Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Eider Mendozak “berrikuntzaren, lankidetzaren eta aktibazio sozialaren balioak” aldarrikatu ditu euskararen erabilera biziberritzeko oinarri gisa

Eider Mendozak “berrikuntzaren, lankidetzaren eta aktibazio sozialaren balioak” aldarrikatu ditu euskararen erabilera biziberritzeko oinarri gisa

Diputatu nagusia Kilometroak jaialdiko ordezkariekin batzartu da Foru Aldundian, eta ikastolen ibilbidea balio horien adibide dela adierazi du

Kilometroak

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaiaren antolatzaileei egin die harrera gaur foru jauregian, aurtengo helburuak ezagutzeko eta 2023. urteko edizioari babesa helarazteko. Ikastolen urteroko jaia urriaren 1ean izango da Errenterian, Erriola lelopean. Orereta ikastolak 60 urte betetzen ditu aurten, eta, herriko eragileen laguntzarekin, kultura, musika, jolasak eta dantza uztartuko dituen programazio mamitsu eta anitza antolatu du, betiere euskararen aldeko aldarrikapena ardatz hartuta.

Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, ikastolen ibilbideak “euskararen etorkizuna finkatzeko landu behar ditugun funtsezko balioak islatzen ditu: berrikuntza, aktibazio soziala eta lankidetza. Gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko ahalegin partekatu honetan, ezinbestekoa da gizarteak bere konpromisoari eustea eta konpromiso hori gauzatzea. Biziberritze prozesuari bultzada berri bat emateko unea da, azpimarra erabileran jarriz eta ikastolak jaio zirenetik haien DNAn dauden auzolanaren balioak indartuz”, adierazi du Mendozak. Gipuzkoako herritarrei Kilometroak festan antolatutako ekintzetan eta ekitaldietan parte hartzeko deia egin die, “egutegian denontzat den ospakizun honekin gozatuz”.

Aurtengo ibilbideak lau gune izango ditu, Galletera, Lino, Esmalteria eta Errioa, Oiartzun ibaia ardatz gisa hartuta sortutako jarduera ekonomikoei eta iraganeko lantokiei erreferentzia egiten dietenak. Gaurko bileran, Eider Mendoza diputatu nagusiaz eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako foru zuzendariaz gain, Nekane Artola eta Arantza Munduate izan dira, Kilometroen ordezkari gisa, baita Itziar Navarro eta Anartz Muxika ere, ikastola antolatzailearen presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren.

  

1940