Edozein matxismo motarekiko "zero tolerantzia"
Edozein matxismo motarekiko "zero tolerantzia"
Usurbilgo eraso sexistaren aurrean, Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi du indarkeria matxista egiturazko arazoa dela
Aldundiak modu irmoan salatu du gaur joandako ostiralean Usurbilen gertatutako eraso sexista eta bat egin du erakunde gisa herrian bertan iluntzean egin den elkarretaratzearekin. Erakundearen izenean, haren bozeramaile Imanol Lasak, dei zuzena egin die elkarretaratzean herritarrei, "zero tolerantzia" eskatuz "edozein motatako jarrera matxisten aurrean". Foru ordezkaritza Miren Elgarresta, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Organoaren zuzendariak osatu du.
Usurbilgo biktimari elkartasuna adierazi dio Lasak foru erakundearen izenean eta gogorarazi du ostiralekoa ez zela izan "gertaera isolatu bat", hau da, "indarkeria matxista egiturazko arazo bat" dela, eta "gizarte osoari eragiten" diolako. Erabateko gaitzespena adierazi eta, horrekin batera, foru bozeramaileak arbuiatu egin du "emakumeen askatasunaren eta beraien eskubideen aurka" gauzatzen den edozein ekintza. Lasak premiazko deia egin dio gizarte osoari inplika dadin, "hala jarreren salaketan, nola hauen prebentzioan, errespetua eta berdintasuna sustatuz, hezkuntzatik hasita". Bozeramailearen esanetan, "gure gizartean justizia soziala zabaltzen jarraitzeko" lanari eutsi behar zaio, "urrats sendoak emanez", eta ezin da onartu "emakume izateagatik oraindik eraso bat pairatzeko arrisku gehiago izatea".
Erantzun publikorako protokoloa
Egoera honi aurre egiteko, hain zuzen, Aurre izeneko plana du Aldundiak, emakumeen aurkakoa indarkeriaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako ekintzekin. Plan zehatz honek, foru erakundeak ezarritako lehena, prebentzioan egiten du indar. Halaber, erantzun publikorako protokolo bat ere zehazten du. Protokolo honetan erasotuaren eta haren gertukoen eskura jartzen ditu Aldundiaren eta udalerrien informazio eta artapen bideak. Plana azaroan onartu zen eta Usurbilgo kasuarekin aktibatu da lehen aldiz. Aldundiak, bere aldetik, Miren Elgarrestak zuzentzen duen Berdintasunerako Organotik, erantzun protokolo hau harmonizatu eta lurraldean zabaltzeko lanean jarraitzen du, ahalik eta erantzunik azkarren eta eraginkorrena lortzeko helburuarekin, modu koordinatuan.
1552