Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua indartu du Ogasunak

Berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua indartu du Ogasunak

Foru erakundeak Estrategia Teknologikoko Unitatea eratu du, herritarrei ematen dien zerbitzua hobetu eta iruzurraren kontrako borrokan sakontzeko.

2021/03/15

Estrategia Teknologikoko Unitatearen sorreraren berri eman du gaur Jokin Perona Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza. Azaldu duenez, Ogasuneko zuzendaritzaren mendeko zuzendariordetza bat da Unitatea, berrikuntza teknologikoaren eta informazioaren tratamenduaren alorrean foru erakundearen "itsasargia” izango dena. 28 laguneko taldea da eta joan den urtearen amaieran hasi zen martxan. Gaineratu duenez, foru Ogasunaren ahalmen berritzailea eta gaitasun teknologikoak maximizatzeko lan egiten du zuzendariordetza honek, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko eta iruzur fiskalaren aurkako borrokan aurrera egiteko. Ildo horretan, berrikuntza teknologikoa Foru Ogasunaren ardatz estrategikoetako bat dela nabarmendu du Peronak, eta 2023ra arte 30 milioi euro bideratuko dituztela iragarri du.

Foru diputatuak agerraldia egin du gaur goizean komunikabideen aurrean, Unitatearen sorreraren berri emateko. Berarekin izan dira Irune Yarza, Ogasuneko zuzendaria, eta Koro Pereiro, Estrategia Teknologikoko zuzendariordea. Peronak bere hitzaldian adierazi duenez, gaur egun teknologia "ez da aukera bat, behar bat baizik", eta zerga administrazioa ez da salbuespen bat. Gogorarazi duenez, Aldundia Etorkizuna Eraikizen eskutik ari da lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuna bilatzen, eta, ildo horretan, Ogasuna gauza bera egiten ari da berrikuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustu irmoaren eskutik.

Hala, gogora ekarri duenez, 2015etik gaur arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak 50 milioi euro baino gehiago bideratu ditu proiektu informatikoetara. Horri esker, erakundeak aurrerapauso nabarmenak eman ditu, eta emaitzak agerikoak dira. Azpimarratu duenez, iaz zerga guztien aitorpenen % 86,65 telematikoki aurkeztu ziren, izapideen % 84,67 telematikoki egin ziren eta foru Ogasunak bidali zituen jakinarazpen edo abisuen % 99,93 modu telematikoan izan ziren. Adierazle berberak, 2014an, % 74,75ekoak, % 50,51koak eta % 0,58koak izan ziren, hurrenez hurren.

"Modernizazio prozesu honen guztiaren ondorioz, Estrategia Teknologikoaren Unitatea sortu da, eta horrek gure apustua gorpuzten eta indartzen du", nabarmendu du. "Berrikuntza teknologikoa da gure ardatza, eta horren gainean lan egiteko zeharkako talde bat sortu dugu, epe luzerako ikuspegi zabalarekin lan egingo duena", adierazi du. Foru diputatuak Unitateko lantaldea osatzen duten pertsonen "esperientzia handia" azpimarratu du, departamentuko hainbat zerbitzutatik datozelako. "Oso talde indartsua eta moldakorra da, foru Ogasunak dituen etorkizuneko erronkei aurre egiteko osatu duguna", azpimarratu du.

 

Helburuak eta lan-ildoak

Bestalde, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariak azaldu duenez, Estrategia Teknologikorako Unitateak, batez ere, Ogasunak herritarrei arlo guztietan eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzeko balioko du, eta aldi berean iruzurraren aurkako borrokan administrazio eraginkorragoa izateko lan egingo du. Horretarako, Unitateak, besteak beste, munduko administrazioan berrikuntza teknologikoan dauden jardunbide egokiak identifikatzen eta aztertzen lan egingo du. Halaber, departamentuarentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektu berritzaileak eta oinarri teknologikokoak garatzeaz arduratuko da, eta epe luzeko ikuspegiarekin eta "egunerokotasunaren interferentziarik gabe" aurrera eramateko egingo du lan.

Horrekin batera, Estrategia Teknologikoaren Unitatea ere merkatura hurbilduko da, eta teknologia berrien proba-bankua izango da. "Gure inguruan sortzen diren proiektu berritzaileen jarraipena egingo du, eta enpresa-proiektuak aurrera ateratzen lagunduko du, betiere gure administrazioaren oinarri teknologikoa hobetzeko helburuarekin", azpimarratu du. "Administrazio gisa, horrelako proiektuei bultzada ematea ere badagokigula uste dut, aberastasuna, berrikuntza eta talentua sor baititzakete. Azken finean, gure inguruan proiektu arrakastatsuak izateak gure lurraldearen maila hobetzea esan nahi du eta, ondorioz, zerga administrazio bezala, hobetzen jarraitzera bultzatzen gaitu", esan du.

Zehaztu duenez, Unitatea bi zerbitzu nagusitan banatzen da. Alde batetik, Informazioa Aztertzeko Zerbitzuak eragin fiskala duen edozein informazio mota aztertzeko beharrezkoak diren tresna informatikoak landuko ditu, Big Data edo konputazio kuantikoa bezalako teknologiak erabiliz. Bestalde, Zerga alorreko Transformazio Teknologikoko zerbitzua arduratuko da zerga-administrazioaren modernizazioa eta eraldaketa digitala bultzatzeaz.

 

Big Data, konputazio kuantikoa…

Azkenik, Koro Pereiro Estrategia Teknologikoko zuzendariordeak berak zuzentzen duen Unitatearen proiektu nagusien errepasoa egin du. Horietako ezagunena TicketBAI proiektua da. Azaldu duenez, zerga-betebehar berri hau 2022tik aurrera egongo da indarrean, eta jarduera ekonomikoa egiten duten eta Gipuzkoako araudia aplikatzen duten pertsona juridiko eta fisiko guztiek TicketBAI software bermatzailea erabili beharko dute fakturazio-prozesuan. "Ogasunaren ustez, garrantzi handikoa da proiektuaren ezaugarriak zabaltzea eta zergen arloko eragileekin lankidetzan aritzea, eta dibulgaziozko hitzaldiak antolatzen ari dira, hobeto ezagutarazteko", gaineratu du.

Gainera, Pereirok azaldu duenez, 2021ean Unitateak baliabide material eta giza baliabide garrantzitsuak erabiliko ditu adimen artifizialeko irtenbide berriak ezartzeko beharrezkoak diren plataforma teknologikoak garatu ahal izateko. Horrela, foru Ogasunak dituen informazio-iturri berriak modu eraginkorrean tratatzea bilatzen da. Informazio-bide horiek Berehalako Informazio Hornidura (BIH), TicketBAI bera eta, etorkizun hurbilean, jarduera ekonomikoetan diharduten pertsona guztien erregistro-liburuak izango lirateke.

Gero eta handiagoa den datu-kopuru hori kudeatzeko, Unitatea Big Data proiektu bat garatzen hasi da, teknologia horretan oinarritutako azpiegitura bat sortzeko, Ogasunaren datu-baseetan dauden zergadunen arteko harremanei buruzko datuak ustiatze aldera. Abian dagoen beste proiektuetako bat Arriskuen Analisia da, eta ekitaldi honetan BIH sistematik datorren informazioarekin ari dira lanean. Halaber, Unitateak konputazio kuantikoko proiektu bat du baita ere esku artean, adimen artifizialeko ekimen pilotu bat, faktura faltsuak erabiltzen edo igortzen dituzten enpresak detektatzeko. "Horretarako, algoritmo kuantikoetan oinarritzen diren metodoak erabiliko ditugu, eta horien errendimendua ohiko algoritmo klasikoekin alderatuko dugu", nabarmendu du Pereirok.

Azkenik, beste proiektu batek Adimen artifiziala lantzen du. "Ikaskuntza automatikoko ereduak baliozkotzen espezializatutako plataformak kontrastatzeko proiektu pilotuak martxan jartzea da helburua: merkatuko produktu jakin batzuek eskaintzen dituzten irtenbideak probatuko dira, eta horiek hainbat datu-ereduri adimen artifiziala aplikatzea errazten dute, gure erakundearen barruan modu azkarrago eta normalizatuagoan egingo direnak", gaineratu du.

  

2362