Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Donostia eta Casablancaren artean sortutako magazine murala aurkeztuko du Tabakalerak eta Aldundiak

Donostia eta Casablancaren artean sortutako magazine murala aurkeztuko du Tabakalerak eta Aldundiak

Proiektua Aldundiak sustaturiko Gipuzkoa Coopera ekimenaren baitan garatu da, eta Tabakalerak, lurraldeko beste bost enpresa eta erakunderekin batera parte hartu du.

2018/03/05

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak sustaturiko Gipuzkoa Coopera ekimenaren baitan garatu da, eta bertan hartu du parte Tabakalerak, lurraldeko beste bost enpresa eta erakunderekin batera.

Emaitza gaur arratsaldean aurkeztuko da, 17:00etan, eta ekitaldilan izango dira erakunde-ordezkariak, eta baita proiektuko zenbait parte-hartzaile eta protagonista ere.

Gaur arratsaldean, Casablanca (Maroko) eta Donostia hirien arteko lankidetzaren emaitza den magazine murala inauguratuko da Néstor Basterretzea plazan. Tabakalerako sarreraren aurrean. Elkartruke hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustaturiko Gipuzkoa Coopera ekimenaren baitan egin da. Tabakalera izan da proiektuan parte hartzeko gonbita jaso duen erakundeetako bat, eta berarekin batera, kultura, zientzia, kirola eta gastronomiaren munduko beste erakunde batzuk ere izan dira, hala nola Karlos Argiñanoren Aiala Ostalaritza-Eskola, Kukai Dantza Taldea, Physics Center, Real Sociedad Fundazioa eta Zinemaldia.

Tabakaleraren kasuan, kooperazioa elkartruke artistiko batean oinarritu da. Tokiko bi artista, Olatz Otalora eta Isabel Herguera, Casablancan izan ziren eta, aldi berean, bi artista marokoar Donostiara etorri ziren euren proposamenak garatzeko. Horren emaitza aurkeztuko da gaur arratsaldean; magazine mural baten itxura izango du, eta aipatu diren artisten esku-hartzeak jasoko ditu. Esku-hartze horien parte izan dira Harrotu ileak proiektuko gazteak, hau da, Tabakalera eraikinean jarduera-espazio kolektibo berriak sortzeko helburua duen eta egoitza artistiko baten ondorioz sortu zen bitartekaritza-proiektuan dauden gazteak.

Geografia eta kultura aldetik hain desberdinak diren bi errealitate, Casablanca eta Donostia, irudiaren, analogiaren eta antzekotasunaren bitartez pentsatzearen ideiak kazeta mural bateratu hau egitera eraman gaitu. Aldi berean bi hirietan inauguratuko den kazeta honetan, desberdintasun geografiko, linguistiko, kultural eta ekonomikoez harago, espazio publiko bateratu batean pentsarazten diguten hitzak, irudiak eta ideiak jasotzen dira. Proiektuak publikotasunaren nozioa berreskuratu nahi du, ilustrazioaren jatorrietara eramaten gaituen tresna baten bitartez, baina orain, teknika digitalaren une gorenean, soinuaren, ahotsaren eta irudiaren bitartez ere erreproduzitzen da, QR kodeak erabiliz.

 

Joan-etorriko bidai artistiko bat

Proiektuak Casablancako eta Donostiako artistak mediterraneoa iparraldetik hegoaldera eta hegoaldetik iparraldera gurutzatzera eraman ditu. Bidaia horrek hiru proiektu artistiko desberdin utzi dizkigu, hiruak bestea norbere buruan aurkitzea izan dutenak xede.

Olatz Otalora eta Isabel Herguera izan dira proiektuaren baitan Casablancara abiatu ziren artistak. Casablancan, irudiekin, bideoekin eta gorputzekin esperimentatzen duen Olatz Otalora artistak Sidi Moumeneko (Casablancako auzo zailenetako bat) nerabeei gorputz-itzulpeneko jarduerei buruzko tailer bat proposatu zien. Tailerra amaitu ondoren, artistak esperientzia honen emaitza testu kontakizun batean irudikatu zuen, zeinetan iradokitzen baita lausoa izan daitekeela ikusitakoren eta sentitutakoaren arteko muga.

Isabel Herguerak, animazioan ibilbide luzea duen artistak emandako tailerra marrazketaren eta animazio tradizionalaren artekoa izan zen. Marrazketarako tresna hackeatu gisa mehendi teknika erabili zuen eta Sidi Moumen auzoko emakumeen iruditeriara jo zuen.

Casablancatik komikien bi artista marokoarrek iparralderako bidaiari ekin zioten. Astebetean, Mehdi Anaansik eta Ayoub Abidek espazio fisikoa eta sorkuntza-espazioa partekatu zituzten Tabakalera kultur zentroko erabiltzaile gazteekin. Gazte horietako gehienak etorkin adingabeak ziren. Haiekin egotea, haien historiak entzutea eta lehen pertsonan kontatzea zen narrazio-abentura honen eta komiki formatuko giza esperientzia honen funtsezko helburua.

  

1662