Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Koldo Mitxelena eraberritzeari eta Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua Santa Teresan jartzea onartu du Aldundiak

Koldo Mitxelena eraberritzeari eta Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua Santa Teresan jartzea onartu du Aldundiak

Diputatuen Kontseiluak hartu ditu bi erabaki horiek.

2017/12/19

Foru Gobernuak onartu du, Denis Itxaso Kulturako diputatuaren proposamenez, arkitektura-ideien lehiaketa bat abiaraztea, Koldo Mitxelena kultura-zentroa eraberritzeko, badituelako egiturazko zenbait premia 25 urteko ibilbidearen ondoren. Foru Aldundia eraberritze horretaz baliatuko da espazioak eguneratzeko, helburutzat hartuta, alde batetik, gune osoa kultura-erreferentzia bat bihurtzea, lurraldean inplikazio handiagoa izango duena, eta bestetik, haurrengana, eztabaida publikora eta literatura-sorkuntzara zabaltzea.

Diputatuen Kontseiluak, bilkura berean, oniritzia eman dio, orobat, hitzarmen bati, zeinak onartzen baitu Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua sortzea Santa Teresa komentuan, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin batera, haren helburua izanik arkitektura sustatu, zabaldu eta jendarteratzea.

Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua Santa Teresan

Euskadin ekoitzitako arkitekturaren bikaintasuna zabaltzeko lanaren esparruan, Mugak deritzan Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala egiten ari da, urriaz geroztik, Donostian, eta 2018ko urtarrilaren bukaeran amaituko da. Kontuan hartuta arkitektura tradizio luzea duela Gipuzkoak, Denis Itxaso Kulturako diputatuak irizten dio ezen estrategikoa dela eta abagune aparta Gipuzkoarentzat jarraipena ematea arkitektura zabaltzeko eta sustatzeko lanari, geroan Bienalaren edizio berriak eginez.

Hitzarmen horren arabera, Foru Aldundiak institutu berriaren esku jarriko du Santa Teresa komentua, eta bere gain hartuko ditu jabetzari datxezkion gastuak. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, proiektuaren esku jarriko ditu bai Bienalaren ondorioz sortutako material guztia bai Departamentuaren zabalkunde jardueraren eraginez sortutako gainerako materialak, eta bere gain hartuko ditu egin behar diren gastuak, hau da, Instituturako izango diren plantak, garatu asmo diren jardueretara egokitzekoak. Bi administrazioek batera lan egingo dute Institutua definitzen, antolatzen, eta abian jartzen; arkitektura arloko ikerkuntza-jarduerak sustatuko dituzte; arkitektura zabaltzeko jarduerak gauzatuko dituzte; argitalpen programa komun bat garatuko dute; eta zabalkunderako lankidetza-hitzarmenak diseinatuko dituzte kanpoko eragileekin.

Jarduera horietarako, 450.000 euroko aurrekontu osoa aurreikusten da, hasiera batean, 2018rako. Foru Aldundiak 200.000 euro jarriko ditu, eta gainerakoa, berriz, Eusko Jaurlaritzak. Gainera, bi administrazioek hitzematen dute hainbat formula aztertuko dituztela hirugarren kolaboratzaile batzuek proiektuarekin bat egin dezaten.

Institutuak 2018ko udazkenean ekingo dio bere ibilbideari, eta, bien bitartean, bi administrazioek hitzematen dute zehatz-mehatz planifikatuko dutela jarduera-programa, eta proiektuaren buru izango den taldea osatuko dutela. Espero da Institutuak 2019an bere ahalmen guztia erakustea, espazioak progresiboki okupatuz eta aldi baterako erakustaldiak nahiz iraunkorrak eginez. Hasiera batean aurreikusitako jardueren artean daude hauek: Aldi baterako erakusketak, hitzaldiak, mahai inguruak, lantegiak eta bisitaldiak; parte hartzen duten entitateen eta zerbitzuen instalazioa, eta Institutua progresiboki abian jartzea.

Koldo Mitxelena Kulturunearen eraberritze integrala

Diputatuen Kontseiluak orobat onartu ditu epaimahaiaren esku-hartzearekiko proiektu lehiaketako oinarriak, KMK - Koldo Mitxelena Kulturunearen Eraikinaren Eraberritze Integralerako proposamen bat hautatzeko. Proiektu hori Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz etorkizuneko estrategiaren barruan sartuta dago.

Koldo Mitxelena Kulturunea Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura-zentro nagusia izan da, 1993an inauguratu zenetik. Nagusiki, Liburutegi funtzioa izan du, haren bi alderdiak hartuta –ondarezkoa eta publikoa–, baina beste arlo batzuek ere bihurtu dute KMK, azkeneko ia 25 urte honetan, Departamentuaren kultura-politiken erreferente. Hala dira, alde batetik, erakusketa-espazioak, bisitariei sorkuntza eta ikusmen arteak hurbiltzen dizkietenak, eta bestetik, artistekiko nahiz hizlariekiko zuzeneko harremana.

Ekoizpen emankorreko urte horien guztien ondoren, orain bertan, beharrezkoa da hango zerbitzuak egungo kultura-errealitatera egokitzea, hiri batean, non badagoen, bi hamarraldi geroago, liburutegi sare bat, udalerri osoko irakurketa publikoaren beharrak betetzen dituena, eta UBIK izeneko sorkuntza-liburutegia, Tabakaleran, baita unibertsitateko azterketa-liburutegi handi bat ere, Ibaetako campusean. Gainera, eraikina eraberritze lanei ekin beharrean dago, hainbat gabezia eta eskasia sortu baitira, erabilera masiboa izan duen urte horien guztien ondoren.

Eraikina eraberritze lanei ekin beharrean dago, hainbat gabezia eta eskasia sortu baitira, erabilera masiboa izan duen urte horien guztien ondoren.

Testuinguru horretan, eta ekoizpen emankorreko urte horien guztien ondoren, orain aukera dago hango zerbitzuak egungo kultura-errealitatera egokitzeko. Oro har, izugarrizko aldaketa sakonak gertatu dira kultura-arloan, eta horrek behar eta eskari berriak sorrarazi ditu. Gainera, kontuan hartu behar da ezen, bi hamarraldi geroago, hirian badagoela liburutegi sare bat, udalerri osoko irakurketa publikoaren beharrak betetzen dituena, eta, gainera, unibertsitateko liburutegi handi bat, Carlos Santamaría, azterketarako espazio zabalak dituena,  Ibaetako campusean, eta berriki abiarazi dela UBIK, Tabakaleran, sorkuntzan espezializatutako liburutegi bat. Horri gehitzen badiogu ezen, lurralde eremuan, Euskadiko irakurketa-sare publikoa eta liburutegien arteko mailegu zerbitzuak ezarri direla, orduan ikusten dugu izugarrizko aldaketa sakon batzuen aurrean gaudela.

“Horregatik guztiagatik, eraikina esku-hartze integral baten beharrean dago, eta behar hori aparteko aukera gisa azaltzen da ekipamenduaren eginkizuna eta helburuak birpentsatzeko eta apustu sendo bat egiteko etorkizuneko eskaintza baten alde, zeina bat etorriko baita haurrak barne dituzten era guztietako erabiltzaileentzako kultura-zentro integralekin, ordutegi eskuzabalagoekin, eta berezko programazioa eraberrituko duten ziklo egonkor berriekin", azaldu du Itxasok.

Horretarako, hautatu den prozedura da ideia edo proiektu lehiaketa, epaimahaiaren esku-hartzearekin, Foru Aldundiko eta Arkitektoen Elkargoko langileek osatuta, hori jotzen baita prozedurarik egokiena arlo honetan proposamenik onenak lortzeko, lehentasuna emanda ideiei eta espazioen ikusmoldeari.

Proposatzen den lehiaketa-modalitatea da “Parte hartzeagatik saria edo ordaina duten proiektu lehiaketak”, eta horren bitartez balioetsiko dira hautabideak, hau da, arkitekturaren ikuspuntutik Koldo Mitxelena Kulturunearen Eraikinaren Eraberritze Integralerako proposatzen direnak, honelako proposamen bat hautatzeko asmoz: kalitate eta bikaintasun handieneko irtenbideak emango dituena, funtzio, estetika, eraikuntza eta ekonomiaren ikuspuntuetatik.

Gehienez, bost hautagai hautatuko dira, eta horiei aginduko zaie beren proposamenak egin ditzatela, aurreproiektu izaerarekin, eta gero, aurreproiektu irabazlea hautatuko da.

Zenbatekoa kalkulatzerakoan, alderdi hauek kontatu behar dira: alde batetik, finalistei parte hartzeagatik ordaindu behar zaien saria, eta bestetik, irabazleari esleituko litzaiokeen zerbitzu kontratuaren balio zenbatetsia. Zenbateko osoa hau da: 410.000,00 € + BEZa. Irabazleak 10.000 euro jasoko ditu, eta gainerakoek, berriz, 6.000 euro, bakoitzak. Lehiaketa horretan parte hartzeko aukera pertsona fisikoek nahiz juridikoek dute, espainiarrak nahiz atzerritarrak izan, arkitekto baten zuzendaritzapean.

Etorkizuneko obra egiteko kalkulatu den gehieneko aurrekontua 5.000.000 € da, BEZa barne. Proiektuak eta azterlan edo dokumentu tekniko osagarriak egiteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, kontratua sinatzen denetik kontatzen hasita. Lanak egiteko kalkulatzen den gehieneko epea hemezortzi hilabetekoa izango da. Foru Aldundiak aurreikusten duenez, 2018aren bukaeran edo 2019aren hasieran izango du behin betiko proiektua, lanak 2019ko martxoan lizitatzeko, eta lanak uda horretan bertan hasteko, 2021aren erdialdean amaitzeko, gutxi gorabehera.

“Eraberritze honekin lortu nahi duguna da Koldo Mitxelena Kulturunea erosoagoa izatea eta bere lurralde nahiz ondare bokazioa areagotzea, eta berezko programazio berri bat izango duen leku bat izatea, eztabaida kritikoari bide emango diona", adierazi du Itxasok.

 

  

1774