DIPCk 5 emakume ikertzaileren ibilbidea bultzatu zuen 2021ean, Foru Aldundiaren laguntzarekin
DIPCk 5 emakume ikertzaileren ibilbidea bultzatu zuen 2021ean, Foru Aldundiaren laguntzarekin
Foru erakundeak eta ikerketa zentroak ‘Emakumea eta Zientzia' programa garatzeko lankidetza berritu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) 2022rako lankidetza hitzarmena berritu dute, eta, horren bidez, Foru Aldundiak 500.000 euroko laguntza emango dio zentroari bere jardueretarako. Foru Aldundiak Fundazioko kide gisa egin ohi duen 330.000 euroko ekarpenaz gain, 170.000 bideratuko dira DIPCn ‘Emakumea eta Zientzia' programara. Programa horren helburua da bikaintasunaren zientzian emakume gehiago egon daitezen neurriak hartzea, bateratuz, alde batetik, DIPCn kalitate zientifikoa eta, bestetik, Aldundiak genero berdintasuna esparru guztietan eta, bereziki, desberdintasun hori nabarmenagoa den eremuetan sustatzeko duen helburua. Horretarako, emakumeak ikerketa taldeetako lider izatea, emakumeek zuzendutako ikerketa taldeak garatzea eta haztea, eta emakumeek koordinatutako proiektuak eta jarduerak gauzatzea bultzatzen da.
‘Emakumea eta Zientzia’ programa 2019an jarri zen abian, eta aurten ere emakume ikertzaileak kontratatuko ditu, doktoratu ondoko maila aurreratukoak baina oraindik lanpostu iraunkor bat lortzeko adina heldutasun zientifikora iritsi ez direnak. Izan ere, datuek erakusten dutenez, ikertzaileen ehuneko handi batek uko egiten dio mundu akademikoari beren ibilbidearen une horretan. Helburua egoera horri irtenbidea bilatzea da, ikertzaile horiei beren karrera zientifikoarekin jarrai dezaten bultzada bat emanez, hiru urteko egonkortasuna eta nazioarteko ikerketa talde garrantzitsuen buru bihurtzeko aukera izateko behar adina tresna eskainita. Horrela, gainera, helburu hori lortu ahala, ikertzaile berriak sartu ahal izango dira programan.
Era berean, programa honen bidez, emakumeak buru dituzten laborategietarako edo ikerketa unitateetarako ekipamendua edo azpiegitura erostea, ikerketa proiektuak gauzatzea eta horien emaitzak zabaltzea eta eremu zientifikoan emakumearen parte hartzea sustatzeko helburua duten beste ekintza batzuk finantzatzea bultzatzen da.
Iaz bost ikertzaileren lana babestu zen. Alde batetik, Ikerbasqueko hiru ikertzaile: Fabienne Barroso, Aran García Lekue eta Silvia Bonoli. Barroso nanoeskalan fenomeno fisiko-kimikoak ulertzera bideratutako ikerketa ildo esperimentala garatzen ari da; Garciaren lanak, berriz, nanoegituratutako azaleretan elektroien prozesuen ikerketa teorikoa du oinarri; eta Bonolik, galaxien bilakaera aztertzen du. Bestetik, maiatzaz geroztik, Maia García Vergniory ikertzailea Max Planck Institutuan eta DIPCn aritu da; DIPCn dedikazioa partziala izan du programa horren kargura, eta programa beraren kontura Claire Tonnelé ikertzailea kontratatu da. Azkenik, programak, gainera, Fabienne Barroso irakaslearen laborategirako ekipoak erosteko eta sentsibilizazio eta dibulgazio jarduerak antolatzeko balio izan zuen. Horren adibide dira DIPCn ikertzaile gazteak inspiratzeko egiten diren saioak edo gure zientzialariek ikastetxeetara bisitaldiak egiteko abiarazi berri dugun programa, STEM arloko bokazioak sustatzeko helburuarekin, batez ere nesken artean.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak positiboki baloratu ditu lankidetza horren emaitzak, eta DIPCk erronka honekin izan duen “inplikazioa” eta “sentsibilitatea” nabarmendu ditu: “Gipuzkoan, I+Gn dedikazio osoa duten emakumeen ehunekoa % 33,97 da. Ehuneko hori are txikiagoa da arlo jakin batzuetan, hala nola fisikan. STEM arloko adarrak aukeratzen dituzten neskak Lanbide Heziketan sartu berri direnen % 9 baino ez dira, eta unibertsitatean hasi direnen % 31. Gipuzkoa arlo guztietan desberdintasun txikiena duen munduko lurraldeetako bat izatea nahi badugu, desoreka hori ezin dugu onartu, justizia kontua delako, eta gizartearen zati handi baten talentu potentzialari uko egitea dakarrelako. Talentu hori funtsezkoa da gure ongizatea bermatuko duten I+G arloko ekonomia eta ekosistema indartsu bat sendotzeko.
Diputatuak azaldu duenez, “gizonezkoekin alderatuta, emakumeek ikerketa karreran gora egitean aurkitzen dituzten zailtasunak eta kristalezko sabaiak direla-eta, ez da batere erraza estereotipoak gainditzea eta eredu izateko erreferente femeninoak sortzea. Egoera hori irauli egin nahi dugu jarduera horrekin eta Aldundiak bultzatzen dituen beste batzuekin, hala nola kontziliazio erantzunkiderako neurriak hartzea; neska gazteen artean bokazio zientifiko-teknikoak indartzea, laguntza ekonomikoak barne; edo berdintasuna sustatzeko irizpideak sartzea I+Gko sareari laguntzeko eta zientzialariak erakartzeko gure deialdi nagusietan (5 milioi euro inguru). Horiei esker, babesten ditugun proiektuetako ikertzaileen % 39 emakumeak dira. Ikerketa taldeen buru nor den aztertuz gero, emakumeak % 37 dira.
Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendariak adierazi duenez, "DIPCn ziur gaude erakunde zientifikoek, eta, batez ere, genero desoreka handia dagoen diziplinetan lan egiten dugunok, hala nola fisikan, kontratazio dinamikak hobetu behar ditugula gure zentroetan emakume ikertzaile gehiago egon daitezen. Gaitasun ikaragarriak dituzten emakume asko galtzen ari gara, eta haien beharra dugu, arrazoi askorengatik. Lehenik eta behin, bikaintasuneko ikerketa programak garatzeko behar ditugu. Behar ditugu, gainera, ikuspegi aniztasuna handitzeko; hori funtsezkoa da zientzian, gutxi bezalako jarduera sortzailea baita, eta askotariko ekarpenak behar ditu. Azkenik, eta ez da garrantzi gutxiagokoa, behar ditugu zientzian emakumeen ikusgarritasuna handitzeko eta neska gazteei ikerketa karrera erakargarri egingo dieten erreferenteak eskaintzeko, eta, horrela, zirkulua ixteko, etorkizunean talentu hori guztia gal ez dadin. Biziki eskertzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari kezka eta helburu hori gurekin partekatzeagatik eta, azken finean, ibilbide horretan bidelagun izateagatik".
Donostia International Physics Center
DIPC nazioarteko ikerketa zentro bat da, eta Eusko Jaurlaritzak Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentro (BERC) gisa akreditatuta dago. BERC zentroak ezagutza sortzeko egiturak dira, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interes zientifikoa duten eta unibertsitate inguruneari lotuta dauden eremuetan, eta ikerketa bikaintasuna dute ezaugarri. Estatu mailan, berriz, Severo Ochoa zentroa Bikaintasun Zentro gisa aitortuta dago.
DIPCk nazioarteko punta-puntako ikerketa jarduera bizia du; 2021ean, esate baterako, 430 argitalpen zientifiko plazaratu ziren, 23.700 aipamen izan zituen, Horizon Europako esparru programa lehiakorraren barruan 10 proiektu jarri ziren abian, eta nazioarteko kolaborazio eta bisitari ugari izan ditu, guztira 28 herrialdetako ia 400 ikertzailek osatutako taldea osatzeraino. Gainera, DIPCk zientzia dibulgatzeko lan handia egiten du, besteak beste, 'Passion for Knowledge' ekitaldien edo 'Zinema eta Zientzia Zikloa' jardueren bidez, zientzia eta ikerketa lana gizartera gerturatzen baitute. Era berean, DIPCk 'Emakumeak Zientzian' gure inguruko emakume ikertzaileen lana ikusarazteko ekimenean parte hartzen du.
2754