Birziklatzearen Klusterrak Grupo Campezo bisitatu du
Birziklatzearen Klusterrak Grupo Campezo bisitatu du
Helburua da sektoreko enpresek in situ ezagutu dezatela Ekonomia Zirkularrean izan duten arrakastako esperientzia.
Gipuzkoako birziklatzearen eta berrerabiltzearen sektoreko sarea osatzen duten enpresen, elkarteen, fundazioen, unibertsitateen, teknologia-zentroen eta ingurumen-aholkularitzen hogei bat erakunde Donostiako Grupo Campezoren instalazioetan bildu da, haien proiektua zuzenean ezagutzeko.
Mónica Pedreira: «Topaketa horien helburua da enpresak sentsibilizatzea berreskuratze berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak dakartzaten erronkei buruz, eta horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakustea».
«GK Recycling-eko enpresen artean informazioa eta ezagutza modu aktiboan trukatzeak sinergiak sortzeko eta eredu errepikagarriak aurkitzeko aukera emango du, konponbide lehiakorrenak aurkitzen laguntzeko».
Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendaria Gipuzkoako Berrerabilpenaren eta Birziklapenaren Sektoreko 'Recycling Top' jardunaldiaren buru izan da. Jardunaldiak 'GK Recycling' birziklatzearen Klusterra osatzen duten enpresen ezagutzan sakondu nahi du, klusterreko kideen ekoizpen-plantetara bisita batzuk eginez, non jarduera-prozesuak eta arrakastako kasuak azaltzen baitira. Gipuzkoako Ekonomia Zirkularreko esperientzia arrakastatsuak in situ ezagutzeko parada da, burutu dituzten pertsonen eta enpresen eskutik.
Donostiako Grupo Campezoren instalazioetan egindako ‘Recycling Top’ hirugarren topaketa honetan, Gipuzkoako birziklatzearen eta berrerabilpenaren sektoreko sarea osatzen duten enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, teknologia-zentro eta ingurumen-aholkularitzen hogei erakundek hartu dute parte.
- Enpresak: Altuna y Uria, Ekogras, Ekomodo, Electro talleres Zarauz Jolas, GHK, Gureak, HABIC, Moyua, Plastigaur, Tratamientos Geuria eta Urdinberri.
- Fundazioak eta elkarteak: Aclima eta Cristina Enea Fundazioa.
- Unibertsitateak eta teknologia-zentroak: CEIT IK4.
- Ingurumen-aholkularitzak: GISMA, Haginpe consultoría ambiental, Idom, Aguirrezabalaga eta Sinple.
Ekimen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Gipuzkoak birziklapenaren arloan duen indarguneari balioa eman nahi dio, eta sektorearen garrantzia ikusarazi Ekonomia Zirkularraren barruko motor ekonomiko gisa eta enplegu berdearen sorreran. Era berean, enpresentzako laguntza instituzionaleko tresna bat izan nahi du, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan, eta aurkezpen-gutun izan eta berrikuntza-sare berde bat sortu nahi du.
Horri dagokionez, Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak azaldu duenez, topaketa horien helburua da enpresak susperraldi berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak planteatzen dituzten erronken inguruan sentsibilizatzea, erronka horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakutsiz. Pedreirak adierazi duenez, «GK Recyclingeko enpresen artean informazioa eta ezagutza modu aktiboan trukatzeak sinergiak sortzeko eta eredu errepikagarriak aurkitzeko aukera emango du, soluzio lehiakorrenak aurkitzen laguntzeko».
«Sektore hori hazteko aukera bat da Gipuzkoarentzat, eta, beraz, gure konpromisoa da enplegua sortzeko eta hazkunde ekonomikorako potentzial handia duen sektore estrategiko bat bultzatzea, babestea eta ikusaraztea. Gainera, sektore horren hazkundeak aukera emango digu Ekonomia Zirkularrari buruzko Europako Zuzentarauak behar bezala betetzeko», Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariak adierazi duenez.
Datu on horiek gorabehera, Pedreirak azpimarratu du politikak eta araudiak behar direla sektore guztietan materialak berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko, eta beharrezkoa dela sektorerako teknologietan ikertzen jarraitzea eta proiektu berritzaileak bultzatzea. Pedreirak Gipuzkoako industria-sarean dagoen ingurumen-kontzientziazioa eta enpresen artean dagoen lankidetza-espiritua ere nabarmendu ditu.
Grupo Campezo
Jardunaldi honetan Grupo Campezoren jarduera ezagutarazi da.Duela gutxi, jasangarritasuna Campezoren erabaki-hartzearen erdigunean dagoenez, Ingurumen Estrategiaren Departamentu berri bat definitu dute, ingurumen-ikuspegia oro har eta ekonomia zirkularra bereziki enpresaren jardun-eremuetan aplikatzeko: Obra zibila, Industria-eraikuntza, Ekoizpena eta Aglomeratuaren hedapena, talde bereko enpresen arteko sinergiak zehaztuz.
Errepideak konpontzeko jardueretan, fresatutako materialaren milaka tona ekoizten dira urtean, eta duela gutxi arte hondakindegira bideratuta zeuden hondakin gisa. Gaur egun, material hori lehengai birziklatu gisa erabiltzen ari dira, agregakin naturalen ordez ehuneko batean; beraz, kualitate handiko hondakin bati balioa ematen diote.
Grupo Campezo aitzindaria izan zen sektorean, bere instalazioetan ekoizten dituen zenbait produkturen Ingurumen Adierazpena egin baitzuen. Campezo hedatze-prozesuan dago bete-betean, eta, beraz, produktu guztien ingurumen-informazioa izan dezake.
Bestalde, une honetan enpresa-taldearen deskarbonizazioa eta zero hondakinaren helburua bezalako proiektuetara ere bideratuta dago.
GK Recycling
2016an, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak GK Recycling birziklatze-klusterra sortu zuen. Gipuzkoan berrerabiltzeko eta birziklatzeko kluster bat sortu nahi zen, eragile publiko eta pribatuen ideiak eta iritziak trukatuz, gure lurraldearen benetako beharrak eta aukera berriak antzeman eta aztertzeko.
Gaur egun, 80 erakundek osatzen dute klusterra: 46 enpresak, 12 elkarte eta fundaziok, 7 unibertsitate eta teknologia-zentrok eta 15 ingurumen-aholkularitzak.
2095