Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Beste zortzi lagunek gainditu dute COVID-19a egoitzetan

Beste zortzi lagunek gainditu dute COVID-19a egoitzetan

Dagoeneko 19 egun dira jarraian Gipuzkoako egoitzetan heriotzarik eman ez dela, eta azken orduetan ere ez da kasu positiborik izan.

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adinekoen egoitzen egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta adierazi du beste zortzi pertsonek gainditu dutela COVID-19a, eta ez direla kasu positibo gehiago atzeman azken 24 orduetan, ezta heriotzak ere, eta guztira 19 egun dira jarraian.

Azken 24 orduetan, 65 zentroz eta 5.425 plazaz osatutako egoitza-sarean, beste zortzi pertsonek jaso dute mediku alta, zazpi Aretxabaletako GSR Debagoiena zentroko egoiliarrak dira eta bat Donostiako Berra egoitzakoa. Beraz, gaur arte, 382 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna, 167 pertsona hil dira eta 13k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute, hurrenez hurren, %68, %29,7 eta %2,3. Positibo duten 13 pertsonetatik bat ospitaleratuta dago.

Martxoaren 19an lehen COVID-19 kasuak atzeman zirenetik, kasu positiboak izan dituzten 16 egoitzetatik bik dituzte kasu aktiboak gaur egun, Berrak bakarra eta GSR Debagoienak 12. Birusa atzean utzi duten zentroak dira Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao, Eskoriatzako Jose Arana, Eibarko San Andres eta Arrasateko Iturbide.

 

  

1453