Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Diru-bilketa metatuak % 1,8 egin du gora Gipuzkoan 2024an, aurreko urtearen aldean

Diru-bilketa metatuak % 1,8 egin du gora Gipuzkoan 2024an, aurreko urtearen aldean

· Urteko bilketa metatua 6.070 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino 109,6 milioi gehiago · Zifra horiek gainditu egiten dituzte urriko azken Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren Gipuzkoarako % 1,02ko hazkundearen estimazioak

2025/01/22

Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak % 1,8 egin du gora, aurreko urtekoarekin alderatuta. Guztira 6.070 milioi euro bildu dira 2024an, 2023an baino 109,6 milioi gehiago. Diru sarrera gordinak % 4,91 hazi dira, eta itzulketak, % 15,9. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 2,3 egin du gora, zeharkako zergenak % 0,0ko aldera izan du eta Estatuarekiko egokitzapenenak % 5,9 igo dira.

Abendura arte metatutako bilketan eragin positiboa izan duten faktoreen artean honako hauek daude: lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundea, ondare-irabazien gaineko atxikipenak, kapital higikorraren etekinen gaineko atxikipenak sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala eta kudeaketa propioko BEZa. Bestalde, urrira arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da BEZaren lurraldeen arteko doikuntzen sarreren jaitsiera eta mutualisten inguruko epaien ebazpenen ondorioz PFEZren itzulketak handitzea.

Zergaz-zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 9,2 igo dira, hau da, 197,7 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren sarrerak 51,9 milioi gutxiago izan dira, eta itzulketak 224,5 milioi hazi dira. Beraz, kuota diferentzial garbia 276,4 milioi euro jaitsi da abendura arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Horrekin guztiarekin, PFEZaren bilketa likidoa % 0,9 jaitsi da, hau da, 22 milioi murriztu da.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 23,1 milioi handitu dira abendura arte. Bariazio horrek bi osagai ditu:batetik, sarrera gordinak 37 milioi euro igo dira eta itzulketak 13,9 milioi euro handitu dira.

Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, bilketa metatua % 2,5 jaitsi da. Hala, 36,8 milioi euro gutxiago bildu dira. Atal honetan, Gipuzkoako lurraldeko diru-sarrerak 106,1 milioi euro gehitu dira (+% 5,8) eta itzulketak 24,4 milioi euro (+% 2,5). Halaber, lurraldeen arteko doikuntzak 118,5 milioi euro jaitsi dira (-%19).

Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 8,4 igo da, hau da, 10,2 milioi gehiago, eta hidrokarburoen gaineko zergaren bilketa % 1,6 jaitsi da, hau da, 7,5 milioi gutxiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 364,9 igo da, hau da, 13 milioiko igoera aurreko urtearen aldean, azken arau-aldaketengatik.

Estatuarekiko doikuntzengatik metatutako bilketa 33,6 milioi handitu da BEZean, eta 7,6 milioi hobetu zerga berezietan. Puntu honetan azpimarratzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 6,9 milioi murriztu izana, barneko eragiketen BEZagatiko doikuntza 40,5 milioi igo izana, eta aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 12,8 milioi murriztu izana hidrokarburoen doikuntzagatik.

Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Itziar Agirrek positibotzat jo ditu zerga bilketaren emaitzak, “nahiz eta 1979a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pentsiodunen inguruko epaiak eragin negatiboa izan duen 2023an egindako hasierako aurreikuspenean, horrek ez du eragotzi egoerari aurre egitea eta urtea % 1,8 bilketa gehiagorekin itxi ahal izatea”, adierazi du. Hala, gaineratu duenez, “zifra horiek gure ehun ekonomikoaren sendotasunaren erakusgarri dira, eta, horri esker, urtea 48,9 milioi gehiagorekin itxi dugu, joan den urriaren 15eko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan egindako zenbatespenak baino, urte hori % 1,02ko hazkundearekin ixtea aurreikusten baitzen, aurreko ekitaldiarekin alderatuta”.

  

4051