Ingurumenak bat egiten du Nazio Batuen Lurraren Mundu Egunarekin
Ingurumenak bat egiten du Nazio Batuen Lurraren Mundu Egunarekin
“Zuhaitzak lurrentzat lemapean” ospatzen ari da gaur
- Asensio: “Gure erronka da ingurumen arloan gizarte eredugarri bat izatea”
Ingurumen Departamentuak bat egiten du “Zuhaitzak lurrarentzat” lemapean gaur ospatzen den Nazio Batuen Lurraren Mundu Egunarekin eta jendea animatzen du klimaren aldeko eta klima aldaketaren kontrako konpromisoa azaltzera.
Lurraren Mundua Eguna dela eta, Aldundiko Ingurumen Departamentuak bat egiten du Nazio Batuen eskaerarekin, eta jendea animatzen du klimarekiko konpromisoak agertutzen dituen mezuak zabaltzera.
Ingurumeneko Departamentuari aukerako eguna iruditzen zaio apirilaren 22a, Gipuzkoako lurrarekin, airearekin eta urekin dugun konpromisoa berresteko, gizadi osoarenak ere bai baitira lur, aire eta ur horiek, ingurumen kontuetan ez dagoelako ez hesirik ez mugarik.
Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok hau adierazi du: “Gure erronka da, esan nahi dut, Gipuzkoako gizartearen erronka da, ez bakarrik eskatzen zaizkigun gutxieneko estandarrak betetzea, baita ere ingurumen arloan kontzientzia handia duen gizarte bat bilakatzea, beti ibiliko dena baliabide guztien iraunkortasunerako bidean, iraunkortasun terminoa garapen zuzen, iraunkor eta arduratsu gisa ulertuta; azken batean, gure erronka da gizarte eredugarri bat bihur dadin ingurumen arloan”.
Asensioren iritziz, herritar guztioi dagokigu eginkizun hori, eta erakunde publikoen azken bazterreraino iristen da, gainera; orobat eskatzen digu alde batera uzteko iraunkortasuna aipatzen dugunean kontzeptu abstraktu bat balitz bezala aipatzea, hau da, energiari, mugikortasunari eta hondakinei bakarrik dagokiena. Hau esan du: “Iraunkortasuna edozein politikaren zeharkako ardatz ukaezin bihurtu behar dugu; halaber, kultura sozial berri baten zeharkako ardatz ukaezin, zeinak konprometituko baikaitu Lurra, Gipuzkoa eta munduko edozein toki zaintzera eta kontserbatzera”.
Nazio Batuek gogora ekarri dute zuhaitzak klima aldaketari aurre egiteko baliotsuak direla, besteak beste, airea garbitzen dutelako, animalia-espezien galerari aurre egiten diotelako eta iraunkortasunaren aldeko funtzioa betetzen dutelako.
Aurtengo 2016. urte honetan, Lurraren Mundu Egunaren helburutzat hautatu da Parisko Akordioa sinatzeko zeremonia solemne hura ospatzea, hau da, Parisen izan zen Klima Aldaketari buruzko Gailurreko Akordioa sinatzeko egin zena. Han parte hartu zuten 196 herrialdeek hitzeman zuten lan egingo dutela tenperatura globalaren igoera 2 gradu zentigradutik beherakoa izan dadin, eta ahaleginak egingo dituztela –kontuan hartuta arrisku larriak daudela– 1,5 gradu zentigradutik beherakoa izateko.
1970eko apirilaren 22an, Ipar Amerikako Gaylord Nelson senatari demokratak 2.000 unibertsitate baino gehiago, dozenaka milaka eskola, eta milioika iparramerikar mobilizatu zituen, ingurumena babesteko agentzia bat sortzeko eska zezaten; alegia, Lur planetaren osasuna zaintzeaz arduratuko zen agentzia bat. Harrezkero, milioika lagunek ospatu izan dute efemeride hori, urtero, harik eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak apirilaren 22a Ama Lurraren Nazioarteko Eguna ofizialki izendatu zuen arte, 2009. urtean.
Oroitzapen ospakizun horren asmoa da gogoraraztea zer ardura dagokigun Lurrarekin eta naturarekin harmonian egotea sustatzeko, eta ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako beharren artean oreka zuzen bat lortzeko, oraingo belaunaldientzat bezala gerokoentzat ere.
1787