Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour COVID-19ak eragin duen zerga-bilketaren jaitsierara egokitu du UFFF Foru Aldundiak

COVID-19ak eragin duen zerga-bilketaren jaitsierara egokitu du UFFF Foru Aldundiak

Udalak finantzatzeko funtsa foru Ogasunaren zerga bilketara dago lotuta eta hau, aurreikuspenen arabera, %20 eta %25 artean murriztuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Foru Dekretu-Araua onartu du gaur, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) zerga bilketaren murrizketara egokitzen duena. Baliabideen jaitsiera hau COVID-19 gaitzak mundu mailan eragin duen krisi sanitario, sozial eta ekonomikaren eraginez eman da. Foru bozeramailea den Eider Mendozak azaldu duenez, foru erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera zerga bilketa %20 et %25 artean jaitsiko du aurreko urtearekiko eta, ondorioz, UFFF ere maila berean murriztuko da (zehazki, %20). “Gogoratuko duzuen bezala, Aldunditik jada doiketa garrantzitsu bat egin dugu gure aurrekontuan, errealitate berrira egokitzeko eta osasun krisiak berekin ekarri duen krisi sozial eta ekonomikoari erantzuteko. Orain udalen txanda da”, azaldu du.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu du gaur, aste honetako Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakiak azaltzeko. Gogoratu duenez, jarduera ekonomikoa etenda edo ia etenda izan da azken asteetan eta honek zuzenean eragiten die finantza publikoei. “Gipuzkoako foru Ogasunetik egin diren aurreikuspenen arabera, zerga bilketaren erorketa %20 eta %25 bitartekoa izango da aurten. Hau da, pasa den urtean baino 1.000 milioitik gora gutxiago biltzea aurreikusten da Gipuzkoan”, azaldu du. Adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen finantza eredua arrisku partekatuaren printzipioan oinarritzen da eta, ondorioz, zerga bilketaren jaitsierak “administrazio maila guztien finantzaketa higatzen du, udalak barne”.

Gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 200 milioi gutxiago izango ditu baliabide erabilgarritan, jaitsiera honen ondorioz. “Hori dela eta, gure aurrekontua egokitu behar izan dugu errealitate berrira, herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko, krisi egoera honetan ere”, adierazi du. Doiketa honetan, gizarte politika eta ekonomia sustapena izan dira “lehentasun nagusi” gisa jarri diren bi arloak; bi esparru hauek salbu, beste esparru guztietan eragiten du doikuntzak. “200 milioi horietatik, 115 milioi inguru zorra berrituta eta gerakinetatik doitu izan ditugu. Gainerako 85 milioiak gastu murrizketa bat dira”, gogoratu du.

Udalen kasuan, beraien finantzaketaren diru iturria nagusia Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa da, erdarazko FOFIM siglekin ezagutzen dena. Honen bitartez, zerga bilketatik datozen baliabideak jasotzen dituzte udalek. “Beraz, zerga bilketak gora egiten badu, hazi egiten da bere zuzkidura; behera egiten badu, berriz, murriztu egiten”, esan du. 2020 urteko UFFFren kasuan, bere zuzkidura 2019ko udazkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan zehaztu zen, 2020 honetarako egin ziren zerga bilketa aurreikuspenen arabera: 536 milioi euro. Egoera normal batean, UFFFren likidazioa 2021eko otsailean egingo zen et, hau positiboa izanez gero, udalek partida gehigarri bat jasoko zuten. Negatiboa suertatuz gero, baliabideak itzuli beharko zituzten. Zehazki, urte honen hasieran 11 milioi gehigarri jaso zituzten, pasa den urteko funtsaren likidazioa positiboa izan zelako.

“Egoera zein den ikusita, eta zerga bilketaren %20 eta %25 arteko beherakada aurreikusita, ez dauka inolako zentzurik orain arteko eskema berdina mantentzeak. Ez luke inongo zentzurik izango 2021eko otsailean udalek FOFIM osoaren %20 edo %25 itzuli beharra izatea; hau da, kolpetik 100 milioi baino gehiago itzuli behar izateak”, azaldu du Mendozak. Hortik Diputatuen Kontseiluak gaur onartu duen neurria, “gaurtik” Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren zuzkidura %20 murriztea: aurreikusita zeuden 536 milioi horietatik, 429 milioi eurotara.

Foru bozeramailearen esanetan, Foru Aldundiak “krisiaren hasieratik” informatu ditu udalak COVID-19 gaitzak eragin duen krisiak ekarriko zuen agertoki aldaketaren inguruan. Are gehiago, udalen ordezkariak lehenengotakoak izan ziren Aldundiak zerga bilketarekiko zituen aurreikuspenak ezagutzen. “Aste honetan bertan ezohizko Gipuzkoako Finantza Kontseilua egingo dugu, gai honen inguruan udalek izan ditzaketen zalantza eta kezkak argitzea helburu. Helburua betikoa da: herritarrei behar dituzten zerbitzuak eskaintzen jarraitzea, hauen etorkizuna zalantzan jarri gabe”, nabarmendu du.

Azkenik, gaur onartu den Foru Dekretu-Arauan beste bi neurri gehigarri ere jarri dira mahai gainean, udalek krisi honi ematen dieten erantzunean laguntzeko. Alde batetik, kreditu gehigarriak onartzeko prozesua sinpleago eta arinago egin da, udalei malgutasun gehiago emanez neurriak azkartasun gehiagorekin hartzeko. Bestalde, kudeatzen dituzten tasetan hobariak sartzeko aukera ematen zaie, aparteko laguntzak bideratzea osasun krisiak bereziki kaltetutako kolektiboentzat.

 

Kontsultak eta iradokizunak

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den urtean jaso zituen eskaera, kexa eta iradokizunei buruzko memoria ere aurkeztu da Diputatuen Kontseiluan. “Gure araudiak, herritarren kontsulta, kexa eta iradokizunen jarraipen egokia bermatzeko egin beharreko pausoak ezartzen ditu. Horien artean aurkitzen da urteko memoria egitea urtean zehar jasotako kontsulta, kexa eta iradokizunei buruzko datuekin eta hauek zuzentzeko aurreikusten diren neurriekin”, azaldu du Mendozak. Memoria hau osatzeko erabili diren informazio iturriak dira, alde batetik, foru Aldundiaren kontsultak, kexak eta iradokizunak kudeatzeko aplikazioa (Gertubide) eta, bestetik, departamentuek hiruhilero egindako jarraipen txostenak.

          Honela, pasa den urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.528 kontsulta jaso zituen, eta 920 kexa edo iradokizun, aurreko urteetako balioak nabarmen gaindituz. Banaketari erreparatuz gero, proportzioan kontsulten kopuruak askoz handiagoa izaten jarraitzen du kexa edo iradokizunena baino, 2019an osoaren %73koa izan zirelarik.

“Departamentuka jasotako kontsultak aztertuz, ikus daiteke hauetatik gehienak Ogasuna eta Finantzak Departamentuari zuzendutakoak direla: 1.718 kontsulta, kontsulta guztien ia %70”, azaldu du Mendozak. Gobernantza eta Gizarte Politika departamentuek jasotako kontsulten kopuruaren igoera handian ere jarri du azpimarra foru bozeramaileak. Gizarte Politikaren kasuan, kopurua aurreko urteekiko asko igo da kontsultak, kexak eta iradokizunak kudeatzeko zeukaten sistema paraleloa Gertubiderekin txertatu delako, eta beraz 2019an jaso dituzten sarrera guztiak zenbatu dituztelako Gertubiden. Gobernantzaren kasuan, Enplegu Publikorako Eskaintzen ugaritzea izan da kontsulta kopuru handiagoa jasotzeko arrazoi nagusia.

          Kexa eta iradokizunen kasuan, eskaera gehien jasotzen dituen Departamentua Gizarte Politiketakoa da. Ogasuna eta Finantzak departamentua bigarrena izan da, eta hirugarren lekuan Bide Azpiegituretako departamentua dago. Hiru departamentu hauen artean, kexa edo iradokizun guztien ia %75era iristen dira. “Aldundiaren egiteko nagusia da herritarrei behar dituzten kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Ahalegin horretan, herritarren partetik zuzenean jasotzen ditugun erantzun, iradokizuna eta ‘feedback’-ak oso eraginkorrak dira gure egunerokotasunean, hobetzen laguntzen baitigute”, azaldu du Mendozak, herritarrak zerbitzu hauek erabiltzera animatuz.

  

2551