Bultzada berria gazteen enpleguari Debabarrena eta Oarsoaldea eskualdeetan
Bultzada berria gazteen enpleguari Debabarrena eta Oarsoaldea eskualdeetan
50 pertsonak gaitasun profesionalak indartuko dituzte, enplegagarritasuna hobetuko dute eta lan munduan sartzeko aukera berriak izango dituzte
Sustapen Ekonomikoko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua den Ainhoa Aizpuruk lankidetza hitzarmen bat sinatu du Telefonica fundazioarekin, Santa María la Real fundazioarekin eta Debegesa eta Oarsoaldea eskualde agentziekin, datorren apirilean bi enplegu anezka martxan jartzeko, Debabarrena eta Oarsoaldean. Programa honek 50 pertsonari lagunduko die, taldean lana bilatzen ikasteko, beren gaitasun profesionalak indartzeko, eta enplegagarritasuna hobetzeko, lan munduan sartzeko aukera berriak izan ditzaten.
Sustapen Ekonomikoko diputatuak azpimarratu du proiektu hau bereziki garrantzitsua dela, gazteen enplegua sustatuko baitu langabeziak bereziki zigortu dituen bi eskualdetan, eta gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuetako bat dela ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea. Bestalde, Debegesako zuzendari nagusi Juan Angel Balbasek eta Oarsoaldeako gerente Fernando Nebredak esan dute programa honek lan arloan nahiz arlo pertsonalean garatzeko aukera emango diela 50 gazteri.
Debabarrena eta Oarsoaldekoa Telefonica eta Santa Maria la Real fundazioek Europako Gizarte Funtsaren laguntza eta finantzazioarekin Estatu osoan martxan jarriko dituzten 145 anezketako bi dira.
Aizpuru diputatuak azaldu du enplegu anezka bakoitzak 25 langabetu gazte hartuko dituela, 18 urtetik 29 urtera bitartekoak gizonen kasuan eta 34 urte artekoak emakumeen kasuan. Lehentasuna izango dute Debabarrena eta Oarsoaldean erroldatutakoek. Ez da prestakuntza profil zehatz bat eskatzen; oinarrizko ikasketak dituzten gazteak izan daitezke, lanbide heziketatik edo batxilergotik datozenak, unibertsitate ikasketak dituztenak... Baldintza bakarra da langabetuak izatea. Diputatuak azaldu duenez, ez da beharrezkoa lan sektore jakin batean eskarmentua izatea, ezta esperientzia profesionala izatea ere.
“Anezketan talde oso heterogeneoak aurkituko ditugu, lehia zuzena alde batera utzi eta lankidetzaren kultura sustatzea baita asmo. Helburua da bertan parte hartzen dutenak elkarren osagarri izatea, lana bilatzen elkarri laguntzea, teknika berriekin, tresna berriekin...", azpimarratu du Rocio Pérez Guardok, Anezkak programako Formazio eta Pertsonen arduradunak.
Debabarrena eta Oarsoaldeko anezketan parte hartzeko hautatuak diren pertsonak astean hainbat egunetan bilduko dira, Debegesak eta Oarsoaldeak utzitako lokaletan. Teknikari baten laguntzarekin, coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, bilerak ekintzaileekin, lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideetako arduradunekin,... Azken buruan, “lana bilatzera bideratutako dinamikak”, azpimarratu du Aizpuru diputatuak.
1826