Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Bizkaiak eta Gipuzkoak lankidetza estutu dute

Bizkaiak eta Gipuzkoak lankidetza estutu dute

'Startup'-en eta enpresa txiki-ertainen lehiakortasunari lagundu eta nazioarteko talentua erakarri nahi da.

2018/01/25
Bizkaiak eta Gipuzkoak lankidetza estutu dute

Bizkaiak eta Gipuzkoak erabaki dute lankidetza estutzea ekintzailetasun aurreratuan eta talentuan. Bi lan eremuak estrategikoak dira bi erakundeontzat, eta, akordio honen bidez, bi lurraldeen eta bertako ehun enpresarialen presentzia eta eragina indartuko dute nazioarteko nodo garrantzitsuetan, eta lotura hobe bat lortuko dute beren ekintzailetasun ekosistemen artean.

Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomiko, Landa Ingurunea eta Lurraldearen Orekako Gipuzkoako foru diputatuak eta Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Bizkaiko foru diputatuak bi erakundeok sinatuko duten hitzarmenaren berri eman dute gaur goizean. Haren bidez, beste urrats bat emango dute bi lurraldeek duten lankidetzan, abian dauden ekimenak partekatuko dituzte, eta jarduketa eta estrategia berriak bultzatu eta garatuko dituzte.

Zehaztu denez, akordio hau bat dator Ekintzailetasunaren erakunde arteko 2020 Planarekin, hartara aurrera egiteko Euskadi ekintzaileago baten alde eta laguntza ekosistema kohesionatuago eta eraginkorragoa duen baten alde. Lankidetza testuinguru horretan, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek arreta jartzen dute ekintzailetasun aurreratuan eta talentuaren kudeaketan. Horrela, egungo politikak lerrokatu nahi dituzte, eta baterako programen diseinu eta garapenean lan egin nahi dute. Horretarako, informazioa partekatuko dute, ezagutza eskualdatuko dute eta ekintzailetasun aurreratuko eta talentuko ekintza batzuen diseinu eta garapen aukerak aztertuko dituzte.

Lehen jarduera bateratuak, ekintzailetasun aurreratuaren eta talentuaren esparruan, hauek dira:

  1. Startup-en azelerazio programa Masschallenge-n eta Cambridge Innovation Center-en (Boston). Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza bati ekin zion 2015ean eta 2016ean nazioartean mugarri diren azeleragailu hauekin, eta, orain, lankidetza hori Gipuzkoako startup-etara zabalduko da. Horrela, bi lurraldeetako startup-ek egonaldiak burutu ahal izango dituzte bertan, astebetekoak motzenak eta sei hilabetekoak luzeenak, negozio modeloen garapenean eta eskalabilitatean aurrera egiteko.
  2. Bizkaiak eta Gipuzkoak nazioarteko talentua Euskadira erakartzeko jardunaldiak antolatuko dituzte batera, Be Basque Talent network sarearen barruan –dagoeneko abian 2015etik–. Bertara, Gipuzkoako enpresak joan ahal izango dira. Orobat, Bizkaia Talent-ek bere ezagutza eta esperientzia partekatuko du, Gipuzkoako Aldundiak abiarazitako Gipuzkoa Talent estrategiaren helburuak garatzeko. Bizkaia Talent-ek 12 urteko ibilbidea eta esperientzia du berrikuntza eta ezagutza prozesuetan kalifikazio gorena duten pertsonak erakartzeko, talentuak hemen jarraitzeko eta konektatzeko esparruan. Bizkaia Talent-ek lurralde baten garapenerako eragile nagusia sustatu eta indartzen du: giza kapitala. Horretarako, Euskal Herri osoko enpresa eta unibertsitateekin lan egiten du. Gipuzkoa Talent-ek, berriz, web orri bat eta plataforma digital bat sortuko ditu laster, talentua hemen gera dadin eta erakartzeko, eta horretarako ere baliabide berriak bideratzea aurreikusia du.
  

1954