Bidasoaldeko mugikortasuna “osotasunean eta sakon” aztertzeko, erakunde arteko mahaia eratzea proposatu du Aldundiak
Bidasoaldeko mugikortasuna “osotasunean eta sakon” aztertzeko, erakunde arteko mahaia eratzea proposatu du Aldundiak
Bidasoaldeko mugikortasuna “osotasunean eta sakon” aztertzeko, erakunde arteko mahaia eratzea proposatu du Aldundiak
Eskualde mailako konponbideak landu eta herritar guztien beharrei erantzungo dien ibilbide-orria osatzeko, Oiarbide diputatuak mahaira batzeko deia luzatu dio Irungo Udalari ere
Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkateak bilera egin dute gaur herriko mugikortasuna eta herritarren eskakizunak elkarrekin aztertzeko helburuarekin, arreta berezia eskainiz, Hondarribia eta Irun artean kokatzen den Mendelu auzoari. Mugako eskualdea lurraldeko puntu estrategikoa da eta, gaiaren konplexutasunaren aurrean, aurrera begirako lankidetzarako ibilbide-orri bat adostuko duen erakunde arteko mahai bat osatzea proposatu du Aldundiak. Hori horrela, elkarlan honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dio Irungo Udalari Oiarbidek: “Kontuan izanik alde batetik Foru Aldundiaren sareko errepideak ditugula eta, bestalde, bi udalen konpetentziako errepideak, udaletxeen eta Aldundiaren arteko azterketa integral bat egitea beharrezkoa ikusten dugu, gaia osotasunean eta sakon aztertu ahal izateko”.
Udaletxean egin duten bileran, alkateak herriko kezka eta erronka nagusiak azaldu dizkio foru diputatuari eta mahaiaren gainean jarri den puntu nagusia Mendelu auzoaren egoera izan da. Izan ere, garapen urbanistikoaren eta biztanleen zein trafikoaren ugaritzearen aurrean, auzotarrek mugikortasun arazoei konponbidea emateko eskatu diete erakundeei.
Gai zerrenda zabala
Oiarbidek azaldu duenez, Mendeluren kasua ez ezik, Hondarribiak eta Irunek dituzten beste zenbait arazo eta proposamen ere aztertuko dira erakundeen arteko mahaian. Tartean, Irungo 2. Ingurabideari (Ronda Sur) buruzkoak, Irungo alkatearen proposamenak eta kezkak ere bertan aztertuko direlarik. “Ez dira konponbide errazak dituzten gaiak, ezta gaur bertan sortutakoak, eta ez dira egun batetik bestera bideratuko, baina axola handikoa da, Aldundiaren gidaritzapean, ikuspegi integraletik jorratzea, lurralde mailan, herri artekoan eta, baita, auzoen mailan ere”, gehitu du Hondarribiko alkateak.
Udalak, bere aldetik, Mendelu auzoko gaiak lantzeko mahai bat abian jarria du urtarrila ezkero, bertako bizilagunen ordezkarien eta udal talde politikoen artean osatutakoa. Sagarzazuk azaldu duenez, “zintzo eta gogotsu” ari dira lanean, gaia modu zabalean lantzen. Hain zuzen, auzoaren kokapenarengatik, Irun eta Hondarribia arteko lotura-ardatz nagusian, GI-636 errepidearen hobekuntzak, adibidez, eskualdeaz gain, lurraldearen zati handi baten mugikortasunari eragingo lioke. Aurreratu dutenez, Amute auzoko biribilgunea edo aireportuko errepidean bizikleta bidezko mugikortasuna dira beste gai nabarmen batzuk; hala nola, Zubietako campus teknologikoaren bilakaerarako eta Hondarribia-Irun loturarako inguru horretan beharko den errepide-diseinua.
2840