Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Dantz Point 2024 ekimenak larunbat honetan ekingo dio denboraldiari, Okendon (Lasarte-Oria)

Dantz Point 2024 ekimenak larunbat honetan ekingo dio denboraldiari, Okendon (Lasarte-Oria)

Dantz Point proiektu kultural bat da, musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileak sortuz ondareari balioa ematea helburu duena.

Dantz Point

Gaur goizean, prentsaurrekoan, Dantz Point-eko denboraldia berria eta Dantz jaialaldiak aurkeztu dira. Aurkezpenean izan dira Maria José Telleria Kulturako foru zuzendaria, Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendaria, Jon Insausti Donostiako Kulturako zinegotzia eta Jokin Telleria Dantz-eko zuzendaria.

Gipuzkoan jaio zen 2019an, eta, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari esker hazi da. Orain arte egindako 80 Dantz Point baino gehiagoren ondoren, 2024an lurralde osoan, Espainian eta nazioartean zabalduko da ekimena.

Gainera, denboraldi honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuaren, Kelerren eta Gipuzkoako udalerrietako hainbat udalen babesa izan du. Errenterian egingo den Dantz Pointak, berriz, Laboral Kutxaren laguntza izango du.

María José Telleria Kulturako foru zuzendariak nabarmendu duenez, «Dantz Point proiektu kultural bat da, mugak gainditzen dituena eta musika elektronikoaren eta garaikidearen bidez gure ondarearen aberastasuna ospatzen duena. Dantz Point sormen eta adierazpen artistikoaren erreferente bihurtu da Gipuzkoan, 80 saio baino gehiago egin baitira orain arte. Ekimen hori hazi egin da eta lurralde osoan zabaldu da, baita Estatuan eta nazioartean ere. Aurten, gainera, Gazteria Zuzendaritzaren babesa jaso du».

Isaac Palencia, Gazteriako foru zuzendaria, pozik agertu da edizio honetan parte hartzeagatik: «Musika elektronikoa modu eraginkor bat da gazteekin konektatzeko eta gazteok identifikatuta eta ordezkatuta senti daitezkeen adierazpen- eta sormen-espazio bat eskaintzeko. Komunitatea eraikitzeko eta elkar ulertzea eta tolerantzia sustatzeko tresna da».

Denboraldiko lehen hitzordua apirilaren 13an izango da, Lasarte-Oriako Okendo plazan. Ekitaldiaren helburua Lasarte-Oriako ondarearen eta historiaren balioa nabarmentzea izango da, tokiko eta lurraldeko talentuaren bidez. Sei artistak arituko dira: Rubio B2B Paolo Solo, Furonia B2B Lila, Kapitaina eta Jonfer.  Dantz Pointa Okendo plazan izango da, Lasarte-Oriako epizentroan, historikoki herriarekin oso lotuta egon den Donostiako familia garrantzitsu baten omenezko izena daraman lekuan. 1960an inauguratu zuten, eta, gaur egun, lasartearren topaleku, jolastoki, kontzentrazioetarako espazio eta jaien eta gainerako ospakizunen hasierako gune ere bada.

Maiatzaren 11n, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da Dantz Point; ekainaren 22an, Eibarrekoa; uztailean, Donostiakoa, Dantz Festival jaialdiaren programazioaren barruan; abuztuaren 31n, Errenteriako San Marko gotorlekuan, Laboral Kutxarekin lankidetzan; irailaren 21ean, Elgoibarko San Roke ermitan. Ondoren etorriko dira Irun, Hondarribiko harresia, Deba eta beste zenbait espazio. Era berean, Gipuzkoako hiriburuak beste data bat ere izango du abuztuan.

Dantz 2024 jaialdia

Dantz jaialdiaren zortzigarren edizioarekin amets egiten duena, edizio honetako artista nagusiak eta espazioak aurkezten ditu

Dantz marka kulturalak eta proiektuen laborategiak Dantz jaialdiaren zortzigarren edizioa iragarri du. Jaialdia Donostian izango da, 2024ko uztailaren 15etik 20ra, eta «ametsak» gaiaren ingurukoa izango da. Donostia musika elektronikoaren hiriburu bihurtzea helburu duen jaialdi honek askotariko programazioa izango du, lurraldeko, Estatuko eta nazioarteko artisten presentziarekin.

Honako hauek izango dira line upean: Apparat, Avalon Emerson, Call Super, Courtesy, Dekmantel Soundsystem, Dubos, Gela, Hunee, Ian Pooley, Javier Carballo, Kittin, Lamia Mari, Palms Trax, Pional, Sonhar, Topanga Kiddo, YX3 eta baieztatu gabe dauden beste artista batzuk.

Hala, jaialdiak hainbat jarduera kultural izango ditu: DJ setak, topaketa parte-hartzaileak, mahai inguruak, arte erakusketak, filmen proiekzioak, diskoen azoka, musika elektronikoko kontzertuak eta prestakuntza tailerrak. Astebeteko programazioa izango da, astelehenetik ostiralera, Donostiako hainbat espaziotan. Ostiralean, Miramongo anfiteatroa izango da agerleku nagusia, eta larunbatean, berriz, Illunbeko Donostia Arena. Ordutegiei dagokienez, Miramongo anfiteatroa 16:30ean irekiko da eta 01:00ean itxiko, eta Illunbeko eremua 16:30ean irekiko da eta 06:00etan itxiko.

Sarrerak gaur jarri dira salgai, jaialdiaren orrialde ofizialean (www.dantz.eu/festival). Bi eguneko bonuak (ostirala eta larunbata) 65 euro balio du (first early bird), gastuak kontuan hartu gabe, eta ostiralean Miramongo anfiteatrora eta larunbatean Illunbeko Donostia Arenara sartzeko aukera ematen du. Eguneko sarrerek, aldiz, honako kostu hauek dituzte: 35 € gehi gastuak, ostiralean anfiteatroaren eremura sartzeko, eta 45 € gehi gastuak, larunbatean Illunbeko eremura sartzeko.

Bestalde, Ke Lepok eta Lluchek uztailaren 17an (asteazkena) Kutxa Fundazioa Klubean eskainiko duten kontzertu bikoitzak eta uztailaren 18an (osteguna) Tabakalerako patioan izango den Sonhar esperientziak jarduerako 12 euroko kostua izango dute, gastuak kontuan hartu gabe.

Gipuzkoako hiriburuaren zati handi bat hartuko duen gainerako kartel artistikoa ez da oraindik osotasunean iragarri, baina antolatzaileek hurrengo asteetan emango dute horren berri sare sozialen, prentsaren eta beren webgunearen bidez.

Jarduera gehigarriei dagokienez, uztailaren 15ean ekingo zaio programazioari larunbateko ordu txikietara arte luzatuko den «opening» batekin. Aurreratu daitekeenez, programazio horretan hitzaldiak, erakusketak, musika gehiago, zinema, prestakuntza, streaming saioak eta beste izango dira.

Dantz Festival jaialdiak Donostia Kultura eta Keler jaialdien laguntza du, baita beste hauena ere: Tabakalera, Kutxa Fundazioa, DICE, The Social Hub San Sebastián, Elías Querejeta, Radio 3, Loreak Mendian, audio-lab.org, Drunkat, Arteuparte eta Dock of The Bay.

Ametsak, 2024ko Dantz jaialdiaren gaia

Zortzigarren edizioa «ametsei» buruzkoa izango da, jaialdiak berezkoa baitu, sortu zenetik, gai baten inguruan jardutea. Hala, jaialdiaren edizio honen ildo gidariarekin lotutako jardueretako bat izango da uztailaren 18an: Xabi Erkizia soinu artistak soinu performance parte-hartzaile bat egingo du Tabakalerako Patio aretoan. Bertan, bertaratuei kulturgunearen aretoetako batean lo egiteko gonbita egingo zaie, Erkiziak live bat eskaintzen duen bitartean. Gainera, ondoren, gosari-tertulia bat izango da, bizi izandakoari buruz modu kolektiboan hausnartu ahal izateko. Ekitaldi honek ariketa bat proposatzen du, erdi lokartutako entzunaldi batean oinarritua, nolabaiteko loaldi soinudun bat, edo, hobeki esanda, agian, erdi lotan jasotzen den kontzertu-entzunaldi moduko bat. Gau luze eta lasai bat, irratiko arte piezen, field recording piezen eta soinu eta musika konposizioen bidez sonorizatua. Ikus-entzuleek entzunez lo egin dezakete edo lo eginez entzun.

Jarduera horretarako sarrerak salgai daude, 12 euroan (gastuak kontuan hartu gabe) eta mugatuak dira kopuruz.

  

3615