Bulegoetara joan eta TicketBAIri buruzko zalantzak argitzeko dei egin die Ogasunak zergadunei
Bulegoetara joan eta TicketBAIri buruzko zalantzak argitzeko dei egin die Ogasunak zergadunei
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jokin Peronak zergadunak animatu ditu, pausua eman eta borondatezko epean sartzera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu den Jokin Peronak TicketBAIko behartuei lurraldeko zerga administrazioaren bulegoetara hurbiltzeko deia egin die gaur, jada martxan baitago sistema berri honen arreta presentziala. "Zerbitzu berri honen helburua informazioa zuzenean ematea da, eta zergadunak izan dezakeen edozein zalantza edo kezka argitzea da", esan du Foru Aldundiko arduradunak. Hala, proiektuaren inguruko ezjakintasunak zalantzak sor ditzakeela azaldu du, eta, beraz, praktikoena "gure bulegoetara joan eta ziurgabetasun horiek argitzea" dela gaineratu du. "TicketBAI, Gipuzkoa bezala esku artean duen erronka garrantzitsuenetako bat da, eta Ogasunetik laguntzeko gaude, lagundu egin nahi dugu", nabarmendu du.
Halaber, TicketBAIko borondatezko epean sartzeko "urratsa" emateko deia egin die zergadunei. "Sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko eta harekin ohitzeko modurik eraginkorrena da, probak egiteko eta beldurrik gabe praktikatzeko", gogorarazi du, eta isunen erregimena borondatezko epe horretan indarrean ez dagoela gogoratuz. Era berean, azpimarratu du TicketBAIko inbertsioak finantzatzeko laguntza ekonomikoak handiagoak direla borondatezko epean: egindako inbertsioaren % 60ko kenkari fiskal moduan, eta 1.000 euroko laguntza zuzenak merkataritza eta ostalaritzarentzat, COVID-19ren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak.
Hitzordua hartzea
Zerbitzua erabiltzeko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Horretarako, 943 113 000 telefonora deitu behar da, edota Gipuzkoako foru Ogasunaren webgunearen bidez bestela (https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ogasuna/cita). Hitzorduak astelehenetik ostiralera hartu daitezke, 08:00etatik 14:30era, eta zergadun bakoitzak ordu erdiko tartea izango du. Gipuzkoako foru Ogasunak 15 teknikari kontratatu eta prestatu ditu egitasmo berri honetarako, eta zerbitzua Errotaburu eta Okendo (Donostia), Azpeitia, Bergara, Eibar, Irun eta Tolosako lurralde bulegoetan emango da. Horrela, zerga administrazioak TicketBAI proiektuarekin lotutako laguntza-zerbitzua osatzen du, aurrez martxan baitzituen telefonozko arreta zerbitzua (943 113 000), arreta telematikoa (ticketbaikontsultak@gipuzkoa.eus) eta chatbot zerbitzua. Azken hau foru Ogasunaren webgunean dago eskuragarri.
TicketBAI zerga-betebehar berri bat da, eta jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztiei eragiten die, 55.000 inguru Gipuzkoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean garatutako proiektua da, baina lurralde bakoitzean modu desberdinean hedatuko da. Gaur egun, proiektua borondatezko epean dago 2021eko urtarrilaren 1etik, eta 2022an zehar derrigorrezkoa izango da: urtarrilaren 1ean, zerga-kudeaketako profesionalentzat; martxoaren 1ean, jarduera profesionaletan aritzen direnentzat; maiatzaren 1ean, txikizkako merkataritza, ostalaritza eta ostatu-sektorea; urriaren 1ean, eraikuntza, higiezinen sustapena, garraioa eta aisialdiko, kulturako eta arlo pertsonaleko zerbitzuak; eta abenduaren 1ean, fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioak, finantzak, artistak eta gainerako behartuak.
Proiektuak hiru aurrerapen esanguratsu ekarriko ditu. Lehenik eta behin, TicketBAIk, praktikan, Gipuzkoako ekonomiaren erabateko digitalizazioa ekarriko du, pandemia osteko egoeran ekonomia lehiakorra izaten jarraitzeko ezinbesteko elementua dena. Bigarrenik, Ogasunak TicketBAIri esker jasoko duen informazio fluxuak aukera emango dio zerga-administrazioari zergadunen izapide burokratikoak errazteko; izan ere, epe ertainean, pertsona autonomoen eta enpresen PFEZaren eta BEZaren aitorpenak egiteko gai izango da, bai eta zergadun bakoitzarekin dagokion sektoreari buruzko informazioa eta adierazleak partekatzeko ere. Eta, hirugarrenik, iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia izango da, zerga-betebeharrak betetzen ez dituztenen lehia desleiala ezabatzen lagunduko baitu.
Kenkariak eta laguntzak
Gipuzkoako Foru Aldundiak kenkari eta zuzeneko laguntza sorta handia du mahai gainean, zergadunei TicketBAI betetzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiten laguntzeko. Hala, sistema ezartzeko egindako inbertsioaren % 30eko kenkari orokorra dago, eta kenkari-oinarriaren muga 5.000 eurokoa da (hau da, kenkaria gehienez 5.000 euroko inbertsiora arte aplikatzen da). Pizgarri hori nabarmen handituko da zergaduna TicketBAIn borondatezko epean sartzen bada; orduan, egindako inbertsioaren % 60raino eta 5.000 euroko oinarriaren muga bera izango ditu kenkaria. Zergapekoek borondatezko epean sartu daitezke, nahitaezko bihurtu baino hilabete lehenago arte.
Era berean, Kenkariback izeneko mekanismoa ere ezarri da, pizgarriaren aplikazioa aurreratzea ahalbidetzen duena. Ondorioz, likidezia jasotzea aurreratzen du, 2022an egingo diren Errenta eta Sozietateen kanpainen zain egon gabe. Kenkariback aplikatu ahal izateko, zergadunak azken lau ekitaldietan ordaindu dituen zergak hartu dira erreferentziatzat (PFEZ, pertsona fisikoen kasuan; Sozietateak, enpresen kasuan), eta aldi horretan ordaindutako kopuruak dira itzuliko direnak, kenkariak ezartzen duen mugaraino. Kenkariback azaroan abiatuko da, eta Zergabidean eskuragarri egongo den formulario erraz baten bidez eskatu ahal izango da. Eskaera bidali ondoren, zergadunak hurrengo hilean jasoko du dirua.
Azkenik, COVID-19ren krisiak gehien zigortu dituen kolektiboek, hala nola ostalaritzak eta merkataritzak, zuzeneko laguntza-lerro bat dute, 1.000 eurokoa zergadun bakoitzeko. Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko departamentuak jarri du abian laguntza lerro hau. Laguntza hauek jasotzeko epea azaroaren 30era arte dago zabalik, eta onuradunak TicketBAIn gutxienez 15 faktura jaulki dituela egiaztatu beharko du.
2558