Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Berriro dator ‘Etxekoak’ kanpaina, Gabonetan tokiko produktuen kontsumoa sustatzekoa

Berriro dator ‘Etxekoak’ kanpaina, Gabonetan tokiko produktuen kontsumoa sustatzekoa

Lau ekoizle ditu protagonista, eta Gipuzkoako herritarrak kontzientziatu nahi ditu gure lehen sektoreko produktuak kontsumitzearen garrantziaz.

Iazko kanpainari segida emanez, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko departamentuak berriro abiarazi du aurtengo Gabonetan 'Etxekoak' izeneko komunikazio kanpaina, tokiko produktuen kontsumoa bultzatzeko. Kanpainak, zeinak protagonista baititu Gipuzkoako sektoreko lau ekoizle, helburutzat dauka herritarrak animatzea lurraldeko elikagaiak eta produktuak erostera, Gabonetako jaiei begira, baina baita urte osoan ere. Abenduaren 15etik 29ra bitartean izango da, askotariko komunikazio euskarrietan, nola analogikoetan –prentsa, irratia, telebista, markesinak…– hala digitaletan.

Kanpainak protagonista ditu lau ekoizle, beren jardueran hainbat azpisektoretan ari direnak, eta lurraldeko hainbat eskualdetatik datozenak: Ainhoa Artola, abeltzaina, txerri ustiategi bat duena Amezketan (Basatxerri); Mikel Eizagirre, Zarauzko nekazaria eta «Lurreko bizia» proiektuaren bultzatzailea; Patxi Otaegi, Beizama gaztandegiko artzaina, non Idiazabal jatorri deiturako gazta egiten duten; eta José Juan Astigarraga, Astigarraga Kit Line enpresako baso arloko zuzendaria, zeina altzarigintzan aritzen baita lurraldeko basoetatik datorren zurarekin. Izan ere, aurten, berrikuntza gisa, nekazaritzaz eta abeltzaintzaz gain, basogintza ere gehitu zaio kanpainari.

Protagonistek, zeintzuen profilak ikusgai baitaude https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/landaeremua/etxekoak helbidean, gaurko aurkezpenean parte hartu dute gaur, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariarekin batera, zeinak eskerrak eman baitizkie egiten duten lanagatik eta ekimenean parte hartzeko duten prestasunagatik: “Sektore askotariko, dinamiko eta Gipuzkoarekin konprometitu baten erakusgarri zarete; zailtasunak zailtasun, etorkizunari ilusioz begiratzen diona”, azpimarratu du.

Iaz bezala, kanpainarako hautatu den eslogana ‘Etxekoak’ izan da, zeinarekin nabarmendu nahi izan baita bai gure baserritarrak bai haien produktuak etxekoak direla, hau da, hurbilekoak eta konfiantzazkoak. Hori dela eta, kanpainak herritarrei eskatzen die egun hauetan tokiko produktuaren aldeko apustua egiteko, honelako mezuekin: “ETXEKOAK. Bertako produktuak, freskoak eta kalitatezkoak. Eros itzazu gure ekoizleen produktuak. Erosi geurea, erosi Gipuzkoa!”.

Tokiko produktuen kontsumoa babestea izan zen herritarrek hautatutako proiektuetako bat Foru Aldundiak abian jarritako 2020ko Aurrekontu Irekien programaren barruan, herritarren partaidetza bultzatzeko bere estrategiaren baitan. Bozketan, 13.087 herritarrek parte hartu zuten, eta beren gogokoenak aukeratu zituzten 12 proiektu-proposamenen artetik. Iaz ekimenak izan zuen harrera ona ikusita, Foru Aldundiak erabaki du hari jarraipena ematea, pandemia baten testuinguruan, zeinak behartu baitu zenbait merkatu bertan behera uztera, sektorearentzat oso garrantzitsuak direnak, hala nola San Tomas edo Santa Lutzi, eta “horrek beharrezko egiten ditu horrelako ekimenak”, adierazi du Arrutik.

 

“Ezinbesteko jarduera”

Zuzendariaren esanetan, Foru Aldundiak etorkizuna eraikitzeko egindako apustuaren barruan, lehen sektorea “ezinbestekoa da, bai ekonomia indartsu bat eta kalitatezko produktuak eta lehengaiak edukitzeko, bai klima-aldaketari aurre egiteko eta gure ingurumena eta paisaia kudeatzeko, baita gure landa ingurunearen lurralde oreka, dinamismoa eta bizitza-kalitatea bermatzeko ere, besteak beste. Konpromiso politiko horren erakusgarri, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko departamentuko aurrekontuaren ia heren bat bideratzen da lehen sektorea eta natura-ingurunea sustatzera”.

 

Gaineratu du sustapen lan hori epe labur, ertain eta luzean egiten dela. “Epe laburrera, adibidez, krisiak eragindako azpisektoreei lagunduz, bi milioi baino gehiago eman baititu aparteko laguntzetan pandemiaren hasieratik. Epe ertainera, sektorearen lehiakortasuna indartuz, eta epe luzera, jarduera honetan belaunaldi erreleboa eta berrikuntza sustatuz”. Ildo horretan, Diputatuen Kontseiluak aurretiaz onartu berri ditu 2022rako dirulaguntzak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna indartzeko eta gazteek enpresa berriak abian jartzeko –Gaztenek–, 3,6 eta 1,12 milioi eurorekin, hurrenez hurren.

“Lehen sektorea ezinbestekoa den bezala, ekoizleak ere ezinbestekoak dira, haiek gabe ez baitago lehen sektorerik –azpimarratu du–. Baina ekoizleak egon daitezen, kontsumitzaileak behar ditugu. Gipuzkoako lehen sektorea beti egon da hor, gure ondoan. Baita pandemiaren unerik gogorrenetan ere, ezinbesteko elikagaiak eta lehengaiak bermatuz. Baina sektoreak gizarte gisa ere behar gaitu. Tokiko produktuak kontsumituz, ari gara eraikitzen Gipuzkoa jasangarriago, orekatuago, berdeago, kohesionatuago eta lehiakorrago bat. 0 Km produktuari laguntzea herritarren eskari bat izan zen 2020an, Aurrekontu Irekien barruan. Herritar guztion esku dago, gure kontsumo ohituren bidez, nahi dugun Gipuzkoa hori eraikitzen laguntzea”, amaitu du.

  

2433