Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour BERDIN Sareak inmobiliariatan egindako 'testing'-ak etorkinen diskriminazio egoera ugari azaleratu ditu

BERDIN Sareak inmobiliariatan egindako 'testing'-ak etorkinen diskriminazio egoera ugari azaleratu ditu

Aurkitutako jarrerak "gizartean ematen diren esames eta aurreiritzien ondorio dira", Maribel Vaqueroren arabera

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak 2018 urtean BERDIN Sarearen baitan egin dituzten ekintza eta jardueren berri eman dute prentsaurrean. Aurten formazioan eta ikerketan sakondu da bereziki, lurraldeko lau eskualdetan banatuta dituen bulegoen lanarekin batera, Maribel Vaquero Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Maitane Arnoso Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren lehendakariak azaldu duten moduan.

            Bi berrikuntza nagusi eman dira aurten. Batetik, Aldundiaren Aniztasunerako Bizikidetza Planaren baitan jasotzen den diskriminazio egoera konkretuak ikertu eta azaleratzeko helburua betez, agentzia inmobiliarioetan eginiko testing kanpaina bat egin da lurraldeko hainbat udalerritan, jatorri atzerritarra duten herritarrek etxebizitza alokairuan eskuratzeko dituzten eragozpen eta zailtasunak gertutik ezagutzeko. Ondorioztatu denez, etorkinek tratu diskriminatorioa jaso dute kasu askotan, alokagai eskaintzen zaien etxebizitzen kopurua nabarmen txikiagoa izan baita eta baldintza gogorragoetan eskatzen zaizkielako etxeak. Bataz beste, bertako jatorria duten herritarrei eskaintzen zaizkien  etxebizitzen laurdena soilik ematen zaie aukeran etorkinei. Vaquerok azpimarratu duen bezala, "erakunde gisa gure betebeharra ere bada talde zehatz baten kide izateagatik zenbait herritarrek aukera berdinak ez dituztela egiaztatua, bazterketa horri aurre egitea”.

            Etorkinek bizi duten errealitatea hau ezagutzeko proba honekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurki aurkeztuko du lurraldeko LGTBI+ kolektiboaren errealitate ezberdinei buruzko lehen ikerketa eta jatorri atzerritarra duten etxeko langileen egoerari buruzko ikerketa ere garatzen dabil. Legealdia amaitu aurretik pertsona ijitoen inguruko azterketa egin nahi da.

            Bestetik, bigarren berrikuntza gisa aurten, formazioaren ildoan, udaltzainentzako, gizarteko zerbitzuetako langileentzako eta udaletako teknikarientzako saioak antolatu dira aniztasunaren trataera landu eta aholkularitza eskaintzeko.

 

Agentzia inmobiliarioetan probak

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bost udalerritan egin ditu testatze ariketak: Bergaran, Arrasaten, Irunen, Errenterian eta Tolosan, jatorri atzerritarra duen biztanleriak etxebizitza aurkitzeko dituen eragozpenak ezagutu eta ikusteko, eta ea agentzia inmobiliarioetan ematen zaien arreta egokia ote den, berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioen arabera. 26 testatze egin dira guztira inmobiliarietan, herritar autoktonoei eta atzerritar jatorria dutenei ematen zaien erantzuna alderatuta. Ondorio nagusia da, bataz beste, autoktonoei eskaintzen zaizkien lau etxebizitzatik soilik bat eskaintzen zaiela etorkinei. Bergara eta Arrasaten 6 bulegotan egin da probak, Errenterian 8, Tolosan 5 eta Irunen 7 bulegotan. Ikerketa 18 herritar boluntarioekin egin da (9 emakumezko eta 9 gizonezko) eta horietatik 13 izan dira etorkinak (latinamerikarrak, magrebiarrak eta Afrika beltzekoak).

            Lagin txikia hartuta ere, lehen emaitzak "argigarriak" izan direla esan du Maribel Vaquero foru zuzendariak. "Aniztasun Planarekin, konprometitu egin ginen Gipuzkoan diskriminazio arriskuan dauden kolektiboei arreta berezia eskainiko geniela, diskriminazio egoera zehatzak identifikatzeko konpromisoarekin", dio Vaquerok, eta testatze hauek mahaigaineratu duten errealitate "gordina" azaldu du. Azaltzen duenez, "diskriminazio ekintza hauek diskriminazio estali deritzaien horien baitan kokatzen dira eta, horregatik, arreta berezia behar dute erakundeen aldetik, aukera berdintasuna bermatzeko konpromisoari eusteko". Vaquerorentzat gizartearen ispilu da testatzeak emandako emaitza hori, "jarrera hauek gizartean dauden aurreiritzi eta esamesen ondorio zuzena baitira, gizartean dauden moduan, etxe jabeen artean eta agentzia inmobiliarioetan ere ematen diren jarrerak direlako".

            Halaber, SOS Arrazakeriatik nabarmentzen dutenez, "diskriminazioa ez da soilik gertatzen eskaintza bera murritzagoa izanagatik, testing-arekin agerian geratu baita baldintza askoz ere zorrotzagoei egin behar dietela aurre etorkinek", Maitane Arnosoren arabera. Epe luzerako lan kontratua, gutxieneko diru-sarreren ziurtagiriak eta fianza, abal eta ez-ordainketa aseguru altuagoak eskatzen direla azaldu du SOS Arrazakeriako ordezkariak. Gainera, "zenbait kasutan gertatu da laguntza soziala jasotzen duten etorkinei ukatu egin zaiela alokatzeko aukera".

 

BERDIN sarea

2015 urtean Gipuzkoako SOS Arrazakeriak esperientzia pilotu gisa abiatu zuenetik, urterik urte Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin gorpuztu eta hedatu egin da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako BERDIN Sarea gure lurraldean. Lehen urratsak Oarsoaldean eman ziren, Errenterian ireki zen zentroarekin. Eskualdeko lau udalekin eta zazpi elkarterekin batera, informazioaren eta sentsibilizazioaren esparruan ekin zion BERDIN-ek lanari, diskrimazio kasuen detekzioan, formazioan eta praktika onen hedapenean fokua jarrita.

            2016 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritzarekin hitzarmena sinatu eta gero, hasierako lan ildoetan sakondu eta lurralde-zabalkundea eta ekintza plana bideratu zen. Hala, 2017an Gipuzkoako Helduentzako Heziketa Zentroetan etorkinentzako formazio tailerrei eta udaltzainentzako praktika onen inguruko saioei ekin zitzaien. Iaz ere ireki ziren Debagoieneko bulegoa, Arrasaten, eta Tolosaldekoa Tolosan. Aurten Irungo bulegoa hasi da lanean.

            Udaltzaingoekin egin da lan berezia aurten. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan Azkoitia, Donostia, Eibar, Hernani, Lasarte-Oria, Oiartzun, Oñati, Pasaia, Villabona eta Zumarragako udaltzaingoetako ordezkariekin aniztasunaren gestio polizialaren inguruko lansaioak egin dira. Jardunaldi honetan Alduniko ordezkariek eta Jaurlaritzako BILTZEN zerbitzuaren eta Ertzaintzaren Herritarren Eskubide eta Segurtasun Publikorako Atalaren arduradunekin egin da lan.

 

App berria salaketen inguruko informaziorako

Aipatutako ekintza eta zerbitzuekin batera, BERDIN Sareak salaketak jasotzeko lanarekin jarraitu du. Berrikuntza moduan, tresna berri bat jarri da herritarren eskura: mugikorrerako Berdin aplikazioa, Android sistema eragileetarako. App-a dagoeneko deskargartu daiteke Google-n aplikazioen dendan eta salaketak egiteko formularioa eta BERDIN Sarearekin harremanetan jartzeko bidea eskaintzen ditu. Gorroto delitua eta diskriminazioa zertan datzaten azaltzen da aplikazioan eta ohiko zalantzei erantzuna ematen zaie, era erraz eta azkarrean. Honekin, sarri diskriminazio egoera baten aurrean zer egin ala nora jo ez dakitenei laguntza ematen zaie, salagarria den egoera bat argitu eta salaketa jartzeko eman beharreko urratsak azalduz.

  

2133