Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak eta Adinberrik bakardadeen aurreko estrategia partekatu dute gipuzkoar gizartearekin: Hariak

Aldundiak eta Adinberrik bakardadeen aurreko estrategia partekatu dute gipuzkoar gizartearekin: Hariak

Datozen asteetan zehar aurkeztuko da Hariak estrategia Gipuzkoako eskualde bakoitzean, atxikimenduen bila.

Maite Peña eta Rakel San Sebastian

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategia aurkeztu dute, Hariak izenekoa, azken bi urteetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatuarekin lankidetzan egindako parte-hartze prozesuaren emaitza dena. Estrategia hori Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoako 2020>2030 Agendaren barruan kokatzen da, eta helburu dute etorkizuneko politika publikoak modu partekatuan eraikitzea eta Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea. Gizarte Politikako foru diputatu den Maite Peñak eta Adinberriko zuzendari den Rakel San Sebastianek azaldu dituzte estrategiaren xehetasunak; izan ere, gizarte eta komunitate loturak indartuz, “ibilbide-orri bat ezartzen dio Gipuzkoa osoari bakardadearen fenomenoari heltzeko”, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte Hariak estrategiarekin bat egitera.

          51 pertsonako talde eragile batek gidatuta –erakundeetako eta gizarteko ordezkariek eta adituek osatua dagoena–, guztira 400 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute duela bi urte hasitako parte-hartze prozesuan: Gipuzkoako 77 udalek, 98 gizarte erakundek eta tokiko eragileek, Osakidetzak 6 ESIren bidez, eta 20 enpresa eta berrikuntza-zentrok. “Hasierako hurbilketa batean ikusi genuen bakardadeen gaiari heltzeko beharra zegoela, 10etik 9,2, eta Bakardadeak azterlanak adierazten digu 55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen dela, nahiz eta %5,5ak soilik onartzen duten modu irekian”, azaldu du diputatuak, eta gaineratu du “lehen mailako erronka baten aurrean gaudela, baina aukera testuinguru batean mugitzen garela”.

          Oinarri horretatik abiatuta, Hariak estrategia Gipuzkoako bakardadeen aurrean jarduteko esparru estrategiko bat da: “Gida gisa funtzionatzen duen tresna bat da, eta nahi ez diren bakardadeen aurkako borrokan jarduera zehatzak konprometitu eta zehaztu nahi ditu” azaldu du Maite Peñak, eta hiru helburu dituela zehaztu du: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade-egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea. “Azken batean, pertsonen bizitza hobetzea eta elkarlaneko jarduketa, kudeaketa eta gobernantzarako sare bat eratzea da bilatzen duguna”, gaineratu du.

          Estrategia hau adineko pertsonengan eta zahartze-prozesuetan ardazten bada ere, “ez du modu esklusiboan edo baztertzailean egiten”, azaldu du diputatuak. Estrategia bakardadearen hiru dimentsiotan esku hartu ahal izateko eratu da, soziala, emozionala eta existentziala, eta bakardade egoerei, bakardadearen aurreko kalteberatasun egoerei eta harreman bazterketako egoerei aurre egiteko jarduerak aurreikusten ditu.

Atxikimenduaren bila

Maite Peñak azpimarratu duenez, Hariak estrategiak Gipuzkoako gizartearen atxikimendu boluntario eta loteslea bilatzen ditu, modu kolektiboan erakundeen bitartez, edo banaka herritar gisa: “Hariak estrategiak lagundu nahi du lurralde bat eraikitzen, non pertsonek gaitasun eta baliabide pertsonal gehiago izango dituzten bakardade egoeren aurrean, lotura sozial eta afektibo esanguratsuak izateko eta, horrela, parte-hartze eta lotura handiagoak izan ditzaten. Horretarako, denon ahalegina beharrezkoa da”.

          “Atxikitzerakoan konpromisoa hartzen da gomendioak jarraitzeko, konpromisoak garatzeko eta estrategia egunerokoan eta erakundean integratzeko. Horren truke, laguntza teknikoa eta finantzaketa jasoko dira proiektuak aurrera eramateko eta jarduerak politika publikoetan integratzeko”, azaldu du Peñak. “Erronka erraldoi horri erantzuteko gai izango den Gipuzkoa eraiki nahi dugu, eta horregatik sortu dugu elkarrekin jarduera-esparru komun hau, bakardadeen fenomenoari ekiteko balioko diguna, belaunaldi arteko eta elkarlaneko ikuspegi batetik”.

          Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik hamar topaketa antolatu dituzte Gipuzkoako eskualde guztietan. Lehenengoa datorren maiatzaren 24an egingo da, Legazpin, 18:30etik aurrera, Latxartegi plazan eta zineman, eta estrategiaren aurkezpena bera adin guztietarako ekitaldi, musika eta kultura jarduerekin fusionatuko da, arratsalde osoan zehar. Rakel San Sebastianek adierazi duenez, “egindako lana itzuli nahi diegu beren ekarpena egin duten pertsona guztiei, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu estrategiarekin bat egitera, guztion artean nahi ez diren bakardade egoerak prebenitu eta gainditu ahal izateko”.

Maiatzaren 24a, Legazpi

Ekainaren 14a, Zarautz

Maiatzaren 31, Eibar

Ekainaren 16a, Beasain

Ekainaren 3a, Arrasate

Ekainaren 21, Pasaia

Ekainaren 7a, Tolosa

Ekainaren 27a, Urnieta

Ekainaren 9a, Irun

Uztailaren 6a, Donostia

 

Estrategia orientatzailea eta ekintzara bideratua

San Sebastianek zehaztu duenez, estrategiak 12 esku-hartze maila biltzen ditu: prebentzio unibertsala, espazio fisikoen eraldaketen, sentsibilizazioaren, aisialdiko eta boluntariotzako jardueren bidez; prebentzio selektiboa, bizikidetza-dinamikak sortuz, auzo-komunitateak dinamizatuz eta arrakala digitala murriztuz; eta prebentzio egokitua, etxeko laguntzei eta konpainia-jarduerei esker, besteak beste.

          “Estrategiak orientatzea, konprometitzea eta jardutea du helburu; eta lau ibilbidetan antolatu ditugu konpromisoak eta proiektuak ezartzeko gomendioak eta gidalerroak”, laburbildu du Adinberriko zuzendariak. Gainera, gehitu du estrategia bi urteko jarduera planetan gauzatuko dela, eta lehenengoa 2022-2023 bitartekoa izango dela. “Guztira 91 gomendio jaso ditugu, ikuspegi komunitarioarekin, aniztasunean, parte-hartzean eta gizarteratzean oinarrituta, prebentziora bideratuta, modu transbertsalean eta berritzailean”, laburbildu du.

  

3609