Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Eibarren egingo da Gipuzkoako Kultura Digitalaren astea izeneko ekimena

Eibarren egingo da Gipuzkoako Kultura Digitalaren astea izeneko ekimena

Ekimenak gazte eta hezitzaileak mundu digitalerako prestatzea du helburu

Itxaso: “Ekimen honen helburua da sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea, bretxa sozialarekin amaitzea, teknologiarako sarbiderako generoko eta lurraldekoa eta ziberbullying-ari aurre egiteko tresnez dohatzea”.

Denis Itxaso Kutura eta Gazteriaren Diputatuak eta Miguel De los Toyos, Eibarko alkateak Eibarren martxoak 22ra arte egingo den Kultura Digitalaren astea aurkeztu dute eta Unzaga plazan jarri den aubousa bisitatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak, Eibar, Tolosa, Ordizia, Errenteria eta Arrasateko udalekin eta Kode Eskolarekin elkarlanean, lurraldeko haur, nerabe, gazte, profesional eta familiengana iristeko asmoz  “KULTURA DIGITAL@: erabilera ona eta sorkuntza” goiburuarekin, ekintza eta jardueren eskaintza zabala antolatu ditu datozen egunetarako.

Aste hauen helburua da haurren eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen kulturala eta soziala ahalbidetzea. Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzua alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko bidean lanean ari da, eta baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere. Hain zuzen ere, helburua da nerabe eta gazteen prestakuntza eta garapen pertsonaleko prozesuan sartzea sarearen eta teknologia berrien erabilera, modu aberasgarrian eta berdintasunezkoan, mundu digitalean ongi moldatzeko behar dituzten tresnak eskainiz.

Itxasok adierazi duenez, Aldunditik lan egiten da gazteak hezteko eta sareak eta Internetek dituzten arriskuetaz kontziente izateko. “Teknologia berriak gure bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari dira, eta egoera honen aurrean, umeek, nerabeek eta gazteek ez dute esperientziarik edota kanpoko erreferentziarik planteatzen zaizkien egoera eta erronkei aurre egiteko”, esan du.

Horregatik, Aldundiak Kultura Digitaleko programa jarri zuen abian 2017an, gazteei eta haien guraso nahiz hezitzaileei mundu digitalean ongi moldatzeko irizpideak eta laguntza emateko. Ekimen honen helburua da “sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea, bretxa sozialarekin amaitzea, teknologiarako sarbiderako generoko eta lurraldekoa eta ziberbullying-ari aurre egiteko tresnez dohatzea”. Hau dela eta, udaran ikastaroak antolatu ziren irizarrek utzitako autobusean 20 herritan. Autobusa ere Gabonetako Parkean (FICOBA) egon zen eta bertatik 18 ikastetxe pasa ziren.

Bestalde, Eibarko alkate Miguel de los Toyosek nabarmendu duenez, “komunikatzeko eta harremanak izateko molde sozialak nabarmen aldatu dira, eta, testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da teknologia berriek ekar ditzaketen arriskuen aurrean ahulenak diren erabiltzaileak prestatzea eta informatzea. Baliabide berriak behar bezala erabiltzen erakusten bazaie, haien eguneroko komunikaziorako tresna baliagarri eta eraginkor izan daitezke."

Kultura digitalaren astean hainbat jarduera antolatu da. Alde batetik, ikasgela ibiltarian  programazio-tailerrak eskainiko dira; eta bestetik, haurrei, gazteei, gurasoei eta arloko profesionalei zuzendutako hainbat hitzaldi (Besteak beste, ziberjazarpena eta erotika 2.0 bezalakoei buruzko hitzaldiak egingo dira), tailer eta ikuskizun egingo dira. Gainera, ikastetxeei ere parte hartzeko aukera berezia eman zaie.

 

Kulturadigitala.eus webgune berria

Kultura digitalaren Asteak kulturadigitala.eus webgune berria izango du. Bertan, asteetako programazioaz gain, haur, nerabe, gazte, familia eta arloko profesionalentzako baliabideak eskainiko dira, besteak beste, haurrentzako liburu digitalak jaisteko aukera ere egongo da.

  

1676