Donostian gertatu diren bi sexu erasoak irmoki salatzen ditu Aldundiak
Donostian gertatu diren bi sexu erasoak irmoki salatzen ditu Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, berriki Donostian gertatu diren bi sexu erasoak irmoki salatu eta arbuiatu nahi ditu. Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini nahi die sexu eraso horiek pairatu dituzten emakumeei, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Donostiako Udalak atzo kaleratu zuen adierazpenekin. Beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako erasoen oinarri-oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak.
Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu.
Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendariak gaur, hilak 19, 12:00etan Donostiako udaletxe parean egingo den elkarretaratzean parte hartuko du.
2720