Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Digitalizazioan eta iraunkortasunean Gipuzkoako industriak emandako urratsak goraipatu ditu Eider Mendozak, eta ahalegin horretan laguntzeko konpromisoa adierazi du

Digitalizazioan eta iraunkortasunean Gipuzkoako industriak emandako urratsak goraipatu ditu Eider Mendozak, eta ahalegin horretan laguntzeko konpromisoa adierazi du

EMO Hannover azokan parte hartzen ari diren makina-erremintako 21 gipuzkoar enpresen berrikuntzak bertatik bertara ezagutu ditu diputatu nagusiak

2023/09/19
EMO Hannover

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Gipuzkoako makina-erremintaren azken berrikuntza teknologikoak ezagutu ditu gaur EMO Hannover 2023 azokan, sektore honetarako munduan den hitzordu nagusian, eta gipuzkoar industriak gaur egun dituen desafioen inguruko ekarpenak eta testigantza zuzena jaso ahal izan du enpresetako ordezkariengandik. Diputatu nagusi gisa nazioartera egindako lehen bidaian, lurraldeko enpresen izaera “bidegilea” goraipatu du Mendozak Hannoverren, digitalizazioaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik egiten ari den ahalegina txalotuz eta desafio horietan “urrats berriak” emateko babesa eskainiz.

 

“Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez, Gipuzkoako enpresen berrikuntza maila txalotu eta zoriondu nahi dut. Gure enpresak apustu teknologiko garrantzitsuak egiten ari dira. Batetik, digitalizazioaren eskutik etorkizunean ere lana eta lanpostu berriak sortzeko; bestetik, zirkulartasuna eta efizientzia indartuz, ingurumenaren alde ere beren ekarpena egiteko”, azaldu du diputatu nagusiak. Norabide horretan sakontzeko, legealdi berri baten hasieran gauden honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “konpromisoa eta babes osoa” izango dutela aurreratu du, gainera.

 

Izan ere, ekonomiaren ezegonkortasunak eta inflazioak markatutako testuinguru honetan, industria Gipuzkoako eta Euskal Herriko ekonomiaren “bizkarrezurra” osatzen duela gogorarazi du Mendozak, BPGaren ia %40koa da –industriari lotutako zerbitzu aurreratuak kontuan izanda– eta enpleguen %24 osatzen baitu. “Horregatik da hain garrantzitsua gure industriaren berrikuntza palanka nagusietan eragitea, lehiakortasunari eutsi eta, gaur eta bihar, aktibitateari sendo eutsi eta kalitatezko enplegua sortzen jarraitu dezan. Hannoverren ikusi dezakegu industriaren eraldatze prozesua puri-purian dagoela, besteak beste, digitalizazioaren eta iraunkortasunaren aldeko apustuaren ondorioz. Eraldatze horietan bidelagun izango gaituzte Gipuzkoako enpresek”, berretsi du.

 

“Kezkak kezka, konfiantzaz eta gogotsu” ikusten du diputatu nagusiak lurraldeko industria ehuna. “Egia da moteltze zantzuak izan direla ekoizpenean azken hilabeteetan, sektorearentzat oso garrantzitsuak diren Europako merkatuetan besteak beste. Baina gogoratu behar dugu pandemiaren eta ondorengo krisian, gure industriak ezin hobeto eutsi ziola oso egoera zailari, krisi aurreko ekoizpen eta esportazio datuak ere hobetuz”, adierazi du. “Gipuzkoako industriak, eta makina-erremintak, erresilientzia handia erakutsi dute, egiten dutena hobeto eginez, eta etengabe aukera berriak zabalduz. Konbentzituta gaude EMO honek bi ardatz horietan aurrera egiten jarraitzeko balioko duela”, gehitu du.

 

Ekonomia Sustapeneko departamentuko lantaldearekin batera egin du bisita Hannoverrera diputatu nagusiak, AFM klusterreko zuzendari nagusi Xabier Ortuetaran eskutik. Bertan izan

dira Ane Insausti, Ekonomia Sustapeneko diputatua; Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko zuzendaria, eta Jon Gurrutxaga, Berrikuntzako zuzendaria.

 

Mendozak gogorarazi duenez, makina-erreminta gure lurraldeko industriaren "punta-puntako ereduaren lekuko” da, "aurreratua, berritzailea eta munduari irekia" delako eta “pertsonen aldeko apustu irmoa” egiten duelako. 2020ko datuei erreparatuz gero, esate baterako, EAEko makina-erremintako hamar enpresatik sei Gipuzkoan kokatzen dira. Sektore honek Autonomia Erkidegoan dituen langileen %75,7 ere lurraldeko enpresei dagokie, nazioarteko esportazioen %73,2.

  

1921