Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Diru bilketa metatua %8,2 hazi da Gipuzkoan apirilaren 30 arte, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta

Diru bilketa metatua %8,2 hazi da Gipuzkoan apirilaren 30 arte, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2015ean baino 74 milioi euro gehiago bildu ditu

2016/05/15

Zerga-bilketa metatua %8,2 hazi da Gipuzkoan apirila arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2015ean baino 74 milioi euro gehiago bildu dira. Hala ere, zenbakiak aztertuta, ez dirudi hurrengo hilabeteetan hazkunde maila mantenduko denik. Ogasun eta Finantza foru diputatuak berak, Jabier Larrañaga, “zuhurtziaz” jokatzen jarraitzera dei egin du.
Apirila arteko bilakaera positiboaren zergatia azaltzerako orduan, BEZean izandako hazkundea nabarmendu behar da, bai Aldundiak kudeatzen duenean zein Estatuarekiko doikuntzetan. Lan atxikipenen eta zerga berezien sarrerek ere bilakaera positiboa izan dute, eta Sozietateen gaineko Zergaren itzulketak behera egin dute. Balantzaren beste aldean, loteria eta apustu jakin batzuen sarien gaineko karga berezia eta ondare irabazien atxikipenek bilakaera negatiboa izan dute.
Errentaren esparruan, lan atxikipenen atalean 9,2 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2,3). Ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute: 6,6 eta 3,5 milioi gutxiago, hurrenez horren. PFEZa bere osotasunean hartuta ere emaitza negatiboa da, pasa den urtean baino 3 milioi gutxiago batu baitira (-%0,9).
Sozietateen gaineko zergaren atalean, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 7,5 milioi jaitsi dira eta itzulketak, bere aldetik, 14,3 milioi gutxitu 2015eko apirilarekin alderatuta. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %10,1 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 32,2 milioi euro gehiago bildu dira: 26,4 milioi gehiago batu dira (+%7,2), itzulketak 0,6 milioitan jaitsi dira (-%0,4) eta  lurraldeen arteko doikuntzak 5,2 milioi igo dira (+%4,3).

  

1885