Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Bidasos2030: Hondakinen kanpaina berria abian da Bidasoa Beheko eskualdean

Bidasos2030: Hondakinen kanpaina berria abian da Bidasoa Beheko eskualdean

Estrategia honek zerbitzu eta pertsona abonatu guztien datuak kudeatzea du oinarri, birziklatze-tasa pixkanaka handitzea lortzeko; 2030ean % 70era iritsi arte.

2023/02/14
Bidasos 2030

Gaur goizean abian jarri da Bidasoa Beheko eskualderako hondakinak kudeatzeko ER70 Estrategia berria, BIDASOS2030 kanpainarekin batera. Programa berriaren helburua da eskualdeko birziklatze-tasa handitzen jarraitzea, 2025ean %60ra eta 2030ean %70era iritsi arte.

Mankomunitateko lehendakaria den José Antonio Santanok azaldu duenez, hondakinen kudeaketa egokia funtsezkoa da datozen belaunaldien etorkizuna bermatzeko. “Gure ustez, lehentasunezko gaia da, eta indarrak batu behar ditugu herritarrek jakin dezaten birziklapenaren bidez hondakinak baliabide bihur ditzakegula eta, horrez gain, gure ingurunea babestu. Halaber, udal-ordenantza batek birziklatzearen nahitaezkotasuna arautzen duela jakin beharko lukete”, gaineratu du. Azkenik, Santanok eskerrak eman dizkie Ecoembes, Ecovidrio eta, batez ere, Gipuzkoako Foru Aldundiari, kanpainarako emandako dirulaguntzengatik.

Txomin Sagarzazuk, bere aldetik, adierazi du hezkuntza eta sentsibilizazioa izango direla kanpainaren giltzarri; biztanleriaren sektore guztietan ohiturak aldatzeko ezinbesteko tresna. “Urte asko daramatzagu ingurumen-hezkuntzako hainbat programa eskaintzen, batez ere eskola-eremuan, baina orain haratago joan nahi dugu eta herritar guztiengana iritsi; haien etxera eta auzora hurbilduz eta modu argi eta irisgarrian informatuz”.

Leire Zubitur erakunde publikoko gerenteak azaldu duenez, “zenbait urtetan zehar birziklatze-tasa goranzkoa izan bazen ere, hobekuntza motelduz joan da eta orain ia geldirik dago. Beraz, Europako legedia bete nahi badugu, unea da eskualdeari birziklapenaren arloan bultzada ona emateko eta gizartea aktibatzeko; entzuteko, zalantzak argitzeko, prozesuak errazteko eta aurrerapausoa emateko”. Zubiturrek gaineratu duenez, indar berezia jarri dute edukiontzi marroiaren erabileran etxe bakoitzeko zaborraren %40a delako, halere, gainerako edukiontzietan behar bezala birziklatzea ezinbestekoa dela gogorarazi du Zubiturrek.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak herritarren konpromisoa zoriondu nahi izan du, “urtez urte gaikako bilketa hobetzen goazelako”. Asensiok azaldu duenez, “Bidasoak Gipuzkoako gaikako bilketaren tasarik baxuenetakoa du. Hala ere, bilakaera ona izan du, 2015etik 13 puntuko hazkundea izan duen goranzko joerarekin, baina egia da azken urteetan motelduz joan dela”. Foru arduradunak adierazi duenez, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 35.000 euroko dirulaguntza zuzena eman dio Bidasoako eskualdeari. "Ahaleginak egiten ari gara gaikako bilketa tasa baxuena duten mankomunitateei datu horiek igotzen laguntzeko, 2025ean %60ko eta 2030ean %70eko helburuak lor ditzaten", amaitu du.

Hondakinen estrategia berriaren baitan eskualdea eremuka eta auzoka banatuko da eta urtean zazpi eremu inguru jorratzea aurreikusten da. Hala, lau edo bost urteko epean eskualde osora iristea espero da.

Bulego ibiltari bat izango da kanpainaren erdigunea, eta bertara hurbiltzen direnek informazioa jaso, zalantzak argitu eta ekintza ugari egin ahal izango dituzte, hala nola, edukiontzi marroian alta ematea.

Zubiturrek azaldu duenez, zonakako diseinuari esker, datuak bildu ahal izango dira, ondoren aztertzeko, “irlatxoak, materia organikoaren edukiontziak irekitzen dituen txartel elektronikoaren erabilera (edukiontzi marroia) eta abonatuek eta gure zerbitzuek zonalde bakoitzean nola eta zenbat birziklatzen den jakiteko ditugun beste parametro batzuk aztertuko ditugu, gure ekintzetan gero eta zehatzagoak izateko eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko”.

Katea auzoa; bulego ibiltariaren lehen geltokia

Bulego ibiltariaren lehen geltokia Irungo Katea auzoa da, gaurtik aurrera bertan egongo da kokatuta bulegoa, zehazki Harmugarrieta kalean, frontoiaren ondoan. Lehenengo jardunaldian, errefusaren edukiontziaren karakterizazioa egingo da; hau da, edukiontziak duen materia aztertuko da eta birziklatu daitekeen edukirik ba ote dagoen ikusiko da. Karakterizazioaren emaitzak bulego ibiltariaren panel batean inprimatuko dira, auzoko bizilagunek horien berri izan dezaten. Horrela, karakterizazio horretan aurkituko diren hondakinen %80 baino gehiago gaikako bilketako edukiontzietako hondakinak izango direla uste da.

Beraz, gaurtik martxoaren 17ra bitartean, Txingudiko Zerbitzuakeko langileek herritarren zalantzak eta eskaerak erantzungo dituzte bulego ibiltarian. Gainera, ingurumen-hezkuntzan trebatutako langileak auzoko kaleetan, dendetan eta etxeetan ibiliko dira, eta bilerak eta topaketak egingo dituzte auzoko gizarte-eragileekin: zerbitzu publikoak, ikastetxeak, kirol eta kultura elkarteak, elkarte gastronomikoak, etab. Diptiko bat ere banatuko da postontzietan, herritarrak aktibatzeko hainbat argudiorekin.

Txingudiko Zerbitzuaketik Katea auzoko bizilagun guztiak animatu nahi dituzte bulego ibiltarira hurbiltzera, batez ere oraindik edukiontzi marroian alta emanda ez daudenak. “Une honetan, Katea auzoko etxebizitzen % 45ek bakarrik erabiltzen du modu egokian edukiontzi marroia, beraz, asko dago hobetzeko %100era iritsi arte, hori baita erronka, etxebizitzen 100% jasangarriak izatea”.

  

2675