COVID-19aren ondorio ekonomikoak, gipuzkoarren kezka nagusi
COVID-19aren ondorio ekonomikoak, gipuzkoarren kezka nagusi
Aldundiaren inkesta baten arabera, herritarren ustez lurraldeko ekonomia berreskuratzeak izan behar du erakundeen lehentasun nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak, Eider Mendozak, “Herritarren pertzepzioaren analisia konfinamenduaren deseskalatzearen hasieran”, ikerketa aurkeztu du gaur. Maiatzaren 11 eta 20 artean Grupo de Análisis e Investigación enpresak egindako inkestaren harira, foru ordezkariaren iritziz, “ondorio nagusia da herritarren kezka nabarmenena ekonomiaren alorrean kokatzen dela, COVID-19aren krisialdiak alor horretan sor ditzakeen oraingo eta etorkizuneko eragin negatiboetan, alegia”. Bere esanetan, krisialdiari aurre egiteko garaian, ekonomiaren lehiakortasuna eta ehun produktiboari babesa ematea, horiek behar dute izan lehentasun. “Pandemiaren ondorioei aurre egiteko garaian Aldundiak egindako apustua berresten dute datuok, beraz, ekonomia sustapenak eta gizarte politikak izango dira aurrerantzean ere gure jardueraren ardatz nagusi”, aldarrikatu du.
Mendozak komunikabideen aurrean agerraldia eskaini du azterlanaren berri emateko. 18 urte baino gehiagoko gipuzkoarren artean 850 telefono bidezko inkesta egin dituzte ikerketa burutzeko. Erantzun duten pertsonen sexua, adina eta eskualdea kontuan izanda ponderatu dira emaitzak. “Joan den legealdian hasitako lanari jarraipena ematen ari gara Foru Aldundian, herritarrengandik gertuago egonez, gobernatzeko modu irekiago baten alde eginez, eta herritarrekin zein gizarteko nahiz ekonomiako eragileekin lankidetza estutuz. Estrategia horretan funtsezkoa da herritarren kezka eta beharrizanen entzute aktiboa; bide horretan oso lagungarriak dira esku artean duguna bezalako ikerketak”, aipatu du. Horrela, gogorarazi duenez, egungo testuingurua “ezohikoa” da eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur aurkeztutakoa bezalako azterlanak.
“Ekonomia sustapena gure lehentasunen artean ardatz izateko beharra”. Horixe da, inkestaren emaitzak aztertzen hasita, Mendozak nabarmendu duen ideia. Izan ere, galdetegia erantzun duten hamar herritarretik bederatzik uste du COVID-19aren pandemiak Gipuzkoako ekonomiari modu agerikoan kalte egin diola. Portzentaje horiek are ta altuagoak dira ETEetan eta inguruko negozioetan (%94,1) edo euskal ekonomiari bere osotasunean (%93,1) erreparatuz gero. Norbanakoaren ikuspegitik, berriz, %29,7k aitortu du COVID-19ak kalte nabarmena eragin duela bere lanpostuan edo negozioan; %24,5k baieztatu du bere etxeko ekonomian eragin negatiboa jasan duela.
Hori guztia oinarri hartuta, etorkizunera begira herritarrek buruan duten kezka nagusia horixe bera da: ekonomia. Esate baterako, lagineko %53,9ren arabera, ekonomiaren lehiakortasunak izan behar du Gipuzkoaren lehentasun nagusia testuinguru honetan, bigarren lehentasunari ia 20 puntu diferentzia ateraz. Laugarren postuan ageri da lan eszenatoki berriaren kudeaketa, ABEEE Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteak eta autonomoek bizi duten egoera tarteko (%10,7).
Bi elementu horien artean kokatzen dira, gizarte ikuspegiarekin lotutako erantzunak, hau da, osasun arretaren indartzea (%35) eta gizarte politikak (%17,6). “Ekonomia eta gizarte ongizatea, txanpon beraren bi aurpegiak dira, ahalik eta desberdintasun gutxien izango dituen Gipuzkoa eraiki ahal izateko. Hala ulertzen dute gipuzkoarrek, datu hauek kontuan izanda”, azpimarratu du Mendozak.
Aurre egitea
Esparru ekonomikoaz harago, lurraldeak bizi duen egoeraz gipuzkoarrek duten iritzia ere aztertzen du galdeketak. Puntu honetan, beren ongizate emozionalean nabaritu dute herritarrek inpaktu nagusia (%41,5), ekonomiaren alorreko eraginaz gaindi. Gehiengoak pandemiaren aurrean hartu duen jarrera, hala ere, gertatzen ari dena onartzekoa (%38,5) eta aurrera begira jartzekoa da (%33,1). Gainera, %26,2k aipatzen du nahastuta daudela eta %21,1ek, berriz, haserre daudela aitortzen dute.
Gainera, gertatutakoaren inguruan gogoetarik egin duten galdetuta, nagusitu den erantzuna izan da gizarte bezala pasatako trantzetik ikasgaiak atera beharrean gaudela (%15,4). Dagoeneko aipatutako ekonomiaren alorrari lotuta, gainera, osasun krisialdiarekin oso arduratuta edo arduratuta ageri da gehiengoa (%92,2), nahiz eta ulertzen duten Gipuzkoan izan duen eragina Euskadin eta Estatuan izandakoa baina leunagoa izan dela.
Erakundeak eta neurriak
Erakundeek krisialdiaren aurrean egindako lanari dagokionez, administrazio guztiek gainditzen dute froga transparentziaren alorrean, eta gertuko erakundeek jasotzen dute alor honetan nota onena. Horrela, udalek 5,9ko nota jasotzen dute; Foru Aldundiak, 5,5ekoa; Eusko Jaurlaritzak 5,4koa; Estatuko gobernuak, 5ekoa. Gobernu alternatibo baten balizko jokaerari buruz galdetuta, %8,7k soilik uste du PPko gobernu batek kudeaketa egokiago bat eramango zukeela; %15k uste du Foru Aldundiaren gobernuan EH Bildu egon izan balitz emaitza hobea izango zatekeela. Krisiaren aurrean hainbat kolektibok izandako zeregina aztertuz gero, berriz, zientzialariek jaso dute kalifikazio onena (8,2), atzetik suhiltzaileak (8,1), Osakidetza (7,8) eta enpresa txikiak dituztela (7,6).
Pandemiaren aurrean hartutako neurriei dagokienez, Gipuzkoako herritarrak bi erabaki nagusien alde agertu dira, bai Alarma Egoera ezartzearekin bat (%91,9), baita konfinamendu neurriekin ere (%90,5). Bestelako neurriek ere gehiengo zabalaren onespena dute, dela lan esparruan hartutako erabakiek (ABEEEk, kaleratzeak mugatzea…), dela isunak jartzea, esentzialak ez diren enpresen aktibitatea berreskuratzea, faseka antolatutako deseskalatzea, telelana sustatzea eta abar.
Etorkizun hurbilera begira, beti ere inkestaren data muga kontuan izanda (maiatzak 20), herritarren gehiengoa merkataritza ahalik eta azkarren abiaraztearen aldeko iritzia erakutsi du gehiengoak (%84,4). Galdetegia erantzun duten lau pertsonatik hiruk, gainera, EAEk bere eskuduntzak berehala berreskuratu ditzan galdegin dute.
Etorkizuna eta hauteskundeak
COVID-19ak utzitako eszenatokiaren inguruan, bestalde, beren bizitzetan espero dituzten aldaketei buruz itaun egin die inkestak herritarrei. Erantzun gehienek ez dute aldakuntzarik aurre ikusten. Ondoren, baina emaitza murritzago batekin, kokatzen dira kutsatzeak ekiditeko urruntze soziala eta segurtasun neurriak, batetik, eta ekonomiaren alorreko ondorioak, bestetik. Epe laburrera eta udara begira, gehiengo zabalak espero du mugak eta segurtasun neurriak (%30,3) izango direla. Gertuko eta tokiko turismoa egin ahalko dutela espero dute (%21,1). Esparru politikoan ere gipuzkoarrek ez dute aldaketa handirik espero (%45,9).
Amaitzeko, hauteskunde aurreikuspenetarako tartea ere eskaintzen du inkestaren azken kapituluak. Datozen uztailean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako bozei dagokienez, lagina erantzun duten herritarren %45 ez dago deialdiarekin ados eta %24, berriz, alde azaldu da. Datozen foru hauteskundeei buruz, berriz, %74,4k uste du EAJ-PNV berriro irabazle izango litzatekeela. Boto intentzioari dagokionez, formazio politiko horrek berak irabaziko luke, nahiz eta 1,5 puntuko jaitsiera izan. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, 0,5 puntuko atzerakada badu ere. Balantzaren beste aldean, berriz, PSE-EE 1,2 puntu igoko litzateke. Hala ere, abstentzioaren igoera litzateke datu esanguratsuena, lau puntu egingo bailuke gora iazko foru hauteskundeekin alderatuz.
1563