Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, Museoen Nazioarteko Egunaren ardatz
Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, Museoen Nazioarteko Egunaren ardatz
Kultura Departamentuak «Gipuzkoako Museoak» webgunea zabaldu du.
Gipuzkoako 70 museo eta interpretazio zentrotara sartzeko plataforma, herritarrak gure ondarera hurbiltzeko aukera ematen duena.
Harkaitz Millan: «Museoetan dugun ondareari zabalkundea emanez, gure historia herritarrengana gerturatuko dugu, gaurkotasuna hobeto interpretatzen jakingo dugu eta berdintasunaren eta aniztasunaren baloreak indartuko ditugu, elkarbizitzarako nahitaezkoak ditugun baloreak sakonago barneratuz».
Datorren astelehenean, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, ICOM museo kontseiluak bultzatuta. Efemeridearen helburua honako hau da: museoek kulturen arteko trukerako eta horiek aberasteko duten garrantziaz jabetzea, bai eta herrien arteko elkar ulertzea, lankidetza eta bakea garatzeko duten garrantziaz ere. 1977an sortu zenetik, ekitaldi honek hedapen handia lortu du, eta gaur egun 90 herrialdetan baino gehiagotan egiten da, museoen lana eta garrantzia jendeari hurbiltzeko.
«Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa», hori dugu aurtengo edizioko gai orokorra; hori horrela, Kultura Departamentuak ondarea herritarrengana hurbildu nahi du, eta bereziki nabarmendu nahi du museoek balioak azaleratzeko eta bizikidetza bultzatzeko duten egiteko garrantzitsua. Hori helburutzat hartuta, «Gipuzkoako Museoak» web plataforma sortu da, Gipuzkoako 70 museo eta interpretazio zentrotarako sarbidea ahalbidetuko duen webgunea, eta baliabide giltzarria izango dena gipuzkoarren artean gure ondare historikoa ezagutarazteko. Plataformak Gipuzkoako kultur ondarearen baliabideak biltzen ditu, eta herritarrei aukera ematen die Gipuzkoako museoen eta interpretazio zentroen agenda kontsultatzeko, eta horien albiste nagusiak eta Gipuzkoan zehar egin daitezkeen hainbat ibilbide kultural ezagutzeko. Plataforma hori Gipuzkoa Kulturaren web orrian egongo da: www.gipuzkoakultura.eus
Harkaitz Millan Kultura diputatuak museoek duten egiteko garrantzitsua eta horien edukiak hurbiltzearen beharra nabarmendu ditu. «Museoen ondarea zabaltzea lagungarria zaigu gure historia herritarrengana hurbiltzeko eta gaurkotasuna eta bizi dugun oraina hobeto interpretatzeko». Testuinguru horretan, Foru Aldundiko arduradunak Zumalakarregi Museoak garatutako «Migrazioak» bezalako proiektuen balioa azpimarratu du; proiektu horretan, gogoeta egiten da euskal emigrazioak XIX. mendean izan zuen eraginari buruz eta gaur egun Euskal Herrian immigrazioak irudikatzen duenari buruz. Proiektu horretan, ikasleek eta 25 nazionalitatetako migratzaileen kolektiboek parte hartu dute. Millanen hitzetan, «"Migrazioak" bezalako proiektuek agerian uzten dute museoek oztopoak gainditzeko, gizartea interpelatzeko eta aniztasunari eta berdintasunari buruzko hausnarketa sustatzeko duten gaitasuna, bizikidetzarako ezinbestekoak baitira». «Migrazioak» Zumalakarregi Museoaren laborategi gune berriaren lehen proiektua da. XIX. mendeko gure historiaren azterketatik abiatuta, orainaldiko gaiei buruz hausnartzeko asmoarekin sortu zen, eta belaunaldi gazteenen artean pentsamendua eta kontzientzia kritikoa eragin nahi ditu.
Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizunen artean, proiektu horretaz gain, Igartubeitik, Euskal Itsas Museoak eta Zumalakarregi Museoak programa oparo bat eskainiko dute. Antolatu dituzten ekimenen artean, «Museoa Dastatu! ¡Saborea el Museo!» gailentzen da: Gastronomiaren bidez, kultura aniztasunaz eta dibertsitateaz hausnartuko dute, gure ondarera beste ikuspegi batetik hurbiltzeko. Azken finean, gure kultura gastronomikoaren osagai asko oso urrutitik etorri dira eta aniztasun kulturalaren ondorio dira, eta, hala, museoek kulturen arteko topagune izan nahi dute.
«Museoa Dastatu!» ekimenaren barruan, objektu bat lotzen da, bideo baten bidez, sukaldean erabiltzen dugun errezeta edo osagai batekin. Horrela, hiru zentroak hurbileko sukaldaritzako adituengana hurbildu dira, beren sekretuak eta jakintza konta diezazkieten. Sukaldaritzako eta gozogintzako hiru pertsona aski ezagunekin hitz egingo dute. Euskal Itsas Museoaren kasuan, Ander Gonzalez Lasala Plaza hoteleko La Jarana tabernako aholkulari gastronomikoarekin. Igartubeiti baserri-museoak Ezkioko Argindegi jatetxeko Josu Landarekin. Eta, azkenik, Zumalakarregi museoa Rafa Gorrotxategi gozogilearekin izango da, Pernan Goñi ilustratzaileak lagunduta. Solasaldi horiek Museoen Nazioarteko Egunean estreinatuko dira, maiatzaren 18an, museoen web orrietan. Aldi berean, lehiaketa bat ere abiaraziko da, jendeak parte har dezan. Ekimen honetan parte hartzea erabakitzen dutenek beren errezetarik originalenak bidaliko dituzte, proposatutako osagaietatik abiatuta eta osagai berriak gehituz, bideo, irudi eta audio formatuan. Errezeta guztien artean sari oparoak zozkatuko dira. Lehiaketak bi asteko iraupena izango du, eta parte hartzeko informazio guztia museo bakoitzaren webgunean egongo da eskuragarri.
COVID-19ak eragin duen osasun larrialdia dela eta, jarduerak bi fasetan egingo dira: lehenengo fasea maiatzaren 17tik 24ra bitarteko astean, formatu digitalean, eta, bigarrena, azaroaren 14tik 16ra bitartean, aurrez aurreko jarduerekin.
1537