Biolentzia matxista eta erantzunkidetasuna, alorreko adituen eskutik, aztergai izan dute GUNEAn
Biolentzia matxista eta erantzunkidetasuna, alorreko adituen eskutik, aztergai izan dute GUNEAn
Bizitza jasangarria: Kontziliazioa, Erantzunkidetasuna eta Zaintzak izenburupean antolatu du Berdintasuneko foru organoak gaur ziklo honetako bigarren hitzaldia
Berdintasunerako GUNEA partaidetza espazioak bi hitzaldi antolatu ditu Foru Aldundian, Gipuzkoako emakume elkarte, talde feminista eta proiektuaren inguruan interesa agertu duten hainbat emakumeren parte-hartzearekin. Indarkeria matxista eta “bizitza jasangarria” izan dituzte mintzagai. Azken ideia horrekin lotutako solasaldia burutu da gaur, hain zuzen ere, eta kontziliazioa, erantzunkidetasuna eta zaintzen partekatzean lurraldeak behar dituen hobekuntzak aztertu dituzte.
Joan den maiatzean, GUNEAren funtzionamendu eredua adosteaz gain, erabaki eta zehaztu ziren zeintzuk izango ziren eztabaidarako gaiak. Lehenak indarkeria matxistarekin du harremana, eta besteak, berriz, bizitzaren iraunkortasunarekin. Hauek izan dira GUNEA berriaren inguruan aurten egingo diren lau bileretako bigarrenak. Bi hausnarketa prozesu horiek gauzatzeko adituen parte hartzea sustatu du Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonezkoen Berdinasunerako Organoak.
Urriaren 17an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenez “Genero indarkeria” lelopean antolatu zen lehen hitzaldia, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren lerro estrategikoa dena, Foru Aldundiko lehentasunetariko bat. Horren lekuko 2016ko azaroan onartutako Aurre! Plana, Gipuzkoan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko I. Foru Plana. Egitasmo honen baitan, indarkeria matxistaren biktimei aitorpena, kalte-ordaina eta eskubideen urraketa lehengoratzeko ekintzak gauzatzeko ardura hartu du Foru Aldundiak.
Lehen mahai inguru horretara gerturatutako emakumeek Barbara Tardon eta Socorro Alvarez adituen hitzaldia entzuteko aukera izan zuten. Barbara Tardon doktorea da diziplina arteko genero ikerketetan, eta baita nazioarteko hainbat erakundetarako aholkularia ere. Socorro Alvarez berriz, psikologo klinikoa izateaz gain Emakundeko biolentzia matxistaren aurkako alorraren arduraduna da.
Indarkeria matxistaren auzian, biktimei aitorpena, kalte-ordaina eta eskubideen urraketa lehengoratzea giza eskubideen ikuspuntua eta ikuspuntu feminista aztertu zituzten. Ikuspegi horretatik administrazio publikoek dituzten betebeharrak zabaltzen dira. Horretaz aritu ziren mahai inguruko kideak, eta Barbara Tardonek gaiaren alde teorikoa jorratu zuen, begirada horren ibilbidea eta edukiak azaldu zituen; eta Socorro Alvarezek berriz, Emakundek gaiaren inguruan egingo duen lanketa azaldu zuen; izan ere, oraindik zirriborro eran dagoen, erkidegoko emakume eta gizonen arteko berdintasunerako VII Planean.
Bigarren solasaldia berriz, gaur burutu dena, “Bizitza jasangarria: Kontziliazioa, Erantzunkidetasuna eta Zaintzak” izenburupean egindako lan bilera izan da. GUNEAko lan kideak izan ziren gai honen inguruko hausnarketa egitea erabaki zutenak. Izan ere, gaiak garrantzi handia izan du mugimendu feministaren aldarrikapenean, eta horren inguruan Foru Aldundiak egingo duen politika ezagutu nahi zuten proposamenak helarazteko.
Indarkeria matxistaren lan taldeak egingo duen bezala, lan talde honek lau lan-saio izango ditu. Bigarren lan-saio honetan Maria Pazos eta Sara De La Rica adituen parte-hartzea izan dute. Maria Pazos Matematikan lizentziaduna da eta ikerketa azterketetako burua Zerga Azterketen Institutuan, Ogasuneko eta Herri Administrazioetako Ministerioan. Sara De La Rica berriz EHUko ekonomiako katedraduna da, baita COSMEko (Comité sobre la situación de la Mujer en Economía) lehendakaria ere. Maria Pazosek eta Sara De La Rica kontziliazio erantzunkideen berdintasun politiken inguruko hausnarketa egin dute. Lehenak marko orokor batetik hitz egingo du, eta bigarrenak enpleguaren ikuspuntutik.
Modu presentzialean parte hartzeaz gain, emakumeek birtualki ere parte hartu ahal izan dute. Eztabaida horretarako, Berdintasun zuzendaritzak plataforma digital berri bat jarri zuen martxan emakume gipuzkoar guztien eskura (www.berdintasuna.gipuzkoa.net). Gune birtual honek emakumeen etengabeko parte hartze handiagoa lortzea du helburu, baita publiko gazteago bat erakartzea, belaunaldi berri horrek berdintasunaren inguruan kontzientzia hartu eta eztabaidatu dezan. Bigarren dinamika honetan nabarmendutako ideiak jasoko dira hirugarren bilera batean, azken fasean Aldundiari proposamen zehatzak eskaini ahal izateko.
Miren Elgarrestak bere esker ona adierazi die eztabaida espazio hauetan eta gune birtualean parte hartu duten emakume guztiei. Zentzu berean, prozesuan inplikatu diren elkarte zein emakume kopuru eta aniztasuna azpimarratu du, “gizarte guztiaren parte hartzea ezinbestekoa baita, eta ideia guztiak jasotzea du helburu GUNEA berriak” gehitu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak “berdintasun alorrean, Gipuzkoa lurralde aurreratuenen artean kokatzeko” konpromisoa duela ere erantsi du, “hori baita gure lurraldea aurreratua eta lehiakorra izateko giltzarria”.
1711