Diputatu nagusiak bere atsekabea adierazi du Bidasoako uretan migratzaile bat desagertu delako
Diputatu nagusiak bere atsekabea adierazi du Bidasoako uretan migratzaile bat desagertu delako
Europara bidean doazen migratzaileentzako igarobide seguruak sortzea eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bere atsekabea agertu du Bidasoako uretan Frantziara iritsi nahian desagertu den pertsona migratzaileagatik, eta korridore seguruak irekitzea eskatu du. Gogora ekarri duenez, azken hilabeteetan hiru migratzailek galdu dute bizia muga zeharkatu nahian; “ezin gara besoak gurutzatuta geratu gertakari dramatiko honen aurrean, eta konpromiso partekatu bat premiazkoa da hain mingarriak diren gertakari hauek berriro gerta ez daitezen munduko edozein lekutan”.
"Gerrak Ukraina kolpatzen duen egun hauetan, eta milioika pertsona izugarrikeriatik ihesi doazen honetan, ezin dugu ahaztu Europara bidean jarraitu nahi duten migratzaileek bizi duten egoera dramatikoa, beren nahia mugan zapuztuta ikusten baitute", adierazi du. Pertsona migratzaileen errealitateari giza eskubideen errespetutik, elkartasunetik eta giza duintasunetik heldu behar zaio, “eta borondate politiko sendoa behar da migratzaileek beren etorkizuna arriskuan jar ez dezaten egiturazko neurriak hartzeko”.
Diputatu nagusiaren hitzetan, Gipuzkoa “oso lurralde solidarioa da, abegikorra, bidegabekeriak gaitzesten dituena eta giza eskubideen edozein urraketari ezetz esaten diona”. Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean jarraitzen du, gainerako erakundeekin eta gizarte-eragileekin koordinatuta, Iragaitzazko Migranteei Premiazko Harrera Emateko Erakundeen Arteko Koordinazio Mahaiaren barruan. Martxoaren 11n egin zen azken bilera, eta “anitza, bidezkoa, solidarioa, abegitsua eta memoria duen” gizarte baten alde ari da lanean. Bestalde, Gipuzkoako suhiltzaileen eta erreskatean parte hartzen ari diren larrialdi-zerbitzu guztien lana eskertu du Olanok.
3254