Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Egitasmo esperimentalak kudeatzeko organoa eratu du Aldundiak

Egitasmo esperimentalak kudeatzeko organoa eratu du Aldundiak

Etorkizuna Eraikizeko Proiektuen Bulegora batu dira, foru erakundeko arduradunez gain, hainbat eragile.

Etorkizuna Eraikizen kudeaketa egitura osatu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, Proiektuen Bulegoa eratzearekin bat. Lantalde honen helburua izango da izango da programa honen egitasmo esperimental komunitarioen proposamenak aztertu, onartu eta abiaraztea, bereziki lurraldea COVID-19ak ekarriko digun errealitatera egokitu dadin gizarteko eragileen eta erakundeen arteko elkarlan esparru berritzaileak sorraraziz. Organo berri horretan parte hartuko dute lurraldeko hainbat eragilek, tartean Errenteriako alkate Aizpea Otaegik, Mondragon taldeko Zigor Ezpeletak, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreorde Agustin Erkizia eta Joxean Rodriguez Ranzek, nahiz, gizartegintzako ordezkari gisa, Mikel Malkorrak eta Adriana Martinezek.

Proiektuen Bulegoaren sorrerarekin, Etorkizuna Eraikiz are eta gehiago zabaldu da gizarteko ordezkarien partaidetzara eta, horrela, politika publikoen esparruan Estatu osoko lan eremu publiko-pribatu garrantzitsuena bihurtu da. Urte hasieran onartu zuen foru diputatuen kontseiluak Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren kudeaketa eredua, gerora begira gipuzkoar gizarteak dituen desafioei elkarlanean aurre egin eta politika egiteko moduak eraldatu asmoz. Xede horretan, Proiektuen Bulegoa izango da Etorkizuna Eraikizen gobernantza organo gorena, non erabaki ahalmena partekatuko duen Foru Aldundiak eta gipuzkoar gizarteko hainbat eragile kualifikatuk. Gaurko bileran lantalde hori formalki eratzearekin bat, Etorkizuna Eraikizen kudeaketa egitura finkatuta geratuko da, azken bi asteotan programari lotutako Think Tanka sortu ostean.  

“Herritarrek hainbat alorretan bizi duten ziurgabetasuna areagotu egin du COVID-19ak eragindako pandemiak. Gizarteari eta ekonomiari lotutako galderak eta sakoneko eraldatze prozesuak areagotu egin dira, bizkortu. Horren aurrean, Etorkizuna Eraikizek eskaintzen digu tresna eraginkor eta berritzaile bat, buruan ditugun galderei erantzun bat emateko. Baina ez, ordea, erantzun teoriko bat, baizik eta gure lurraldea sozialki eta ekonomikoki hobetzen eta garatzen lagunduko duen erantzun praktiko eta eraldatzaile bat”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak, gaurko bilera gidatu ostean.

 

Erantzun kolektiboa eta berritzailea COVID-19aren aurrean

Izan ere, Olanok ahotan hartu nahi izan du Etorkizuna Eraikizek “esperimentazioari” ematen dion “garrantzia”. “Erakundeok eta gizarteko eragileak elkarrekin eseri eta proiektu berriak martxan jartzea, horixe da lankidetzaren logika esparru guztietara zabaltzeko modua”, osatu du. Hain zuzen ere, programaren baitan ematen den berrikuntza lan hori gidatu eta kudeatzeko ardura izango du Proiektuen Bulegoak, GipuzkoaLaben eta Think Tankean sortzen diren proposamen eta ideien arteko entresaka egin eta lurraldeko gizartean zeintzuk esperimentatu daitezkeen aztertu eta onartu beharko baitu. Datozen hilabeteetan, hain justu ere, COVID-19ak utzitako errealitatera egokitzeko egitasmo esperimentalak finkatzeko eta martxan jartzeko lanean, “oinarrizko tresna” bilakatuko da Proiektuen Bulegoa.

Diputatu nagusiak organoaren izaera “anitza eta aberatsa” nabarmendu du. Bertan parte hartuko dute Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategikoko zuzendariak, Sebas Zurutuzak, eta Estrategia arduradunak, Xabier Barandiaranek, baina baita ere Aldundiko hiru departamentutako beste hainbat ordezkarik. Horrez gain, unibertsitateak, Mondragon taldeak, udalek eta gizarte alorreko elkarteek ere ordezkaritza kualifikatua izango dute organo honetan.

Etorkizuna Eraikizen kudeaketa plangintzaren arabera, programa honen ziklo berrian 24 proiektu esperimental gehiago martxan jartzea dago aurreikusita, lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko nagusien partaidetzarekin. 2016an martxan jarri zenetik, 25.000 gipuzkoarren partaidetza erakarri du Etorkizuna Eraikizek eta ekonomia eta gizartearen alorreko 500 eragilerekin lan partekatua osatu da. “Azken urteotan hazia erein dugu eta orain, berriz, eredua sendotu, indartu, sendotzeko unea da. Pandemiaren eraginak gogorarazi digun moduan, ezinbestekoa da egungo gizartearen desafioei gobernantza ireki eta kolaboratiboaren bidez aurre egitea”, defendatu du Olanok.

 

Proiektuen Bulegoaren osaera:

Etorkizuna Eraikiz-GFA

  • Xabier Barandiaran, Aldundiko Estrategia arduraduna.
  • Sebas Zurutuza
  • Ander Arzelus

GFA-departamentuak

  • Ingurumen departamentua: Monica Pedreira
  • Gizarte Politikako departamentua: Belen Larrion
  • Zeharkakoa (Aurrekontu zerbitzuburua): Coro Iriarte
  • Proiektu Estrategikoen departamentua: Unai Andueza

Unibertsitateak

  • EHU-UPV: Agustin Erkizia
  • Deusto: Joxean Rodriguez Ranz

Eragileak

  • Garapen agentziak: Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea)
  • 3. sektorea: Mikel Malkorra
  • Enpresa mundua: Zigor Ezpeleta (Mondragon)
  • Elkartea: Adriana Martinez (Aptes)
  

2197