Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak Koldo Mitxelena Kulturunea berritzeko proiektua onetsi du

Aldundiak Koldo Mitxelena Kulturunea berritzeko proiektua onetsi du

Lanak udaberriaren amaieran hasiko dira; egiten diren bitartean, zentroak bere zerbitzu gehienak eskaintzen jarraituko du Donostiako erdiguneko eta Parte Zaharreko espazioetan eta Oñatiko Artxiboan.

2020/02/04

Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, berritze prozesu horrek  "XXI. mendeko liburutegi" bihurtuko du Koldo Mitxelena Kulturunea, bere ibilbidea etorkizunera proiektatzeko eta zerbitzu publikoaren izaera indartzeko "gizarte kultuago, irekiago eta kohesionatuago baten alde".

Denis Itxaso Kulturako diputatuak azaldu duenez, 'birmoldaketak aukera emango du liburutegi gunea handitzeko, eraikina teknologia berrietara egokitzeko eta zerbitzuak zabaltzeko; helburua da kultur eskaintza hobetzea, publiko berrietara iristea eta zentroa irekitzeko ordutegia zabaltzea, asteburuetan ere zabalduko baita»

Gipuzkoako Foru Aldundiak Koldo Mitxelena Kulturunea – KMK eraikina berritzeko proiektua onetsi du, eta berritze lanak lizitaziora ateratzea erabaki du; aurrekontua 9 milioi eurokoa da.

Etorkizuna Eraikiz programan jasotako proiektu estrategikoetako bat da KMK berria.Zentroa XXI. mendeko kultura ekipamendu baten eskakizunetara egokitzeko beharrari erantzuten dio proiektuak, eraikina egokituz eta hobetuz, betiere KMK zentroak kultura arloan erreferente gisa duen posizioari eusteko. Eraikinak udaberrian itxiko ditu ateak, lanak hasi aurretik, eta, aurreikuspenen arabera, berriro irekiko da 2022ko urte bukaeran.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Koldo Mitxelena Kulturunearen 25 urte baino gehiagoko ibilbide "arrakastatsua" baloratu du; izan ere, "erreferentziazko zerbitzu" bihurtu da kultura eta irakurketa sustatzeko duen zereginagatik, baita euskarazko letren alorrean ere. «Berrikuntza honekin, digitalizazioak gure aisialdian eta gure kultura ohituretan gero eta eragin handiagoa duen une honetan, irakurzaletasuna sustatzea inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, KM Kulturunea XXI. mendeko liburutegi bihurtuko da, beste alderdi batzuen artean, liburutegiaren espazioa handitu eta teknologia berrien aldeko apustu garbia egingo baita", adierazi du Olanok.

Diputatu nagusiak gogorarazi du legealdi honetan obrak hasiko dituen Etorkizuna Eraikiz proiektuaren lehen proiektu estrategikoa izango dela Koldo Mitxelena berria. Halaber, adierazi du Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko "herritar kultuak, kritikoak eta ahaldunduak" sortu behar direla. «Gipuzkoarentzat funtsezkoa den kultura zerbitzu hori indartuta eta hobetuta, gizarte irekiago, kohesionatuago, eta berdinago baten aldeko apustua egiten ari gara", laburbildu du.

KMKren eraberritze arkitektonikoaren proiektuak, zentroa inauguratu zenetik mende laurden baino gehiago igaro ondoren, haren mantentze eta ekipamenduarekin lotutako zenbait alderdi konpontzeaz gain, bai eta konkurrentzia publikoko eraikinetarako araudietara nahitaez egokitzeaz eta jasangarritasunari lotutako sistema berriak ezartzeaz gain, hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu herritarrentzat, hala nola:

  1. Zirkulazio bertikala hobetzea, jarduera guztietara iristeko erabiliko den eskailera bakar batekin, sototik (-1 solairua) Ganbararaino (3. solairua, teilatupean), eta mugikortasuna errazteko kapazitate handiko bi igogailurekin.
  2. Zirkulazio ardatz horri esker, jarduerak lotu daitezke, kultur zentro integratu baten ikuspegitik, bai eta erabiltzaileengana hurbildu ere. Eraikina eskuragarriagoa, erosoagoa eta atseginagoa izango da zerbitzu guztiak erabiltzeko.
  3. Sotoko solairua (-1 solairua), erakusketa gaietarako prestatua, beste modu hobeago batean antolatuko da, eta banaketa horri esker, erakusketa / jarduera bat baino gehiago eskaini ahal izango dira aldi berean (915 m2-ko egungo tamaina mantentzen du).
  4. Sarrerako solairua (0 solairua) atondo (hall) eta KMKko jarduera eta zerbitzu guztietarako banatzaile bihurtzen da, informazio puntua duen gune nagusi batekin, solairu guztietako jarduerak bideratu eta erakusten dituena.

Solairu horretan, mugimendu gehien dituzten jarduera eta zerbitzuak eskaintzen dira, hala nola:

  • Jarduera gela, birmoldatua eta publiko guztiei egokitua.
  • Prentsaren kontsulta eta aldizkako argitalpenak (213,57 m2).
  • Adingabeen irakurzaletasuna dinamizatzeko zerbitzua; orain arte adingabeak ezin ziren zentrora sartu (340 m2).
  • Atseden gunea / kafetegia, bisita guztientzat irekita egongo dena.
  1. 1. solairuak, liburutegi zerbitzuen gune nagusiak, bi gune handi ditu, besteak beste. Irakurketarako gela handi bat (470,45  m2), fatxada nagusira (Urdaneta kalea) ematen zuten lehengo areto guztiak hartzen dituena; horrela, lan giro aproposa sortzeaz gain, gaikako dokumentu-funtsen erakusketa jartzeko tokia ere eskaintzen da. Bestalde, eraikinaren 3 patioak lotzen dituen espazio handi bat (388,24 m2), oro har ikuspen ona eskaintzen duena, fikziozko funtsari zuzendua (eleberria, etab.) eta, giro informalean, mailegua eta irakurketa erraztuko dituena. Solairu horren erdigunean informazio zerbitzua dago.
  2. 2. solairua ondare funtsak eta funts bereziak kontsultatzeko erabiliko da; egun dagoen espazioa handituko da (egungo 217,82 m2-tik 313,26 m2-ra), eta ikertzaileentzako lan-eremua prestatuko da. Solairu horretan funts tematikoen zati bat aurkituko dugu, etxez etxeko mailegurako erabiltzeko; informazio zerbitzura bideratutako bigarren espazio berri bat; eta talde lanerako edo isilean lan egiteko pentsatutako 5 gela (90,14 m2).

Solairu horretan daude, halaber, zentroaren eta liburutegiaren zuzendaritza eta dagozkion zerbitzu teknikoak.

Solairu horretan, kulturako zuzendaritzaren egungo bulegoak beste bulego batzuetara eramanda, 779,09 m2 berreskuratu dira espazio publikorako.

  1. Ganbara (3. solairua, teilatu azpian). Hobetu egin dira Ganbarako erabilera anitzeko aretoaren zirkulazioa eta sarbidea, eta hobeto lotuta gelditu da gainerako jarduera eta espazioekin. Halaber, handitu egin da Ganbararako atondo / sarbide berria (93,40 m2) -estalki mailaren gainean-, zirkulazioa nahiz erabilera hobetzeko.

 

KMK berria proiektua

Azalera eraikia: 7.434,57

Azalera erabilgarria: 6.310,31

 

  

1659