Eibarren gertatutako eraso matxista “indar guztiz” gaitzetsi du Gipuzkoa Foru Aldundiak
Eibarren gertatutako eraso matxista “indar guztiz” gaitzetsi du Gipuzkoa Foru Aldundiak
Eider Mendoza foru bozeramaileak “elkartasun osoa eta babesa” erakutsi dizkio biktimari eta pertsonen duintasuna eta osotasun fisikoa “eskubide urraezinak” direla gogorarazi du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo Eibarren izandako bortizkeria matxista kasua “indar guztiz” salatu du eta, aldi berean, “elkartasun osoa eta babesa” eskaini dizkio biolentzia kasu hau pairatu duen emakumeari, zeinak jasan zituen bere osotasun fisikoa arriskuan jarri duten zauri larriak, nahiz haren gertuko senitarteko eta lagunei. Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur goizean adierazi duenez, halako “eraso eta jokabideek ez dute lekurik” gure gizartean eta, beraz, herritarrei dei egin die “emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko konpromisoa” erakustera.
Gipuzkoako Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Protokolo Instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egin du Eibarko Udalak adostu duen adierazpenarekin. Mendozak berretsi du “pertsonen duintasuna, askatasuna eta osotasun fisikoa eskubide urraezinak” direla eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak “erabat gaitzesgarriak eta onartezinak” direla, ez dutela kabidarik gure gizartean. “Egiturazko arazo baten aurrean gaude. Gizon eta emakumeen berdintasun eza dago halako erasoen oinarri-oinarrian, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Horregatik, gizarte gisa, gizon eta emakumeen berdintasunean aurrerapausoak ematen jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, beste behin ere”.
Mendozak, egungo pandemiaren testuinguruan, Gipuzkoako gizarte osoari “dei berezia” egin dio, bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari “inoiz baino gehiago eusteko”. “Erne jarraitzeko unea da, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten”, osatu du. Hori dela eta, Eider Mendozak berak eta Berdintasuneko foru zuzendariak, Miren Elgarrestak, gaur Eibarren egingo den salatze ekitaldian parte hartuko dute.
1651