Ingurumen Nazioarteko Eguna
Ingurumen Nazioarteko Eguna
Aurten «#Plastikoaren kutsadurarik gabe» lemapean ospatzen da.
Ekainaren 5ean Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzen da, «#Plastikoaren kutsadurarik gabe». Horregatik, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak adierazpen hau egin du, guztion artean ingurumenari dagokionez eredu izango den Gipuzkoa bat eraiki dezagun:
«Gizakiak ingurumenarekiko duen kezka historiako zein unetan sortu zen zehaztu nahi badugu, oso atzera joan behar dugu, antzinako gizarteetara; izan ere, gizarte haietan, ingurumenari lotuta eta harekiko harreman estu eta harmoniatsuan hezten ziren gizakiak.
Ordutik, nahiz eta aro guztietan egon diren ingurumen hurbilarengatiko kezka erakutsi duten gizarteak, iraultza industrialaren ondoriozko ekoizpen forma berriek, komunikabideen garapenak eta globalizazioaren hasierak ingurumen kontzientzia berri bat eraiki zuten XX. mendearen lehen erdian; ingurumen kontzientzia hori argiago nabarmendu zen 1968ko maiatzeko gertakarien ondoren eta, ofizialki, urte horretako abenduan, Nazio Batuen Batzar Orokorrak Giza Garapenaren Konferentzia deitu zuenean. Konferentzia hori Stockholm-en egin zen, 1972an.
Stckholm-eko Konferentziak ez zuen neurri zehatzik hartu, baina 113 herrialdetako ordezkariak, gobernu arteko 19 organismo eta gobernuko nahiz gobernuz kanpoko 400 erakunde baino gehiago bildu zituen; horregatik, Konferentzia hori mugarria izan zen, mundu osoaren ingurumen arazoen gaineko kontzientzia moderno, politiko eta publikoaren abiapuntu izan baitzen.
Horrela, Stockholm-eko adierazpenak, lehenik eta behin, egun indarrean jarraitzen duten hainbat ideia eta kontzeptu aldarrikatzen ditu. Adierazpenak dioenez, gizakia aldi berean da inguratzen duen ingurune horren obra eta sortzaile; izan ere, ingurune horrek sostengu materiala ematen dio, eta baita intelektualki, moralki, sozialki nahiz espiritualki garatzeko aukera ere. Giza espezieak planeta honetan izan duen bilakaera luze eta bihurgunetsu horretan, oraingo etapara iritsi gara; etapa honetan, zientziaren eta teknologiaren pizkunde azkarrari esker, norbanakoek inguruan duten oro era guztietara eta eskala inoiz ikusi gabean eraldatzeko ahalmena eskuratu dute.
Stockholm-eko adierazpenaren ondoren, mundua jabetzen hasi zen -ordurako aspaldi jabetuak ziren ingurumenaren alde jarduten ziren sektore dinamikoenak- ingurumena babestu eta zaintzea funtsezkoa zela, eragina baitu herri guztien ongizatean, eta mundu osoaren garapen ekonomikoan. Hori horrela, 1974ko ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Egun izendatu zen.
Ordutik, urtero, ekainaren 5a aprobetxatzen da soluzioa behar duen arazo larri baten aurrean gaudela gogorarazteko, kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, mundu osoan. Aldarrikatzen da, baita ere, arazo horrek eragina duela egun ezagutzen dugun planetaren beraren biziraupenean.
Gainera, ingurumenaren arazoa justizia arazoa ere bada, desberdin eragiten baitie herrialde batzuei eta besteei, eta herrialde horien barruan ere, desberdin eragiten dietelako pertsona batzuei edo besteei; horrela, herrialde txiroenak eta, horien barruan, sektore ahulenak dira ingurumenaren eta klimaren narriadura lehenengo eta gehien sufritzen dutenak. Ildo horretan, Europako Parlamentuak 2018ko urtarrilaren 16an eman zuen ebazpenak, emakumeei, genero berdintasunari eta justizia klimatikoari buruzkoak, esaten du klima aldaketak mundu osoan duela eragina, baina bere ondorio suntsitzaileak handiagoak direla berotze globalaren gainean erantzukizun gutxien duten herrialde eta komunitate horietan. Esaten du, bestalde, emakumeak bereziki zaurgarriak direla klima aldaketaren aurrean, haren ondorioak era ez-proportzionalean jasaten baitituzte, gizartean dituzten rolengatik: beren familientzako ura, elikagaiak eta erregaiak lortzea eta beste pertsonak zaintzea, politika klimatikoen garapenean ia parte hartu ere egin gabe.
Baina justizia eta ingurumena lotzen dituen ideia horrek ez die eragiten soilik egungo belaunaldiei, bizitzaren sostengu den oinarri materialak irauten ez badu, gure gizarteak ez lukeelako beteko belaunaldi arteko justizia bermatzeko obligazioa. Bidezkoa litzake belaunaldi batek mundua hurrengo belaunaldiari utzi behar dionean, gutxienez aurreko belaunalditik jasotako baldintza berdinetan utzi ahal izatea; izan ere, ingurune egokirik gabe, bizitzaren garapenarekin lotutako beste hainbat kontu ere ezingo lirateke osotasunean garatu.
Jakin badakigu lan kolektibo handia egin behar dugula, guztiongan baitu eragina, eta bereziki gobernuengan, maila instituzional guztietan, eta jakin badakigu 2015eko azaroan Parisen egin zen Klima Aldaketari buruzko Alderdien XXI. Konferentzian hartutako azken erabakiak ahuldu egin direla, eta horregatik bat egiten dugu Ingurumenaren Mundu Egunarekin, eta berretsi egiten dugu arlo guztietan egiten ari diren jarduketa guztiak sustatzeko konpromisoa, ingurumenari dagokionez eredu izango den Gipuzkoa bat eraikitzeko, eta ingurumena izan dadin gure Lurraldearen ezaugarri nagusietako bat.
Ingurumenaren Mundu Egunean, era guztietako pertsona, erakunde eta instituzioek, publiko zein pribatuek, zerbait egin behar dute planetaren alde.
Aurtengo Ingurumenaren Mundu Egunerako aukeratu den leloak planetako bazter guztietan eta bertan bizi garen guzti-guztiongan eragina duen gai bati egiten dio erreferentzia. India izango da aurtengo anfitrioia eta han egingo dira Ingurumenaren Mundu Eguneko ekitaldi ofizialak. Horrela, munduko herritar guztiei dei egiten zaie, eguneroko bizitzan aldaketak egin ditzaten, plastikoaren kutsadurak naturarengan, basabizitzarengan eta gure osasunarengan eragiten duen zama astuna arintzeko.
Aurtengo leloa da “#Plastikoaren kutsadurarik gabe”, eta plastikoen arazoa planteatzen du, gordintasun osoz.Mundu osoan, milioi bat botila plastikozko saltzen da minutuko; urtero, erabilera bakarreko 500.000 plastikozko zorro erabiltzen dira; eta itsasora isurtzen dira 13 milioi tona plastiko, hau da, egunean 1.780 kamioi erabat kargaturen baliokidea.
Ezin dugu horrela jarraitu, eta eremu guztietatik -norbanakoak, enpresak, elkarteak eta erakundeak- mundu mailako konpromisoa sustatu behar dugu, berriro erabili ezin diren plastikoei dagokienez.
Horregatik, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak berriro erabili ezin diren plastikoen aurkako mundu mugimenduarekin bat egitera deitzen ditu herritarrak, berrerabili ezin daitekeena ez erabiltzera, eta udal, ikastetxe, enpresa, elkarte eta era guztietako entitateak animatzen ditu kontzientziazio ekitaldiak antolatzera, espazio publiko zein pribatuak garbitzera, konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera, eta beren jarduketak Nazio Batuen Erakundeak bere webgunean partaidetzarako zabaldu duen espazioan inskribatzera.
Ingurumenaren Mundu Egunak, aurten, aukera ematen du konpromiso indibidual edo kolektibo bat hartzeko, plastikoek eragindako kutsaduraren aurkako borrokan laguntzeko, ekainaren 5ean, eta baita urteko gainerako egunetan ere.
Horregatik guztiagatik, eta ingurumenarekiko eta klimarekiko, munduko biztanle guztiekiko -bizi diren lekuan bizi direla-, eta mundua gutxienez guk jaso dugun baldintzetan jasotzea merezi duten etorkizuneko belaunaldiekiko elkartasuna eta justizia bermatzeko konpromisoari eutsiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak:
1.- Dei egiten die Gipuzkoako herritarrei, enpresei eta era guztietako erakundeei, pixkanaka berrerabili ezin daitezkeen plastikoen erabilera murriztuko duten ekoizpen sistemak eta ohiturak zabal ditzaten. Zentzu horretan, asko dira gure planetaren jasangarritasunaren aldeko borroka egiteko eta Gipuzkoa ingurumenari dagokionez eredu izango den lurralde bilakatzeko konpromiso pertsonala hartzeko bideak: plastikozko plater, edalontzi eta mahai-tresnak berrerabiltzea, beirazkoak ez diren botilak baztertzea, mendian edo hondartzan ikusten dugun edozein plastiko biltzea, supermerkatura geure poltsa eramatea edo plastikozko bilgarririk ez duten produktuak aukeratzea,...
2.- Gonbita luzatzen die Lurraldeko herritar, ikastetxe, elkarte eta gainerako entitateei, ekitaldiak egin ditzaten, mezuak zabal ditzaten eta jardunbide egokiak abian jar ditzaten, plastikoen gehiegizko erabilerari aurre egiteko, eta, ahal badute, ekintza horiek guztiak Nazio Batuen Erakundearen webgunean inskriba ditzaten, munduko edozein lekutan ingurumenaren jasangarritasunarekin konprometituta dauden horientzat eredu eta akuilu izan daitezen.»
1918