Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Diputatu nagusia hirugarren sektoreko eragileekin bildu da

Diputatu nagusia hirugarren sektoreko eragileekin bildu da

Enplegagarritasun estrategia lankidetzan diseinatzeko.“Haien laguntza ezinbestekoa da estrategia horren jarduera esparrua, helburuak, erronkak eta ekintzak ezartzeko, Elkar-EKIN planaren barruan”

 

Markel Olano diputatu nagusia Gipuzkoako hirugarren sektoreko zenbait ordezkariekin bildu da gaur arratsaldean, lankidetzan zehazteko Enplegagarritasun eta Gizarte eta Lan Munduratzeko Gipuzkoako Estrategia 2018-2022. Olanok adierazi duenez, “Gipuzkoako hirugarren sektorearen laguntza ezinbestekoa zaigu estrategia horren jarduera esparrua nahiz oinarria ezartzeko, baita helburuak, erronkak eta ekintzak finkatzeko ere”, beti ere Elkar-EKIN 2016-2020 Gipuzkoako Gizarteratze Planaren barruan. Horren baitan, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako ibilbide pertsonalizatuak jarri dira martxan, balorazio zerbitzua abiarazita.

Horrela, Elkar-EKIN planak, beste helburu batzuen artean, aurreikusten du gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna “erraztea eta gizarte eta lan munduratzea lortzea”, nabarmendu du diputatu nagusiak. Eta gaineratu du, helburu horiek gauzatze aldera, Elkar-EKIN planaren gobernantza ereduak “izan nahiko lukeela lurraldean jarduten duten agente guztien arteko lankidetzaren emaitza”. Gaurko bilerara hirugarren sektoreko honako eragileak bertaratu dira: Caritas, Gurutze Gorria, Emaus, Sutargi, Katea Legaia, Erroak-Sartu, Secretariado Gitano eta FTSI. Azken bi asteotan, beste bi bilera izan dituzte diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak (garapen agentziekin eta formakuntza erakundeekin, hurrenez hurren) enplegagarritasun eta Gizarte eta Lan Munduratzeko Gipuzkoako Estrategia elkarlanean diseinatzeko. “Gipuzkoako hirugarren sektorea –amaitu du Olanok- kide estrategikoa eta kualitatiboa” da, “ongizatea eta gizarte kohesioa lortzeko”, eta baita ere bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen “enplegagarritasuna sustatu dezagun”.

Gipuzkoako hirugarren sektorea kide estrategikoa eta kualitatiboa da
  

1914