Desberdintasun maila ekonomikoa neurtzen duen GINI indizea 25,3 puntura jaitsi da Gipuzkoan
Desberdintasun maila ekonomikoa neurtzen duen GINI indizea 25,3 puntura jaitsi da Gipuzkoan
Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu du hori, gaur hasi den “Gizarte-bazterketarako esku hartzeen ereduak” udako ikastaroaren inaugurazioan
Makel Olano diputatu nagusiak, gaur goizean, azpimarratu du desberdintasun maila ekonomikoa neurtzen duen GINI indizea jaitsi egin dela Gipuzkoan. “Zehatzago esanda, 2014ko 26,3 puntutik 2017ko 25,3 puntura jaitsi da”. Olanok datu hori eman du “Gizarte-bazterketarako esku hartzeen ereduak” ikastaroaren inaugurazioan, Donostiako Miramar jauregian egiten diren UPV-EHUko Uda Ikastaroen barruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SiiS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak antolatutako ikastaro horrek, egun hauetan, gizarte bazterketaren alorreko Espainia osoko adituak bilduko ditu. Guztira 180 pertsona matrikulatu dira, 13 probintzia eta 9 espezialitate diferentetakoak (hezkuntza, gizarte zerbitzuak, osasun zientziak, ekonomia, industria...). “Zenbat eta altuagoa izan GINI koefizientea –azaldu du Olanok–, hainbat eta altuagoa da gizarte baten aberastasunaren kontzentrazioa –bidegabekeria ekonomikoa–. Beraz, zoriontzekoa da esan ahal izatea Gipuzkoan, GINI indizearen 25,3 punturekin, eta Euskadin ere, 25,8 punturekin, askoz azpitik gaudela 28 kideko Europa baino (30,8 puntu) eta Espainia baino (34,5 puntu), non 2015. urteaz geroztik hamarren bat besterik ez baita jaitsi”.
Azpimarratu badu ere jada errealitate bat dela “11.200 gipuzkoar baino gehiago atera direla pobreziatik”, adierazi du lanean jarraitu behar dugula inklusioaren alde, egia baita pobrezia larriko edo bazterketako kasu gogorrenak kronifikatzen ari direla. Gainera, esan du hori dela hain zuzen ere Elkar-EKIN 2016-2020 Gizarteratze Planaren egitekoetako bat, eta horren inguruan hitzaldi bat eskainiko dela ikastaro honetan.
Gaur eta bihar ikastaroko hizlariek euren ikuspegia azalduko dute gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonekin esku hartzeko ereduen inguruan, bizitza kalitatearen eta pertsona ardatz duen arretaren ereduak oinarritzat hartuta. Eredu bakoitza eta horiek gizarte bazterketako kasuetan ezartzeko aukerak aztertzeaz gain, aurkeztuko dira jardunbide egokiak eta eredu horiekin izandako benetako lan esperientziak, bai estatu mailan bai Euskal Autonomia Erkidegoan. Bukatzeko, gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen arretari buruzko hausnarketa bat egingo da, kolektibo horren enplegagarritasunaren garrantzia azpimarratuz.
Olanoren hitzetan, “badakigu, gizarte bazterketako kasu batzuetan, enplegua ez dela arazo guztien konponbidea. Kasu batzuetan, bazterketa egoeran dauden pertsona batzuk enplegagarritasun zaila izaten dute, eta laguntza eta tutoretza berezia behar izaten dute. Nolanahi ere, uste dugu enplegu okupazionala eta enplegu normalizatua tresna oso garrantzitsuak direla, pertsona bakoitzarekin faktore asko lantzeko aukera ematen baitute”. “Hor egon behar dugu, laguntza ematen, egin behar duten ibilbidea egin dezaten, eta enpleguaren tresna funtsezkoa da bazterketari aurre egiteko”, gaineratu du diputatu nagusiak.
Horren inguruan, eta “duela gutxi, Gipuzkoara egindako bisitan, Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel sariak esan zuen bezala, diru sarrerak bermatzeko errenta bezalako prestazioa zubi garrantzitsua da, baina aldi baterako izan behar du, ez da ordezko zerbait”, azpimarratu du diputatu nagusiak, eta hauxe erantsi du “gure erantzukizuna da lana egin nahi duten guztientzat nahikoa enplegu sortuko duen ekonomia bat sortzea, betiere ahaleginaren kulturatik. Horrenbestez, enplegagarritasuna eta gizarte kohesioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategiaren erdigunean daude”.
Zentzu horretan, gogorarazi du, Elkar-EKIN Gizarteratze Plana 2016ko ekainean abian jarri zenetik, gizarteratzeko eta lanbideratzeko aukerak sortzen ari dela bazterketa egoeran dauden edo bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat. Horren harira, eta amaitzeko, Olanok adierazi du ikastaro honek balioko duela sinergia bat sortzeko gizarte bazterketako esku hartzeen eredu desberdinen inguruan. “Ezagutuko ditugun jokabide egokiak eta benetako esperientziak oso baliagarriak izango dira Gipuzkoa gizarte desberdintasun gutxien duen Europako erregioetako bat bilakatzeko helburua lortzeko”. Alabaina, azpimarratu du “berdintasuneko eta gizarteratzeko politiketan gure lurraldea erreferente izateko, ezinbestekoa dela enplegagarritasuna hobetzea eta sustatzea. Eta hori da, hain zuzen, lantzen ari garen estrategia, hirugarren sektorearekin, ikastetxeekin eta garapeneko tokiko agentziekin lankidetzan”.
2389