Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour CIMASUB 2019 Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 43. edizioaren programazioa aurkeztu da

CIMASUB 2019 Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 43. edizioaren programazioa aurkeztu da

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak sortzaileek izan zuten espirituari leial ospatu ditu bere 43 edizioak: itsasoko altxorrak hurbiltzea eta ezagutaraztea.

2019/11/12

Berrogei urte baino gehiagoz, helburu didaktiko eta dibulgatibo horri eutsi diote, eta, horri esker, itsasoko sakonerak hobeto ezagutu ditugu, eta jabetu gara nolako garrantzia duen ingurune naturalarentzat ozeanoak babesteak eta kontserbatzeak. Lan hori ezinbestekoa da gure itsasoen eta urpeko hondoen etorkizunerako, nekez babesten baita ezagutzen ez dena.

Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuak aspalditik babesten du dagoeneko ongi finkatuta dagoen ziklo hau. Denis Itxaso Kulturako diputatuak dioenez, "Interes zientifikoaren txinparta piztea funtsezkoa da Gipuzkoako gizartearentzat, zeina berrikuntzaren eta ezagutzaren bidez garatu nahi baita. Hori erakundeetatik ere sustatu behar da, eta Itsaspeko Zinema Ziklotik horren adibide ona da: pertsona talde batek maite duen hori ezagutarazteko gogoa, altxortzat duena, itsasoa".

Zikloaren proiekzioak azaroaren 14an, 15ean eta 16an izango dira Antzoki Zaharrean (19:00etatik 20:50era), eta FAMILIENTZAKO TXIKIZIKLOAK Aquariumeko auditorioan izango dira (larunbatean, 12:00etatik 13:30era).

Iaz ikusle kopurua handitu egin zen, eta gazte gehiago bertaratu ziren. “Dena beteta” kartela eskegi zen Antzoki Zaharrean. 3.000 pertsona inguru izan ziren zikloko ekitaldi guztietan. Estaldura handitu egin da, Lasarte-Orian (11 edizio) eta Irunen (28 edizio) ez ezik, Errenterian eta Lezon ere zikloak egin dira… eta Zumaian eta Hondarribian ziklo berriak egiteko datak ixten ari dira. 43 edizioren ondoren, Itsaspeko Zinema Zikloa unerik onenetako batean dago… 43 edizio daramatza itsasoaren hondoa ezagutarazten, bertako edertasun guztia erakusten planetako bazter guztietatik… Baina badakite zoritxarrez itsasoaren hondoarekiko egungo interesa ez datorrela ezkutatzen dituen mirariengatik, baizik eta bertan eragin dugun hondamendiagatik. Edizioz edizio, itsas kutsadurak protagonismoa hartu du urpeko irudiaren sektoreko profesionalek eta zaleek zikloan aurkeztu dituzten lanetan. Hainbesteraino, non lan gehienek zati bat itsasoko zaborraz hitz egitera bideratzen baitute, edo zuzenean hura gai nagusi dute. Salaketa ekologikoaren lan onenak saritzen jarraitzen da, ur azpian denbora gehien pasatzen dutenek zeresan handia baitute, eta mezu horrek mundu osora iritsi behar du kontzientziazio benetako, serio eta behin betiko bat lortzeko. Aurten, berriz ere 80 lan inguru aurkeztu dira, aparteko kalitatea duten argazki bilduma, film labur eta dokumentalen artean.

CIMASUB da, oraindik ere, planeta osoan zehar bidaia bat egiteko modurik onena, itsas hondorik ikusgarrienak bisitatuz eta itsas kutsaduraren arazoaren osotasunaz jabetuz. Urpeko Zinema Zikloa erreferente bat da nazioartean. Hainbat kontinentetako herrialdeetatik jaso dituzte lanak. Horien artean Frantziako, Argentinako, Italiako, Euskadiko, Nafarroako, Kantabriako, Kanarietako, Madrileko eta Kataluniako irabazleak daude. Nabarmendu beharreko puntu garrantzitsu bat da CIMASUBk doako sarrera eskaintzen duela programa osoan.

Dokumentazio guztia (argazkiak, bideoak, testuak, etab.) web orriko PRENTSA ARETOaren atalean dago eskuragarri: cimasub.com

https://ciclo.subacuaticasrealsociedad.com/sala-de-prensa

  

1569