Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Bilera bateratua adinekoen egoitza sareko ordezkariekin

Bilera bateratua adinekoen egoitza sareko ordezkariekin

Covid-19aren eraginak modu bateratuan aztertzeko, lurraldeko egoitza sare osoarekin bilera egin dute foru ordezkariek.

Lurraldeko adinekoen egoitza sareko ordezkariekin bilera bateratua egin du gaur eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiak, zeinetan baita ere parte hartu duen Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialak. Guztira 20 bat lagun elkartu dira bilera telematiko honetan, Markel Olano diputatu nagusiaren gidaritzapean. Bertan izan dira, baita ere, Gizarte Politiketako nahiz Ingurumeneko foru diputatuak, Maite Peña eta Jose Inazio Asensio, hurrenez hurren. Bi helburu nagusi izan ditu topaketa honek. Batetik, koronabirusak gizarte zerbitzuetan izandako eraginari aurre egiteko Txoke Planean jasotako neurrien inguruan gogoetak eta proposamenak partekatzea; bestetik, egoitzetan dituzten beharrizan eta eskaera nagusiak modu bateratuan aztertzea.

Maite Peñak nabarmendu duenez, elkarlana “ezinbestekoa” da Covid-19ri aurre egiteko, gaitzaren “kutsatzea saihesteko” eta, dagoeneko iritsi den lekuetan, “zabalkundea ahalik eta gehien kontrolatzeko”. “Egoitzekin egunero-eguneroko kontaktua daukagun arren, beharrezko jo dugu egoitza sare osoarekin batera bilera hau antolatze. Modu horretan, guztion artean, irakurketa oso bat egin eta Txoke Planean aurreikusitako neurrietan sakontzen jarraitu dezagun”, osatu du.

          Sareko ordezkarien gogoeta eta iritziak jaso ostean, Maite Peñak bi neurriren berri eman du, biak ere Txoke Planaren testuinguruan garatuko direnak. Lehenik, egoitzetako langileei arreta psikologikoa eskainiko dien zerbitzua abiaraziko du Foru Aldundiak. Bigarrenik, FFP2 motako osasun maskaren desinfekzio eta esterilizaziorako makina erosi du Foru Aldundiak, zentro guztiek erabili ahal izan dezaten, gisa horretan material hori berrerabili ahal izan dezaten.

Maite Peña diputatuaren esanetan, egoitzetan lanean diharduen pertsona orok jo ahalko du arreta psikologikorako kanalera, Txoke Planean kokatzen diren neurri horietako lehenari esker. Telezaintza telefonoak eskaintzen dituen zerbitzu zerrendara gehituko da, dagoeneko senitartekoei eta gizarte zerbitzuen onuradunei eskaintzen zaien laguntza psikosozialaz gain.

Bigarren neurriari dagokionez, kasu positiboak artatzeko erabiltzen diren FFP2 maskaren desinfekzio eta esterilizaziorako makina Arrasaten egongo da kokatuta. “Teknikariek Gipuzkoako zentro guztietan poltsa bereziak banatuko dituzte, berrerabili daitezkeen maskarak bertan utziko dituzte egoitzetako langileek eta, ondoren, zorro horiek guztiak batu eta esterilizazio prozesura bideratuko dituzte. Gisa horretan, segurtasun osoz, gehienez hiru aldiz berrerabili ahalko da osasun material hori”, xehetu du Peñak.

          Foru arduradunek bileran azpimarratu dutenez, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, “esfortzu handia” egiten ari da Foru Aldundia, langileak eta egoiliarrak babesteko egoitzek behar duten materiala helarazi ahal izateko. Horregatik, ekipo berriak erosteaz gain, “materialak segurtasunez berrerabili ahal izateko tresna ekipo hau aktibatu dugu, material eskasia orokorra den une hauetan”, aipatu du diputatuak.

Amaitzeko, egoitzetako langile eta arduradunak egiten ari diren “lan eskerga” nabarmendu nahi izan du Maite Peñak. “Testuinguru oso zail batean egiten ari diren “ahalegin nekaezinagatik gure errekonozimendu osoa eskaini nahi nieke”, goraipatu du. Gainera, foru arduradunek gogoan izan dituzte Gipuzkoako egoitzetan hildako pertsona guztiak, nahiz gaixorik daudenak eta egoiliarren senitartekoak. “Oso une delikatuak dira, giza ikuspegitik saminez betetako uneak. Testuinguru honetan guztien aldetik jasotzen ari garen jarrera eraikitzailea dela eta eskerrak eman nahi nituzke”, estimatu du Peñak.

 

Hiru hildako eta 17 positibo berri

Gipuzkoako Foru Aldundiak, egunero egiten duen bezala, lurraldeko egoitzen egoera eguneratu du, non guztira 5.425 pertsona artatzen diren. Azken datuen arabera, hiru lagun zendu dira Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan eta 17k eman dute positibo Covid-19an. Azken hildakoak izan dituzten egoitzak izan dira Tolosako Iurreamendi, Zumaiako Otezuri eta Eibarko San Andres; orain arte, 14 dira hildako adineko pertsonak. Guztia 12 dira positiboren bat antzeman duten egoitzak, 65 egoitzako saretik, atzo baino bat gehiago, azken orduetan Zumarragako Argixaon eman baitira 2 positibo. Egoitza-sare osoan 121 pertsonek eman dute positibo, bost ospitaleratuta daude eta 27 eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora.

  

1591