Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Egoitzetan doako telefono lineak jarriko dira egoiliarrentzat

Egoitzetan doako telefono lineak jarriko dira egoiliarrentzat

Euskaltelen sinatutako lankidetzari esker, 'Besarkada birtualak' ekimenaren esparruan, linea esklusibo eta doakoak instalatuko dira.

Eider Mendoza bozeramaileak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskaltelek lankidetza akordio bat sinatu dute 'Besarkada birtualak' ekimena abian jartzeko, eta, horrela, "konexio linea seguruak, esklusiboak eta doakoak" ezarri ahal izateko lurraldeko 65 egoitzetan bizi diren pertsonen eta haien senideen artean. Mendozak adierazi duenez, egoitza bakoitzak bere gailuak erabili ditu orain arte, "baina bihar eta astearte bitartean, guztiek tableta elektroniko bat izango dute, Aldundiak emandakoa, eta doako telefono linea bat, Euskaltelen eskutik". Helburua argia da, bozeramailearen hitzetan: «une konplikatu hauetan beraien familien berotasuna eskaintzea, pantailen bidez bada ere».

          Egoitza bakoitzak egutegi bat antolatu beharko du, egoiliar bakoitzak astean gutxienez hiru dei jaso ahal izateko. Horretarako, Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzei tablet terminal bat emango zaie, SIM bat aktibatuta duena, eta dagoeneko instalatuta dauden aplikazioekin, telefono deiak eta bideo bidezkoak egin ahal izateko; halaber, dei horiek egiteko erabilera-gida labur bat emango zaie.

          Hori guztia, Eider Mendozak azpimarratu duenez, zentroetan elementu komunak erabiltzeari lotutako "segurtasun eta desinfekzio neurriak bermatuta". Azaldu du, aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean aurkeztu zuen Txoke Planean ere jasotako neurri horrek aurrez aurreko bisita falta konpentsatu nahi duela, telefonoz edo bideodeien bidez, familia bakoitzak hala eskatuta.

Euskaltel Taldeko presidente Xabier Iturbek isolamendu-garai honetan pertsonen arteko konexioak duen garrantzia azpimarratu du, “adineko pertsonen eta haien senitartekoen arteko konexioak, batez ere”. Iturberen ustez, “teknologia gure aliatua da une honetan, eta pertsonen arteko konexio hori gerta dadin, 800 profesional aditu ditugu une oro sarea dimentsionatzen, familien arteko komunikazioa ona izan dadin”.

  

2069