Aldundia eta Donostiako Udala ‘MUGAK’ Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalari atxiki zaizkio
Aldundia eta Donostiako Udala ‘MUGAK’ Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalari atxiki zaizkio
Erakunden arteko lankidetza
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu eta proiektuaren bultzatzaile Iñaki Arriolak lankidetza-hitzarmena sinatu du lehen diputatuorde nagusi Denis Itxasorekin eta lehen alkateorde Ernesto Gascorekin.
‘MUGAK’, kulturaren eta arkitekturaren esparruko beste eragile batzuen lankidetza duena, azarotik urtarrilera garatuko da Miramar Jauregia egoitza nagusian eta hiriko puntu ugaritan: Tabakaleran, Koldo Mitxelenan, San Telmo Museoan, Santa Teresa komentuan, Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (AGET-EHU), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (EHAEO), Museum Cemento Rezolan, Tabakalerako Habic espazioan.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola buru izan da gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren artean ‘MUGAK’ Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala sustatzeko lankidetza-hitzarmenaren sinatze-ekitaldian.
Horrela, erakunde gipuzkoar nagusiak asmo handiko proiektu honi atxiki zaizkio. Nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegia du Bienalak eta datozen hiletan Donostia eta Euskal Autonomia Erkidegoa arkitekturako eta kulturako profesionalen eta oro har herritarren arteko erreferentzia-puntu eta topagune gisa kokatu nahi du.
Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldian izan dira, Arriola sailburuarekin batera, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatu Denis Itxaso; Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu diputatu Marisol Garmendia; Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gasco eta Hirigintza Sostengarriko, Etxebizitzako eta Hiri Proiektuetako zinegotzi Enrique Ramos.
MUGAK Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bultzarekin sortu da eta bere helburuen artean dago Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako arkitekturaren bikaintasuna hedatzea, lehentasunez nazioarteko esparruetan. Arkitektura garaikidea, badakiena bere ondarearen nortasun kulturala, historikoa eta artistikoa berrikuntzarekin eta modernotasunarekin konbinatzen.
Ildo horretan, Bienala arkitekturaren inguruko topagune bihurtzen da akademiko, profesional eta unibertsitateko ikasleentzat, baina baita herritarrentzat ere oro har.
Hitzarmena sinatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak konpromisoa hartzen du Donostiako MUGAK Nazioarteko Arkitektura Bienalarekin lankidetzan aritzeko, ekitaldia lurraldean eta nazioartekoan hedatzeko eta sustatzeko lanen bidez. Gainera, kultura-espazio batzuk utziko ditu, hala nola Koldo Mitxelena Kulturunea edo Santa Teresa Komentuan kokatutako kulturuneko zenbait espazio, Bienalarekin lotutako erakusketak eta jarduerak egiteko.
Bestetik, Donostiako Udalak bere gain hartuko du, beste konpromiso batzuen artean, Miramar Jauregian kokatutako egoitza nagusia mantentzea, baita programa osatuko duten jarduerak garatzeko erabiliko diren azpiegiturak eta zerbitzuak ere.
Gainera, Bienalak beste administrazio eta kultura-erakunde batzuen eta arkitektura-esparruaren inplikazioa du, horien artean Euskal Herriko Unibertsitatearena, Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren bidez. Izan ere, hango ikasle guztiak joango dira Miramar Jauregira (MUGAKen egoitza nagusira) Bienalaren inaugurazio-astean zehar, azaroaren 7tik 10era, beren eskola-jarduera garatzera.
Bienalaren laguntzaile dira, baita ere, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (EHAEO), Ancora Herritarren Elkartea, Reflex Espazioa, Peña Ganchegui Artxiboa, Habic klusterra eta Museum Cemento Rezola.
Erakundeen arteko lankidetza
Iñaki Arriola sailburuak Aldundiaren eta Udalaren konpromisoa eskertu du eta, adierazi duenez, lankidetza-akordio hau “funtsezko urratsa da Euskadiko Arkitektura Bienalaren arrakasta ziurtatzeko. MUGAK programa izugarri erakargarria du, azken Pritzker sariaren irabazleei eskainitako erakusketa nagusi batekin eta ekitaldi paralelo izugarri erakargarriekin publiko guztientzat. Ziur naiz denon ahaleginarekin eta lankidetzarekin Bienala gogoratzeko ekitaldi bat izango dela”.
Lehen diputatuorde nagusi Denis Itxasok foru-erakundearen izenean hitz egin du azpimarratzeko “Arkitektura Bienalarekin Gipuzkoa erreferente bihurtuko dela hiri-berrikuntzako proposamenetan gure hiriak eta haien biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko”. Gainera, bere ustez, Bienalak Gipuzkoaren eta Donostiaren posizioa finkatzen du Euskadiko kultura-erreferente gisa arkitekturaren eta hirigintzaren eremuan”.
Donostiako Udaleko lehen alkateorde Ernesto Gascok azpimarratu du: “hirigintza orekatu, antolatu zein arrazionalaren eta Donostiako hiriaren artean dagoen batasuna. 1813. urtean berriro sortu zenetik, hasteko, Ugartemendia planaren bidez, eta, 1863. urtetik aurrera, Cortázar hiri-zabalgunearen bidez, gure hiria erreferentziako hiri-paisaia bilakatu zen Europa mailan. Gainera, Bienal honek kultura, ezagutza, talentu eta erakargarritasun turistikoaren arteko konplizitateak urteko edozein sasoitan lotzeko aukera ematen digu; beraz, turismoa sasoi bakarrekoa ez izatea sustatzen du.”
Berrogeita hamar ekitaldi
MUGAK azaroan, abenduan eta urtarrilean garatuko da, baina inaugurazio-astea azaroaren 7tik 10era izango da, eta berrogeita hamar ekitaldi hartuko ditu, erakusketa, hitzaldi, tailer eta mahai-inguruekin. Programako ekitaldi nabarmenenetako batek RCR Arquitectes estudioa izango du protagonista, aurtengo Pritzker sariaren irabazlea, arkitekturaren eremuko munduko saririk handiena. Estudioa ‘Creatividad compartida’ izeneko erakusketarekin etorriko da Donostiara. Gainera, nabarmena da Sou Fujimoto arkitekto japoniar ospetsuaren parte-hartzea. Bienalaren inaugurazio-astea hitzaldi batekin amaituko du azaroaren 10ean.
MUGAKek herritar guztiengana iritsarazi nahi du arkitekturarako grina. Horregatik, jarduera guztiak azarotik urtarrilera egingo dira hiriko hamabosten bat puntutan zehar. Miramar Jauregia egoitza nagusiaz gain, erakusketak eta ekitaldiak izango dira Tabakaleran, Koldo Mitxelenan, San Telmo Museoan, Santa Teresa komentuan, Euskal Herriko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (AGET-EHU), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (EHAEO), Museum Cemento Rezolan eta Tabakalerako Habic espazioan.
MUGAK Bienalaren jarduera guztiak www.mugak-bienalsansebastian.eus web-orrian emango dira ezagutzera, sare sozialetan egoteaz gain.
1780