Bi lagun hil dira azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Bi lagun hil dira azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskaini dizkiegu aldi baterako egoitzetatik etxera itzultzea eskatzen duten familiei
Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako 65 egoitzetako egoeraren berri eman du, non 5.425 pertsona artatzen diren guztira, eta zehaztu du azken orduetan bi lagun zendu direla eta 37k eman dutela positibo Covid-19n. Gipuzkoako egoitza sarean guztira 178 kasu positibo eta 28 heriotza antzeman dira, 14 egoitzetan. Azken orduetan kasu positibo bat hauteman da lehen aldiz Donostiako La Paz egoitzan. Azken eguneko bi heriotzak Tolosako Iurreamendin eta Zarauzko Santa Anan eman dira; Gurutza Gorrian egun 34 pertsona artatzen dira, eta bederatzi ospitaleratuta daude.
Beste alde batetik, bozeramaileak jakitera eman du foru agindu berri bat onartu duela Gipuzkoako Foru Aldundiak, non laguntza tekniko eta ekonomikoak zehazten diren, helburu dutelarik “mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitza zentroetako erabiltzaileak, desgaitasuna duten pertsonen egoitza zentroetakoak, eta laguntza duten etxebizitzetan bizi direnak bizileku partikular batera aldi baterako itzultzeko laguntza ematea, Covid-19ak eragindako alarma egoera indarrean jarri zenetik”. Programak bi eratako laguntzak zehazten ditu, teknikoak eta ekonomikoak, eta 244.884 euroko partida batez osatuta dago. Bozeramaileak zehaztu du Aldundiaren bokazioa dela “hain konplexua den momentu honetan familia guztiak babestea, bakoitzari gure esku dauden erraztasunak eskainiz”.
Mendozak gaineratu du programa honek “ez duela masiboa izatea bilatzen”, familia ugariren eskariak erantzutea baizik, “eta foru erakundetik saiatzen garenak ahalik eta modu egokienean erantzuten”. Era horretan, bozeramaileak zehaztu du, 240 zentroz osatutako saretik, non 7.000 lagun artatzen diren, egun arte, etxera itzultzea 150 pertsonek eskatu dutela, eta gehienak desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan eta bizikidetza unitate txikietako egoiliarrak direla.
Aldi baterako etxera itzultzea errazten duen programa hau, laguntza teknikoez eta ekonomikoez osatuta dagoena, “Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte politiken arloan pasa den martxoaren 24an onartutako Txoke Planean zehaztutako 50 ekintzetako bat da”, adierazi du bozeramaileak. Covid-19aren ondorioz sortutako osasun krisiaren ondorioak modu “estrategiko eta koordinatuan” heltzeko helburuarekin sortutako plana da.
Aldi baterako etxera itzultzea eskatzen duten pertsonek, etxeko egonaldia errazteko laguntza teknikoak izango dituzte, baita laguntza ekonomikoak ere, “egoitza zentrotik irteten diren egunaren biharamunetik zentrora itzultzen diren egunera arte, hilabetero 424€-ko laguntza jasoko dute 1 eta 2 mailako mendekotasuna duten pertsonek, eta 338€-koa 3. mailako mendekotasunarekin baloratutako erabiltzaileek”, azaldu du Eider Mendozak. Laguntza hauek egoitza publikoetako, pribatuetako eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonek jaso ahal izango dituzte. Era berean, bozeramaileak zehaztu du etxera itzultzea eskatzen duen pertsona orori plaza mantenduko zaiola, eta ez zaiola horregatik kobratuko.
1774