Arastortzeko baso sutea kontrolpean da, baina datozen orduetan arretaz jarraitu beharko da
Arastortzeko baso sutea kontrolpean da, baina datozen orduetan arretaz jarraitu beharko da
Estimazioen arabera, 25 hektareatik gora erre ditu suak bi egunotan Aralarren.
Aralarren kokatutako Arastortz mendian larunbat goizean hasitako baso suteak, azken estimazioen arabera, 25 hektareatik gora erre ditu asteburu osoan zehar. Gaur arratsaldeko 19:00etan sua itzaltzeko lanek indarrean jarraitzen dute; egunean zehar bizirik egon diren guneak kontrolpean dituzte une honetan, baina egoera ez da egonkorra eta arretaz jarraituko diote egoerari, batez ere Aizkoate tontorraren inguruan kokatutako eremuetan. Bertan lanean dihardute Mendi eta Natur Inguruneko foru zuzendaritzako basozainek, baso suteen aurkako brigadek eta Gipuzkoako Suhiltzaileek. Ingurunearen zailtasunak eta egoera meteorologikoa kontuan izanda, datozen orduetan bertan jarraitzekoak dira eta gauez zaintza lanei eutsiko diete, edonola ere.
Sutea Arastortz mendian sortu zen larunbat goizean, Ataun, Lazkao eta Zaldibia artean kokatzen den mendigune batean, Aralarreko Parke Naturalean. Batez ere Aitzarte izeneko parajean izan zuen eragina larunbatean. Goizeko 11:20ean abisua jaso ostean, Mendi eta Natur Inguruneko zuzendaritzako basozainak eta baso suteen aurkako brigadak gerturatu ziren bertara. Baita Gipuzkoako Suhiltzaileak ere, inguruetako baserriak babestu eta sutea itzaltzeko lanetan beren ekarpena egin asmoz, ohi duten moduan.
Igandean zehar, berriz, batetik, sua itzaltzeko lanek Arastortzetik Hego Mendebaldera dauden guneetan jarraitu dute eta puntu honetan sutea kontrolpean da lerro hauek idazteko garaian. Bestetik, goizean zehar sua Arastortzetik Iparraldera zabaldu da hainbat gunetan eta horietan lanean aritu dira baso suteen aurkako brigadak eta suhiltzaileak. Bereziki arratsaldean Aizkoate tontor inguruko mailoetara bideratu dituzte indarrak eta han ere sua kontrolpean izatea lortu dute nahiz eta egoera egonkortzeko lanean jarraitzen duten.
Erretako eremuari dagokionez, lehen ikuskapenen arabera, inguru horretako harkaiztiak, otadiak, nahiz landaketa eta hostozabalen zenbait baso –batez ere azpiko landaretza– kaltetu ditu suak, Aralarreko Parke Naturalean eta mugetan. Esan bezala, 25 hektareatik gora.
Aipatutako ekipoek bertan jarraituko dute lanean datozen orduetan, kontuan izanda eremuaren zailtasuna eta egoera meteorologikoa, eta gauean ere zaintza lanak mantenduko dituzte.
Asteburu osoan zehar egindako erreleboetan, Mendi eta Natur Inguruneko zuzendaritzako teknikariek koordinatuta, honako baliabideak aritu dira elkarlan estuan baso suteari aurre egiteko ahaleginetan:
- Mendi eta Natur Inguruneko hiru teknikari
- Mendi eta Natur Inguruneko sei basozain
- Bi uraska
- Baso suteen aurkako brigadetako 30 lagun
- Ordizia, Legazpi eta Ordiziako parkeetako 25 suhiltzaile, hiru sarjento eta ofizial bat.
- Suhiltzaileen lau kamioi handi, mendiko bi ibilgailu handi eta hiru ibilgailu handi.
Gipuzkoako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu foru zuzendari nagusia, Josu Idigoras, atzo eta gaur egunean zehar bertan egon da sutearen eboluzioa bertatik bertara jarraitzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak baso sutean lanean aritu diren eta diharduten guztien lana eta ahalegina aitortu nahi du lerro hauen bitartez. Lehen aipatu bezala, oso gune aldapatsuetan eta malkartsuetan aritu behar izan dute lanean eta, batez ere larunbatean zehar, muturreko tenperaturei aurre eginez. Larunbatean iluntzean suhiltzaile bat artatu behar izan zuten bero kolpe baten ondorioz, baina osasun arreta jaso ondoren egoera onean aurkitzen da.
Baita ere, Aldundiak esker ona agertu nahi die inguruko baserritarrei, baso suteari aurre egiteko garaian erakutsitako jarreragatik, nahiz laguntzeko prest bertaratu diren herritar guztiei.
2452