Bortizkeria berriro errepikatu ez dadin
Bortizkeria berriro errepikatu ez dadin
ETAren desegitea gauzatzearekin bat, diputatu nagusiak biktimak izan ditu gogoan eta kultura demokratikoan sakontzeko deia egin du
ETAk bere desagerraraztea eta egitura guztien desagerpena ezagutzera eman ondoren, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, erakunde armatuaren indarkeriak bere historian zehar eragindako “biktima guztiak” izan ditu gogoan gaur. Olanok gogorarazi duenez, Gipuzkoa “tamalez” ETAren biktima kopuru zabalena jasan duen lurraldea izan da, eta “bortizkeria bidegabe” horren eragina jasan duten pertsonak eta haien senitartekoei “gertutasuna eta elkartasun osoa” eskaini die beste behin.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, “inoiz hasi behar ez zen historia bat amaitu da” gaur, eta hori berri ona da, inondik ere. “Euskal Herriak ez du inoiz salbatzaile armaturik behar izan” eta, Olanoren esanetan, ETAren estrategia politiko militarra “erabat gaitzesgarria” izan da, giza eskubideak “urratu dituelako” eta euskal politikari “berealdiko kaltea” egin diolako, “zer esanik ez herritarren arteko bizikidetzan”.
“Gaur ere, iraganean gertatutako hori ahaztu gabe eta biktimei dagozkien eskubideetatik –egia, justizia eta erreparaziotik– abiatuz, etorkizunera begiratzeko unea da. Batetik, lurralde nahiz herri gisa bizikidetzan sakontzen jarraitzeko deia egiten dut. Bestetik, etorkizunean berriro ere horrelakorik errepikatu ez dadin, ezinbesteko jotzen dut herritarron, herri ordezkarion eta, batez ere, belaunaldi berrien kultura politiko demokratikoan sakontzera eramango gaituzten egitasmoak bultzatzea. ETAren desegitea mugarria da, bide horretan, eta aukera ona eskainiko digu aurrera begira bide berriak jorratzeko”, azpimarratu du Olanok.
Etorkizunean berriro ere horrelakorik errepikatu ez dadin, ezinbesteko jotzen dut herritarron, herri ordezkarion eta, batez ere, belaunaldi berrien kultura politiko demokratikoan sakontzera eramango gaituzten egitasmoak bultzatzea
1614