Beraunen "nabarmen" hobetuko da bizi-kalitatea, GI-20 errepideko zarataren aurkako pantailei esker
Beraunen "nabarmen" hobetuko da bizi-kalitatea, GI-20 errepideko zarataren aurkako pantailei esker
Aldundia Bidegiren bidez, Errenteriako auzo honetan egiten ari den lan hau Zarataren Aurkako Ekintza Planaren barruan kokatzen da. Lurralde osoa hartzen du egitasmoak, eta zarata-maila handia jasaten duten 10.000 herritar baino gehiagorengana iritsiko da, bere hedadura osoan.
GI-20 errepidean, Errenteriako Beraun auzoaren parean, pantaila akustikoak instalatzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Egituraren zapatak eta euskarriak instalatzen ari dira aste hauetan, eta jarduera osoa aurtengo udaberrirako amaitzea aurreikusten da. Datorren maiatzerako, hain justu, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak aurreratu duenez; gaur goizean Aizpea Otaegi alkatearekin batera, lanetara egin duen bisitan. Esku-hartze horren garrantzi berezia azpimarratuz, eragin bereziko eremua dela azaldu du diputatuak. 4.000 pertsona inguru bizi dira bertan, eta, behin esku-hartzea amaituta, “nabarmen” hobetuko da haien bizi-kalitatea. Horrela, egitura fonoxurgatzaile horiek Elgoibar eta Tolosako hainbat tokitan azken hilabeteetan jarri diren egiturei gehituko zaizkie, eta, datozen hilabeteetan Zarautzen, Beasainen eta, inguru horretan bertan, AP-8 eta GI-20 errepideen arteko lotunean (Errenteria eta Oiartzun artean) instalatuko direnekin jarraituko da plana osatzen.
Gipuzkoako Foru Aldundia, Bide Azpiegituretako Departamentuaren bitartez garatzen ari den Zarataren Aurkako Ekintza Plana da abiapuntua, lurraldeko beste errepide eta autobideetako hainbat tokitan bezala. Izan ere, Oiarbidek zuzentzen duen departamenduak arreta berezia eskaintzen dio ekimen horri, milaka gipuzkoarren egunerokoan duen eragin zuzenagatik. Beraunen kasuan bezala, auzo oso bati eta 4.000 pertsona ingururi egingo baitzaie mesede. Hori horrela, diputatuak azpimarratu du ekintza-plana “asmo handikoa” dela. Ibilbide-orri horrek, hainbat jarduketaren bidez, ia 3,7 kilometrotan murriztuko du inpaktu akustikoa gure errepideetan, eta, are garrantzitsuagoa dena, zarata jasaten duten eremu horietatik gertu aurkitzen diren 10.100 gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du. Planaren hedapenak 20 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du Gipuzkoako hainbat udalerritan. Foru sareko errepideak kontuan hartuta diseinatu da plana, urtean 3 milioi ibilgailu baino gehiago jasaten dituzten errepideak dira, eta besteak beste, N-I, AP-8 eta GI-20-an jardungo da; Tolosa, Zarautz edo Errenteria parean.
Errenteriako alkate Aizpea Otaegik, bere aldetik, erakundeen arteko lankidetza nabarmendu nahi izan du eta herrian bertan egingo diren bi interbentzioak aipatu ditu, Berauneko pantailen ostean; Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoak babesteko egiturak kokatuko baitira etorkizun hurbilean: “jauzi kualitatibo garrantzitsua da, bizilagunen bizi-kalitatean eragin positibo zuzena edukitzea espero duguna”, esan du Otaegik.
Kilometro bat baino gehiagoko luzeran
Pantaila akustikoak jartzeko lanak urriaren 5ean hasi ziren, 1,2 kilometroko tarte batean, Arramendiko biaduktutik hasi eta Pasaiako porturanzko eta Errenteriaranzko noranzkoan bigarren irteeraraino. Zehazki, metalezko egitura bat da, GI-20 errepidera ematen duen kanpoko gainazalean diseinu fonoxurgatzailea duen xafla zulatu bat duena. Xafla horrek barneko harri-zuntzezko geruza batera xurgatzen du soinua, eta material horri esker, trafikoak sortutako zarata geldiarazten da. Ekintza-planaren oinarrian dauden neurketen arabera, inguru hartako bizilagunek 55dB baino gehiagoko zarata-maila dute gauez.
Egituraren ezaugarriak eta eragina zirkulazioan
Egiturak 2 metroko altuera izango du biaduktuaren zatian, eta 4 metroraino iristen da gainerako 840 metroko tarte osoan, Beraun auzoaren aurrealdera ematen duen zatian, errepidearen ertzean. Biaduktuaren lehen baoaren azpian, Arramendi kaleko bidea eta espaloia eta oinezkoentzako bidea babesteko arkupe bat ere eraikiko da. Behin instalazioa amaituta, paisaiara egokitzeko esku-hartze bat egingo da, egitura bisualki ingurunean integratzeko helburuarekin.
Azkenik, instalazioaren hurrengo etapak behar bezala garatu ahal izateko, bidearen eskuineko erreia itxita egongo da lanak gauzatu arte. Horrela, segurtasun-hesi zurrunak jarrita jarraituko du tarte osoan, langileen eta gidarien segurtasuna bermatze aldera.
2806