Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Diagnosia LGTBI+ pertsonek Gipuzkoan jasaten dituzten diskriminazio motei buruz

Diagnosia LGTBI+ pertsonek Gipuzkoan jasaten dituzten diskriminazio motei buruz

Aldundiak GEHITU elkartearekin batera egingo du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du proiektua, eta adierazi du ahalik eta argazkirik zehatzena osatu nahi duela, Gipuzkoan bizi diren LGTBi+  pertsonek bizi izaten duten errealitatearena. Ekimen hau Gipuzkako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak bultzatu duen Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Planean kokatzen da, eta helburua du aniztasunaren eta diskriminaziorik ezaren baloreak sustatzea, herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko. Azterketa foru zuzendari Maribel Vaquerok aurkeztu du. Adierazi duenez, azterlana orain hasi eta urte amaiera bitaretan egingo da, eta ikergai nagusitzat zera izango du:  LGTBI+ diren pertsonek jasaten dituzten eskubide urraketak eta diskriminazio egoerak. Horretarako, galdesorta ireki bat zabalduko da elkarrizketak egingo zaizkie hainbat adituri eta aktibistari, eta zenbait eztabaida talde antolatuko dira.

Azterlanaren asistentzia teknikoa Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkartearen ardura izango da, eta horren koordinatzaile Aintzane Muguruzak eman ditu prozesuaren xehetasunak. Bai Muguruzak, bai Vaquerok horrelako azterlan baten beharra azpimarratu dute, izan ere, orain arte ez da halako ikerketa zehatzik egin lurraldean eta, foru zuzendariak adierazi duenez, horrek aukera emango du «jakiteko zer neurritan sortzen diren halako eskubide urraketak Gipuzkoan». Gure lurraldean esanguratsuak direla uste den bi alderdiei ere bereziki erreparatuko zaiei: indarkeria matxistari eta udalerri txikietako egoerari.

Bidea zabaldu nahi duen azterlan bat

Maribel Vaquero zuzendariak aurkezpenean esan duenez, «oso deigarria iruditu dakigukeen arren», aniztasun plana lantzeko kolektibo batzuekin eta besteekin harremanak izaten hasi zirenean «ez genuen topatu inongo azterketarik, ez erakundeetan ez pertsona horien eskubideen alde lan egiten duten taldeetan, kolektiboak jasaten dituen diskriminazioak identifikatu eta katalogatu zituenik», eta, horregatik, ez zen ezagutzen zer diskriminazio egoera zehatz jasaten dituen pertsona hauek. Vaquerok esan du kalkula daitekeela «Gipuzkoan 40.000 edo 50.000 pertsona inguru izatea LGTBI+ siglak izendatzen dituen herritarrak baina gutxi gora beherako uste horietatik aparte, ez dugu informazio zehatzagorik gure lurraldeari buruz, eta jakin nahi dugu zer errealitate  bizi duten gipuzkoar hauek». Aintzane Muguruzak honako hau zehaztu du, gainera: «ari gara egunero-egunero pertsona askoren duintasuna erasaten duten urraketa, jarrera eta ekintzei buruz; esate baterako, homosexualen bikoteek seme-alabak eskolan inskribatzerakoan bizi izaten dituzten arazoei buruz, edo LGTBI nerabeek koadrilla izateko edukitzen dituzten zailtasun handiei buruz».

            Maribel Vaquerok zera azpimarratu du: «diskriminaziorik ezak izan behar du gure lurraldeko gizarte kohesioaren eta elkarbizitzaren giltzarria. Horren kontra borrokatzeko, abiapuntu egokia behar dugu: ondo identifikatuta edukitzea herritarrok jasaten dituztendiskriminazio egoerak eta eskubide urraketak; horela bakarrik bermatu ahal izango ditugu horien eskubideak». Foru zuzendariaren iritziz, «hau ezinbestekoa da, egoera zaurgarrian dauden kolektiboei begira politika  egokiak diseinatu eta ezartzeko eta, ondorioz, ekintza zehatzak abian jartzeko». «LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitatea eta jasaten dituzten urraketak ezagutu gabe horien eskubide eta aukera berdintasunari buruz jarduteak eragotzi egiten du ekimen zuzenak eta egokiak abiaraztea», adierazi du Vaquerok. GEHITU elkarteko kordinatzaileak zera erantsi du: «egia da LGTBI+ kolektiboko pertsonek Gipuzkoan bizi duten egoera nabarmen hobetu dela azken 20 urtean, baina ezinbestekoa genuen irismen eta ikuspegi honetako azterlan bat egitea».

 

Aniztuna, exhaustiboa eta intersekzionala

Azterlana sei hilabetean egingo da eta, hortaz, urte amaiera aldean bukatuko da. Zati nagusia diagnostiko exhaustibo bat egitea izango du, «betiere kontuan hartuz LGTBI+ siglaren baitan era askotako pertsonak eta inguruabarrak biltzen direla eta, beraz, egunerokoan oso arazo eta bizipen desberdinak izaten dituztela», adierazi du foru zuzendariak. Horregatik, azterlanean aldagai anitz izango dira kontuan: sexua, klase soziala, adina, mendekotasuna, etnia edo sinesmena, besteak beste; eta denak modu intersekzionalean landuko dira. Halaber, pertsonen ongizatearen esparru guztiak ikertuko dira: espazio publikoa (eskubide sozialak, sare sozialak); hezkuntza; lan mundua; osasuna; aisialdia, kultura eta kirola; gazteria; migratuak; justizia eta ppoliziarekiko harremana; eta mendekotasuna, adinaren nahiz aniztasun fisiko-psikikoaren araberakoa izan.           

            Gure lurraldean esanguratsuak direla uste den bi alderdiei ere bereziki erreparatuko zaiei, biak ere ikertu beharreko gaiak direla kontsideratu baita: Alde batetik, indarkeria matxista, zeren, GEHITUko koordinatzaileak gogorarazi duenez, «indarkeria matxista ez da bakarrik emakumeen kontrakoa izaten, baizik eta gizon heterosexualaren nagusitasuna gizartean zalantzan jartzen duten guztien kontrakoa ere bai». Eta, halaber, kolektiboak herri txikienetan jasan ohi dituen urraketak aztertuko dira bereziki.

Metodologia

Azterlana hiru bitartekoz landuko da: euskarri digitalaz, informatzaile esanguratsuei egindako elkarrizketez eta eztabaida taldeez. Galdesorta digitaletara Internetez eta mugikorraz iritsi ahal izango da datozen asteetan. Ibilbide profesionalean edo bizitzakoan esaguratsuak diren pertsonen ikuspegia ere bilduko da azterketan, baita  pertsona talde edo koelktibo jakin batzuena ere (migratzileak, intersexualak, aniztasun funtzionala dutenak, sexu-langileak...). Guztira 20 elkarrizketa izango dira. Azkenik, hirugarren bloke metodologikoan, eztabaida taldeak antolatuko dira, ezaugarri desberdinetako pertsonez osatuak.

  

1810