Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Canal Europak aukera eskaintzen du, oraingoz, askotariko jakintza alorretako 15 intelektuali entzuteko.

Canal Europak aukera eskaintzen du, oraingoz, askotariko jakintza alorretako 15 intelektuali entzuteko.

Urte amaierarako 25 elkarrizketa izango ditugu, guztira.

2017/07/13

Aldundiak sustatutako Canal Europa proiektua jakintzaren, eztabaidaren eta pentsaera kritikoaren hedapenerako gune ireki bat da.

Itxaso: “Gaur egungo erronken maila berean dauden kultur politikak behar ditugu”

Kulturako diputatu Denis Itxasok aurkeztu du Kultura departamenduak sustatutako Canal Europa jakintzaren hedapenerako espazio irekiaren denboraldi berria. Aurkezpenean izan da Luisa Etxenike idazlea ere, Canal Europako zuzendaria eta proiektuaren inspiratzailea.

Filmatutako elkarrizketen kanal digital bat da, eta jakintza artxibo bat sortzen ari da, edonork libreki kontsultatzekoa. Haren helburua da jakintzaren hedapena erraztea, baita bi elementuren interakzioa ere: diziplina anitzetako estatuko eta nazioarteko espezialisten eta gaur egungo sormen, kultura, hezkuntza eta ikerketa egituren artekoa. Grabazioak elkarrizketatuen jarduerarekin lotutako leku adierazgarrietan egiten dira.  Dinamika honako hau da: jakintzaren eta ezagutzaren alor jakin bati lotutako pertsona batek elkarrizketa bat egiten dio egoera dela-eta eskuragai dagoen eta jakintza ekarpen bat egin dezakeen pertsona ospetsu bati (kanpotarra, normalean).

Aurten, baieztatuta dago honako pertsona hauek elkarrizketatuko dituztela: Juanjo Mena orkestra zuzendaria, María José Canok elkarrizketatuko duena; Andoni Egaña bertsolaria, Xabier Payak elkarrizketatuko duena; Roane Carey kazetaria eta The Nation-EEUUko erredaktore nagusia; Lydie Salvayre idazlea eta 2014ko Goncourt sariaren irabazlea, Luisa Etxenike idazleak elkarrizketatuko duena; Evelyne de la Chenelière Kanadako antzerkigilea eta aktorea, Rosa de Diegok elkarrizketatuko duena; eta Jean-Michel Ganascia, adimen artifizialaren ikertzailea, Jean-André Vialak elkarrizketatuko duena.

 “Canal Europan bat egiten dute intelektualek, artistek, idazleek, zientzialariek zein ekonomiako, medikuntzako eta zientzia politiko eta sozialetako eta beste diziplina batzuetako profesionalek, beren ezagutzak, beren hausnarketak, beren sormenaren bideak, eta abar eskaintzeko, munduarekin etengabe elkarrizketan egoteko asmoz”, esan du Itxasok.

Honako hauek elkarrizketatu zituzten iaz: James Rhodes pianista, Iñaki Salvadorek San Telmo Museoan elkarrizketatua; Sara de la Rica ekonomista, Laida San Sebastiánek Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan elkarrizketatua; Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendaria, Gustavo A. Schwartzek elkarrizketatua DIPCen; Helmut Lachenmann konpositorea, Luisa Etxenikek Musikenen elkarrizketatua; César Velasco epidemiologoa, Verónica Zubillagak Biodonostian elkarrizketatua; Ulrike Ottinger zinemagilea, Leire San Martínek eta Sahatsa Jauregik Tabakaleran elkarrizketatua; Jokin Martín CAF Venturesen arduraduna, Jabi Odriozolak CAFen elkarrizketatua; Annabel Martín Gender Research Institute Darmoutheko (GRID) zuzendaria, Pilar Rodriguezek elkarrizketatua; Stefania Milan hedabide berrietan eta kultura digitalean aditua, Miren Rodriguezek elkarrizketatua; Bernardo Atxaga, Iñaki Gabarainek elkarrizketatua; Jocelyn Bell Burnell astrofisikoa, Pedro Miguel Etxenikek elkarrizketatua; Costa-Gavras zinemagilea, Joxean Fernándezek elkarrizketatua; Jean Echenoz idazlea, Rosa de Diegok elkarrizketatua; Javier Aguirresarobe fotografia-zuzendaria, Jesús Angulok elkarrizketatua; Alfredo Rodriguez Antigüedad neurologoa, Víctor Bermúdezek elkarrizketatua.

Irailetik ekainera 5.000 bisita izan ditu Canal Europak, gutxi gorabehera. Errepikapen indizea % 33 ingurukoa izan da. Bisiten % 35 gaztelaniaz izan da, gutxi gorabehera, eta % 17 ingelesez. Webgunea atzerritik ere bisitatu dute, esate baterako, AEBtik, bisiten % 10, eta Ingalaterratik, % 8.

 “Pozik gaude lehen aldi horretako datuekin, baina aurten emaitzak hobetzeko helburua dugu. Gaur egungo erronkek, izan demografikoak, klimatikoak, teknologikoak, elikaduraren ingurukoak edo sanitarioak, lanketa lasaia eskatzen dute, pentsaera kritikoan, hausnarketan eta eztabaidan oinarritutakoa. Ardatz horien inguruan birarazi nahi dugu lurraldearen kultura politika", azaldu du Kulturako diputatuak.

 “Geure bokazioa da munduarekin etengabe elkarrizketan aritzea, elkarreraginean, elkar aberasten, eta bertako talentuaz baliatzen, kulturako, zientziako, medikuntzako, filosofiako, soziologiako eta beste alorretako jende ospetsuek planetaren erronka horiei emandako erantzunak argitzeko”, adierazi du Itxasok.

Interesa duen pertsona oro sartu ahal izango da Canal Europako edukietara, zenbait hizkuntzatan egindako eta azpititulatutako bideoen bidez, baina baita honako webgune honetatik jaitsi daitezkeen audio podcasten bidez ere: www.canaleuropa.eu. Kultura departamenduaren webgunetik bertatik ere sar daiteke webgune horretan.

Elkarrizketa horiez gain, ekintza presentzialak ere antolatuko dira, hala nola mintegiak, master classak, etab.

  

1590