Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Berrikuntzaren aldeko apustua, Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa bermatzeko

Berrikuntzaren aldeko apustua, Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa bermatzeko

Aurtengo bono teknologikoen 450.000 euroko laguntza deialdia iragarri du diputatu nagusiak

Berrikuntzaren aldeko apustua, Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa bermatzeko

Berrikuntzaren garrantzian jarri du gaur azpimarra Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok, hori baita, bere iritziz, lurraldearen etorkizun ekonomikoa bermatzeko erarik eraginkorrena. GKN Driveline enpresak Zumaian duen lantegira bisitan egin ditu adierazpen hauek foru arduradunak, eta adibide bezala jarri du aipatutako konpainia, “Gipuzkoan daukagun 4.0 industriaren erakuslerik onenetarikoa baita”. “Lanean jarraitu behar dugu lehiakortasunaren trena ez galtzeko”, nabarmendu du. Honela, aukera baliatu du 2018 bono teknologikoen deialdia aurkezteko. 450.000 euro ditu, eta enpresa txiki eta ertainei 4.0 industriako teknologietara sarbidea berriztea du xede. “Lurralde bezala asko ari gara jokatzen, eta inor atzean ez uzten saiatu behar dugu”, adierazi du.

            Bisitan parte hartu dute, diputatu nagusiarekin batera, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatu den Ainhoa Aizpuru eta Ekonomia Sustapeneko foru zuzendari den Garikoitz Agote. GKN Driveline enpresaren aldetik, zuzendari nagusi den Txomin Oronoz; Giza Baliabidetako zuzendari den Iñigo Zaldua; Ingeniaritzako zuzendari den Beñat Lopetegi; eta Ekoizpeneko zuzendari den Dani Azkue egon dira presente, eta instalazioak erakutsi dizkiete foru ordezkariei. Olanok gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia ekonomia sustapenaren alde ari da egiten legealdiaren lehen egunetik, eta gaurko bisita administrazio publiko eta lurraldeko enpresen lankidetza indartzeko estrategiaren testuinguruan kokatu du. “Gure konpainien alde egitea aberastasuna eta kalitatezko enplegua bultzatzearen alde egitea da, eta hau funtsezkoa da gure ongizate sistemari eusteko”, azaldu du.

            GKN Driveline enpresak azpiegitura oso aurreratuak ditu Zumaian. Ekoizpen zelula aurreratuak dituzte, eta baita transmisio eta motor elektrikoen B+G garapen zentroak ere, eta digitalizazioaren aldeko apustu sendoa egin du. Ahalegin honi esker, pasa den urtean GKNren Driveline dibisioko lantegi onenaren saria eskuratu zuten. Dibisioa 46 lantegi ezberdinetan lan egiten duten 28.000 langilek osatzen dute. Zumaiako plantan 410 pertsonak egiten dute lan gar egun, eta autoetako transmisioen zati ezberdinak ekoizten dago espezializatuta. Bezeroen artean, Jaguar Land Rover, Nissan, Toyota edo Fiat bezalako markak daude. GKN Drivelinek badu beste lantegi bat Gipuzkoan, Legazpin: 200 langile ditu, eta GKNk Europan dituen lantegi ezberdinentzako forjak egiten ditu.

 

Bono teknologikoak

Aurtengo bono teknologikoen deialdia aurkezteko ere baliatu du gaurko bisita diputatu nagusiak. Laguntza hauen helburua lurraldeko enpresa txiki eta ertainei 4.0 industria eta fabrikazio aurreratuko teknologietara sarbidea erraztea da. Zuzkidura 450.000 eurokoa da, eta bono bakoitza 8.000 euro artekoa izan daiteke. Ekoizpen makina eta prozesuen datuen analitika aurreratua, fabrikazio gehigarria, laser teknologia, elkarlaneko robotika eta visual computing zerbitzuak jasotzeko balio dute laguntek, denak ere 4.0 industriarekin erlazionatutako teknologiak eta heziketa eta zentro teknologiek eskainiak.  

            Lurraldeko enpresak laugarren industria iraultza honen parte izatearen garrantziaz hitz egin du diputatu nagusiak: “Gure industria ehuna enpresa txiki eta ertainak osatzen dute gehienbat. Honek alde onak eta txarrak ditu, eta ahultasunen artean dago olatu honetara igotzearen erronka”. Errealitate honi aurre egite asmoz, “enpresen eta zentro teknologikoen arteko sinergiak indartzea du xede” Aldundiak bono teknologikoena bezalako ekimen den bitartez, honelako 4.0 industriaren iraultza lurraldeko enpresa txiki eta ertainetan hedatzeko. “Alor honetan mundu mailan erreferente diren enpresa eta zentro teknologikoak ditugu ditugu Gipuzkoan, eta ezagutza hau konpainia txikiekin partekatu nahi dugu, 4.0 industriak eskaintzen dituen aukerak ezagutu eta gero euren ekoizpen sistematan ezarri ahal ditzaten”, gogoratu du.

  

1947