Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak, URAk eta Andoaingo Udalak hitzarmena sinatu dute Ziako errekastoaren saneamendua eta uholdeei aurre egiteko defentsa-lanak egiteko

Aldundiak, URAk eta Andoaingo Udalak hitzarmena sinatu dute Ziako errekastoaren saneamendua eta uholdeei aurre egiteko defentsa-lanak egiteko

Xedea da zehaztea hiru administrazioek nola hartuko duten parte saneamendu-sarea egiteko, eta uholdeei aurre egiteko proiektuaren lehen fasea gauzatzeko orduan.

Ziako errekastoa

Uraren Euskal Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Andoaingo Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Ziako errekastoaren saneamendu-lanak eta uholdeei aurre egiteko defentsa-lanak egiteko. Helburua da arautzea zein baldintzetan jardungo diren hiru administrazioak Andoainen Ziako errekastoaren saneamendu-proiektuaren proiektu bateginean, eta Andoaingo udalerrian Ziako errekastoaren uholdeei aurre egiteko lanen proiektuaren 1. fasean jasotako obrak egiteko. Sinadura-ekitaldian parte hartu dute URAko zuzendari nagusi Antonio Aizek, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok eta Andoaingo alkate Maider Lainezek.

Uholdeei aurre egiteko lan-proiektua errekaren ahalmen hidraulikoa handitzean eta aire zabalera ateratzean datza, guztira 1.200 metroko luzeran. Proiektua hiru fasetan gauzatzea aurreikusi da. Saneamenduari dagokionez, Ziako kolektorea eraikitzea da jarduketen xedea. Kolektore hori Gudarien Hiribidea hiri-mugan hasten da, Urnietako udalerriarekin mugan, eta Oriako hodi biltzaile nagusira arte doa, Bazkardora arte, Ama Kandida etorbidean: 1.959 metroko tartea, alegia. Kolektore horri 2.890 metroko bigarren mailako kolektorea gehituko zaizkio.

Uholdeei  aurre egiteko defentsa-lanen lehen fasea (Martin Ugalde eta Denak artean) bat dator diseinatutako saneamendu-sarearen jardun-eremuarekin. Horregatik, lankidetza-hitzarmen bat behar da, bi proiektuak batera eraikitzeko eta inplikatutako administrazioen arteko koordinazio estua errazteko.

Hitzarmenak zehaztutakoari jarraituz, URAk obra-proiektuak aurkeztu eta obrak kontratatu, zuzendu, ikuskatu eta finantzatzeaz arduratuko da (uholdeen aurreko defentsa-obren % 100a eta saneamendu-obren % 60a) 17.425.291 eurorekin. Aldundiak saneamendu-jarduketaren % 40a finantzatuko du,  4.289.317 eurorekin, eta Udalak 390.567 euro finantzatuko ditu hornidura-sare berria egiteko (1,3 kilometroko eroanbide berria Super Amara eta Martin Ugalde artean) edo lurzoruak jartzeko.

URAren aldetik, Antonio Aiz zuzendariak nabarmendu duenez, “uholdeei aurre egiteko eta Ziako errekastoaren saneamendua hobetzeko proiektuak anbizio handiko proiektuak dira, eta URAk 3 fasetan gauzatuko ditu. Gaur horietako lehena bideratuko dugu”. Zuzendariak adierazi  duenez, “arazo hidraulikoak eta isurketen erasanak konpontzea ahalbidetuko du, baita Ama Kandida inguruaren hirigintza-eraldaketa desblokeatzea eta erraztea ere”. URArentzat “funtsezkoa da hirigintza eta ingurune hidraulikoa era bateratuan eta koordinatuan ulertzea; horri esker, erreka aire zabalera berriro irekitzeak ingurune bizigarriago eta atseginagoa sortzea ahalbidetuko du”. Aizek aitortu duenez, “badakigu Andoaingo herriak premia handia duela  Ama Kandidaren eremua birsortzeko, segurtasuna hobetzeko eta etxebizitza berriak sustatzeko”.

Udalaren aldetik, Andoaingo alkate Maider Lainezek nabarmendu duenez, “Andoainek urteak daramatza lan hauek egitea eskatzen; horiei esker, arazo hidraulikoak eta isurketa erasanak konponduko dira, baita Ziako errekaren uholde-arriskua murriztu ere. Obra horiei esker, auzo berri bat garatu ahal izango dugu, eta horrek bizitza eta aukerak sortuko ditu. Eskerrik asko URAri eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari, Andoainen alde egindako apustu argi eta irmoagatik. Argi geratzen da erakundeok elkarrekin lan egiten dugunean gure herritarrak onuragarri ateratzen direla”.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “jarduera hau funtsezkoa da Andoaingo bizilagunei saneamendu- eta hornidura-zerbitzu egokia bermatzeko. Izan ere, zerbitzu horrek, aldi berean, Oria ibaiko uraren kalitatea hobetuko du; eta hori gutxi balitz, gainerako jarduketekin batera, 2021eko abenduan eman zen azken uholde-gertakariek bezalakoek azalarazten dutenez,  uholde-arriskua nabarmen murrizteko du. Hortaz, horiek guztiengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak lankidetzan eta akordio honetan jasota egon behar zuten, logikoa denez”.

Behin hitzarmena sinatuta, URAk obren 1. FASEA lizitatuko du udaberri honetan bertan (saneamenduaren arloko jarduketa osoa eta ubideratzearen lehen zatia), 22.105.177 euroko inbertsio orokorrarekin (BEZa barne).

  

16493