Bi gauetan A-15 autobidea trafikoarentzat itxita egongo da asteburu honetan
Bi gauetan A-15 autobidea trafikoarentzat itxita egongo da asteburu honetan
San Lorentzo-Larre tuneleko obra astelehenean, uztailak 2an, hasiko da eta, desbideratzea era seguruan egin ahal izateko, beharrezkoa da errepidea zirkulaziorentzat erabat ixtea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, A-15eko San Lorentzo-Larre tuneleko estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko obrari ekingo zaio uztailaren 2an. Hala, desbideratzea era seguruan egin ahal izateko, beharrezkoa da autobidean zirkulazioa erabat etetea bi gauetan zehar. Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera egingo da mozketa, eta, Iruñeko noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera. Bi noranzkoetan egingo den mozketa hori, 2018ko ekainaren 29ko 22:00etatik ekainaren 30eko 06:00etara eta ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 14:00etara egingo da.
Egin beharreko lanen artean egongo dira euspen hesi bat instalatzea eta tuneleko elementu guztien kontrol sistema aztertzea.
A-15 autobidea Andoaingo noranzkoan erabili behar dutenek Berastegiko lotunean bira egin beharko dute, GI-2130 errepidetik zirkulatuz by-pass moduan Tolosara heldu arte, eta, hortik aurrera, N-I errepidea hartuko dute. Azkenik, A-15 autobidera sartu ahal izango dira Sorabillako lotunean.
A-15 autobidea Iruñeko norazkoan erabili behar dutenek Sorabillako lotunean bira egin beharko dute, N-I errepidean sartu, eta, ondoren, GI-2130 errepidea hartuko dute Tolosan eta Ibarran. Azkenik, A-15 autobidera sartu ahal izango dira Berastegiko lotunean.
Ibilbide luzeetarako, berriz, Nafarroan, N-1 errepidea Altsasuraino eta jarraian A-10 autobia (Sakanako autobia) Irurtzuneraino izango dira gomendatutakoak.
Desbideraketa guztiak behar bezala seinaleztatuko dira.
2093