erakundeen artean sinatzea proposatzen den hitzarmen eredua, azken hauei enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 legeak aurreikusten dituen egonkortze-prozesuekin laguntzeko. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, araudi honek aukera irekitzen du tokiko erakundeek Foru Aldundiari kudeaketa-gomendioa egiteko, prozesu hauek aurrera eramaten laguntzeko. “Honela, Gipuzkoako Foru Aldunditik eskua luzatzen diegu lurraldeko tokiko erakundeei eta laguntza eskaini, denon artean eta lankidetzan aritzeak eraginkorrago egiten baikaitu”, azaldu du foru arduradunak, gaineratuz azken asteetan hainbat topaketa egin direla lurraldeko tokiko erakundeen ordezkariekin, eta hauek adierazi duten beharrari erantzuten diela erabaki honek.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan gogoratu duenez, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko 20/2021 Legeak egonkortze-prozesu batzuk egitera behartzen ditu administrazio publiko guztiak, eta honek barne hartzen ditu Gipuzkoako toki-erakundeak ere  (udalak, mankomunitateak, partzoneriak…). “Toki Administrazioaren eremuan, egonkortze-prozesu horien garapena errazteko, lege horrek aurreikusten du toki-erakundeek beren kudeaketa materiala probintzietako diputazioen esku uzteko aukera, kudeaketa-gomendio bidez, dagoeneko argitaratuta dituzten lan-eskaintza publikoen arabera eta lege horretan jasotako aurreikuspenen babesean”, gaineratu du diputatuak.

          Gaur gaurkoz, egonkortze-prozesu hauek burutzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) lan-eskaintza publikoak argitaratu dituzten Gipuzkoako toki-erakunde kopurua honakoa da: 87 udaletatik -Donostia kanpo geratzen da- 71; 20 mankomunitatetik 9; eta hiru partzoneritatik bat. Guztira argitaratutako plaza kopurua 1.245 izan da, horietatik 1.060 merezimendu-lehiaketako sisteman, 153 oposizio-lehiaketa bidez eta 32 zehaztu gabe. Ondoriozko prozesuak 558 dira guztira, zeinetatik 447 merezimendu-lehiaketa bidez, 91 oposizio-lehiaketan eta 20 zehaztu gabe.

Gaur onartu den hitzarmen ereduan jasotzen denaren arabera, merezimendu-lehiaketako sistemaren bidezko egonkortze-prozesuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Epaimahai Kalifikatzaileari dagokion jarduera materiala eta teknikoa egitea hartuko du bere gain. Toki-erakundearen titulartasun juridikoa ez da transferitzen, ezta haren eskumenak baliatzen ere. Beraz, erakunde gomendio-emaileak (kasu honetan, tokiko erakundeak) eutsiko dio gomendioaren xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak emateko eskumenari, agindutako jarduera materiala gauzatu aurretik zein ondoren. Gainera, egonkortze-prozesuen kudeaketa errazteko eta eraginkorrago izateko, IZFEk aplikazio bat jarriko du toki-erakundeen esku, prozesu honetan laguntzeko. “Elkarlanean aritzeak prozesu hau guztia arindu eta errazten du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere esku dituen baliabide guztiak jarriko ditu horretarako”, borobildu du Mendozak.

  

3991