Bonu teknologikoak, enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala bultzatzeko
Bonu teknologikoak, enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala bultzatzeko
Deialdiak 400.000 euroko partida bat dauka, hasiera batean, eta sartuta dago Gipuzkoako 4.0. Fabrikazio Aurreratuko Sarearen barruan
Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur, lehenengo aldiz abiarazi du bonu teknologikoen programa bat, helburutzat duena enpresa txiki eta ertainei laguntzea urratsak egiten 4.0. Industriaranzko iragatean. Deialdi horren aurrekontua 400.000 euro da, eta, gehienez, 8.000 euroz hornituko ditu hainbat enpresa txiki eta ertain, hau da, 4.0. Industriako kontzeptuetan aurrera egiteko proiektuei heltzen dietenak lurraldeko zentro teknologikoekin lankidetzan.
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatu Ainhoa Aizpuruk, Mendaron eman du ezagutzera ekimen hori, gaur, Egile taldearen egoitzan, non aukera izan duen ITS enpresaren instalazioak ezagutzeko, enpresa hori izanik kasurik aurreratuenetako bat Gipuzkoako 4.0. Fabrikazio Aurreratuko Sarean, zeina baita elkarlaneko programa aitzindari bat, helburutzat duena enpresa txiki eta ertainei laguntzea 4.0. Industriarako jauzi teknologikoa ematen. Bonu teknologikoetarako diru laguntza deialdia, Diputatuen Kontseiluak gaur onartua, Gipuzkoako 4.0. Sarearen parte da, eta haren osagarri.
Diputatuak gogorarazi duenez, Foru Aldundiak gogor lan egiten du lurraldeko ekonomiari eusten, eta horretarako, “apustu berriak” sustatzen ari da, etorkizun handieneko eremu estrategikoetan. Ekoizpen sektorea laugarren industria-iraultzan murgilduta dago, jada aditu batzuek dioten bezala, eta hura 4.0. Industriaren eskutik etorriko da. Gure enpresa-ehunak, batez ere enpresa txiki eta ertainez osatuak, indarrak eta ahuleziak ditu; besteak beste, olatu horretara igotzeko zailtasuna,” jorratu du.
Errealitate horri aurre egiteko asmoz, Foru Aldundiak, Gipuzkoa 4.0. Sarearen bitartez, “enpresen eta zentro teknologikoen arteko sinergiak indartu nahi ditu, 4.0 Industriaren iraultza, lurraldeko enpresa txiki eta ertainei zabaltzeko”. “Baditugu hainbat enpresa eta zentro teknologiko, arlo horretan munduan eredugarri direnak, eta nahi dugu ezagutza horrek balio izatea enpresa txikiei erakusteko zer-nolako ahalmena duen 4.0. Industriak, gero aukera izan dezaten beren ekoizpen sistemei aplikatzeko. Elkarlaneko programa aitzindari bat da”, zehaztu du Aizpuruk. Zerbaitegatik dauka antzeko aurrekari bat Alemanian, Plattform Induestrie 4.0. delakoa.
Gipuzkoa 4.0. Sarearen lehen gunea osatzen dutenak hauek dira: lurraldeko bost zentro teknologiko, eta hiru enpresa, munduan aitzindariak beren arloetan; zehazkiago, alde batetik, Ibarmia, Goimek (Danobat Group) eta ITS (Egile taldea) enpresak, eta bestetik, Tecnalia, IK-4 Reseach Alliance (Tekniker, Lortek, Vicomtech) eta IMH-TKgune zentro teknologikoak. Horietan guztietan, jardunaldi batzuk egiten ari dira joan den hilean hasita, honelako kontzeptuak erakusteko: mekanizazio lantegien automatizazioa, zibersegurtasuna, Data Analytics teknologia, eta hainbat fabrikazio prozesu, oinarrituak laser teknologian, robotikan eta fabrikazio gehigarrian, besteak beste. Jardunaldi horietan parte hartu nahi duten enpresa txiki eta ertainek web orri honetan eman dezakete izena: www.gipuzkoa.eus/industria4-0
“Ez gara ari bisitez eta erakusteko jardunaldiez bakarrik. Sareari esker, beren sistemen eraldaketa digitalerako urratsak egin nahi dituzten enpresek, aukera izango dute bonu teknologikoak eskuratzeko”, osatu du diputatuak. Bonu teknologikoen bidezko laguntzak, gehienez, 8.000 euroko hornidura izango du; hartara, halako enpresek “lurraldeko zentro teknologikoen lankidetzarekin, aukera izan dezaten 4.0. Industriaren kontzeptuetan aurrera egiteko”.
2104