Birziklatzearen Munduko Eguna
Birziklatzearen Munduko Eguna
2020an, Gipuzkoak % 55eko birziklatze tasa lortuko du, 2025erako Europak ezarritako helburua.
Gipuzkoak, berriro ere, eredugarria izan behar du, mundu erdiko uretan flotatzen duten maskara eta eskularruen irudien aurrean.
Maiatzaren 17an Birziklatzearen Munduko Eguna dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazi du bere helburua dela hondakinak birziklatzeari buruzko kontzientzia soziala areagotzea, klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta ingurumena babesteko modu gisa.
Birziklatzearen bidez, jada erabili den produktu bati, hasiera batean desegitera bideratuta dagoenari, tratamendu bat egiten zaio lehengai bat edo produktu berri bat lortzeko eta berriz ere bizi zikloan sartzeko.
José Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, gipuzkoarrok hondakinen birziklatzearen arloan azken urteotan hartu dugun kontzientzia sozial handia eta ohitura onak nabarmendu ondoren, honako hau adierazi du: "Birziklatzeko ohitura besteekiko eta, batez ere, etorkizuneko belaunaldiekiko elkartasunaren eguneroko adierazpena da. Hori horrela da birziklatze keinu bakoitzak, txikia edo hutsala iruditu arren, berekin dakarrelako baliabide naturalak hobeto erabiltzea eta gure kontsumo ohituren ingurumen inpaktua murriztea; gure etxeetan birziklatzeko ohiturak, azken batean, besteekiko eta planetarekiko errespetua adierazten du".
Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak bere hitzaldian nabarmendu duenez, "guztion artean, kontzientzia sozial handiarekin eta erakundeen jardun erabakigarriarekin, % 54,35eko birziklatze tasan kokatu dugu Gipuzkoa, eta 2020an, ahalegintzen bagara, 2025erako ezarritako % 55eko helburua lortuko dugu".
Baina, 2020an, bizitzaren beste edozein alderdi bezala, Birziklatzearen Munduko Eguna COVID-19aren krisiak markatzen du.
Ildo horretan, José Ignacio Asensiok aipatu du gure gizarteak koronabirusaren krisiaren ondorioz bizi duen une larria; gure bizitzak aldatzeaz gain, hondakin berriak sortzean, eragina izaten ari baita birziklapenean eta hondakinen bereizketan. "Osasun krisiaren ondorioz, aste gutxi batzuetan, eguneroko bizitzarako ezinbesteko bihurtu dira orain arte ospitaleetan bakarrik noizean behin ikusten genituen produktuak", adierazi du.
Hori dela eta, foru diputatuak bere hitzaldia amaitzeko deialdi bat egin du gipuzkoarrok krisialdi honetan zehar erantzukizun gehigarri bat izan dezagun birziklatzearen arloan. "Askotan, Foru Aldunditik nabarmendu dugu Gipuzkoako herritarren ingurumenarekiko kontzientzia handia eta portaera eredugarria, gure hiri-habitata edo habitat naturala babestu nahi denean. Gaur, mundu erdiko uretan flotatzen dauden maskaren, alkoholdun geleko ontzien eta eskularruen irudiak ikusita, deialdi bat egiten dut Gipuzkoa berriz ere lurralde eredugarria izan dadin”, gaineratu du.
Birziklatzearen Munduko egunari buruzko beste informazio bat / apunteak
A.- Birziklatzearen ikurra
Birziklatzearen ikurra, triangelu formakoa, hiru gezirekin, Gary Andersonena da, lehenengo Lurraren Eguna ospatzeko 1970ean deitutako lehiaketa irabazi zuen Hego Kaliforniako Unibertsitateko ikaslearena.
Hiru geziak birziklatze prozesuaren hiru urratsak dira: birziklatzeko materialak biltzea, birziklatzeko prozesua bera eta birziklatutako produktu horiek erostea, sistemak behin eta berriz jarrai dezan.
B.- Birziklatzea eta COVID-19. Hondakinak eta horien birziklatzea
Babes sanitarioko materialen hondakinei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak honako hau gogorarazten du:
- Erosketak egiteko edo beste erabilera batzuetarako erabiltzen diren latexezko edo nitrilozko eskularruak ez dira edukiontzi horietan utzi behar, beti errefusaren edukiontzian - "zabor normala" - utzi behar dira, inoiz ez edukiontzi urdinean edo horian.
- Ohiko eskuoihal hezeak, makillajea kentzen dutenak edo haurtxoen higienerako erabiltzen direnak, konfinamendu garain beste xede batzuetarako ere erabiltzen ari dira (etxeko gainazalak, telefonoak, aginteak eta abar desinfektatzea). Ez dira biodegradagarriak, eta ez dira komunetik behera bota behar, hustubideetan eta ingurumenean kalte larriak saihesteko. Errefusaren edukiontzian bota behar dira.
- Etxe batean koronabirusa duen edo berrogeialdian dagoen kasuren bat badago, infektatuta edo berrogeialdian dagoen pertsonaren hondakin guztiak itxitura hermetikoa duen poltsa batean sartu behar dira eta errefusaren ohiko edukiontzira bota (grisa).
1908